Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du Medicus Mundiren 50. urteurrena ospatzeko
Unai Hualdek Nafarroako herritarren izaera solidarioa eta Medicus Mundik munduko toki guztietan osasunaren defentsari, eskubide unibertsal gisa, egin dion ekarpena nabarmendu ditu
Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du gaur Medicus Mundiren 50. urteurrena dela eta. Foru Erkidegoko elkarte-sarearen lana balioan jartzeko helburua izan du ekitaldiak, eta, are gehiago, “mundu osoko pertsona guztien eskura egon behar duen oinarrizko eskubide gisa, osasunarekin konprometitutako GKE baten ibilbide luzea” balioan jartzeko.
Hala adierazi du Legebiltzarreko lehendakari Unai Hualdek. “Ezinbestekoa da osasunaren babesaren inguruan azken urteotan gertatutako guztia baloratzea. Botere publikoen esku dago eskubide hori bermatzea, baina prestazioak eta zerbitzuak, gutxienekoen formatuan bada ere, ez lirateke munduaren zati handi batera iritsiko Medicus Mundi bezalako erakundeen inguruan bildutako pertsonen eskuzabaltasunagatik ez balitz”.
“Haien helburua, behin baino gehiagotan entzun diedan bezala, existitzeari uztea da, baina gaur egun ez errealitateak ez haien gizarte-kontzientziak ez dute horretarako aukerarik ematen. Oraindik milioika pertsona daude bizi-baldintza osasungarririk gabe, osasun-sistema defizitarioan edo, zuzenean, existitzen ez den sistema batean. Erakundeok ez gara leku guztietara iristen, eta hortik dator gizarte zibiletik abiatzen den lankidetzaren garrantzia”.
Esparru horretan, Lehendakariak Nafarroako herritarren izaera “solidarioa” azpimarratu du, “desberdintasunekiko sentikorrak” baitira eta mundu bidezkoagoa eraikitzeko elkarlanean aritzeko prest baitaude. “Kolektibo sozialen aldarrikapenak, neurri handi batean 2030 Agendaren inguruan sortutako Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) lotuta daudenak, oso presente daude Ganbera honen eguneroko jardueran, eta ohikoak dira bilerak, lan-bilkurak eta gaurkoak bezalako ekitaldiak”.
Etorkizunean, Unai Hualdek adierazi duenez, “erronka da Garapenerako Laguntza Ofiziala indartzea, lankidetza-tresna berriak garatzea eta osasunaren arloan Nafarroaren espezifikotasuna indartzea. Beste behin ere, eskerrak ematen dizkizuegu Bolivian, El Salvadorren, Guatemalan, El Kongon, Malin, Ruandan, Senegalen eta planetako beste hainbat lekutan milioika pertsonak pairatzen duten egoera hobetzeko egin duzuen ekarpenagatik, duela aste batzuk atalondo honetan inauguratu genuen erakusketan ikusi ahal izan genuen bezala. Eskerrik asko”.
Ondoren, Dori Iriartek, Medicus Mundi elkarteko lehendakariak, elkartearen Nafarroako aitzindariak gogoratu ditu, eta 38 herrialdetan martxan jarritako ehunka proiektuen berri eman du. “Proiektu horien bidez elkartasunaren eta herritarren konpromisoaren kultura sortzen lagundu dugu, betiere osasunaren eta pobrezia desagerraraztearen alde. Bizi-baldintzak hobetzen ahalegindu gara, bai eta osasunaren babesa lehentasunezkoa izango den gizarteak sortzen ere”.
Hala, “desberdintasunak eta osasun-arrakalak areagotu diren garai nahasiak bizi ditugula” ohartarazi ondoren, Iriartek “babesa, konpromisoa, dedikazioa eta ahalegina” eskatu ditu, baita erakundeen esparrutik ere.
Jarraian, Natalia Hercek eta Diego de Pazek 50 Años defendiendo la salud: Raíz y fruto del desarrollo, 1972-2022. argitalpenaren ondorioak aurkeztu dituzte.
Mahaiko kideak, Legebiltzarreko talde guztietako ordezkariak eta Osasuneko kontseilaria izan dira ekitaldian, eta amaieran erakundearen historiari buruzko bideo bat ikusteko aukera izan dute.
Nafarroako Medicus Mundi, gaur egun Aragoi eta Madrilgo ordezkaritzekin batera, pertsona guztien osasun eskubidea gauzatzearen alde lan egiten duen GKE bat da. 1972tik, jatorri-datatik, 1991 arte, Nafarroakoa Espainiako Medicus Mundiren ordezkaritza bat izan zen. 1991 eta 2015 artean modu autonomoan moldatu zen. Egungo hiruko formatuan, 1.321 bazkide ditu, 158 boluntario eta 17 kontratatu. Horri gehitu behar zaizkio Bolivian, El Salvadorren, Guatemalan, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Malin, Ruandan eta Senegalen dituen ordezkaritzetako eta proiektu-taldeetako langile guztiak.