Noiz argitaratua Astelehena, 2024.eko Azaroak 25

Nafarroako Parlamentuak ekitaldien egitarau bat antolatu du 2024ko Nafarroaren Eguna ospatze aldera

Programan sartuta daude, besteak beste, Parlamentuaren domina ematea Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluari, Danserie Ensembleren ospatze-kontzertu bat eta bi jardunaldi ireki

Nafarroako Parlamentuak ekitaldien egitarau bat antolatu du abenduaren 3an Nafarroaren Eguna ospatze aldera. Horretarako, azaroaren 27an Legebiltzarraren egoitzako fatxadan Nafarroako armarridun ikur-oihala jarriko da eta abenduaren 3an, igandearekin, iluntzean Legebiltzarraren egoitza gorri kolorez argiztatuko da.

 

Parlamentuaren Domina

Nafarroaren Egunaren inguruan antolatutako ekitaldien  programa azaroaren 27an hasiko da (11:00etan, Osoko Bilkuren aretoan), Nafarroako Parlamentuaren Domina Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluari emateko ekitaldiarekin.

 

Ekitaldian irakurri eginen da Mahaiak eta Eledunen Batzarrak azaroaren 21ean onetsitako adierazpen instituzionala eta bertan parte hartuko dute Legebiltzarreko lehendakari Unai Hualdek, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluko lehendakariorde Natalia Hercek eta Valentziako Erkidegoko Nafarroako Etxeko lehendakari Almudena Lópezek, zeinek domina jasotzeko ardura izanen duten.

 

Jarraian (13:00etan, Erakunde Aretoan), 2024an zehar Nafarroako Parlamentuan erretiroa hartu duten funtzionarioei omenaldia eginen zaie.

 

Abenduaren 2an (atalondoan, 19:30ean), kontzertu bat izanen da, Danserie Ensemble taldeak emana. Iruñeko taldeak Linguae Vasconum Primitiae 1545 emanaldian 19 poema eskainiko ditu, Bernat Etxeparek euskarazko lehen liburuan idatzitakoak, garai hartako musikarekin emanak.

 

Kontzertura joan nahi dutenek gonbidapena eskatu beharko dute, 948 209 209 telefonoaren bidez, 8:00etatik 17:30era astelehenetik ostegunera bitarte eta 8:00etatik 15:00etara ostiralean.

 

Jardunaldi irekiak

 

Abenduaren 4an eta 5ean, Nafarroako Parlamentuak ateak irekiko dizkie herritarrei, bere ohiko jardunaldi irekietan.

 

Bisitak eginen dira abenduaren 4an, asteazkenarekin, 16:30ean, 17:30ean eta 18:30ean eta abenduaren 5ean, ostegunarekin, 16:30ean -euskaraz- 17:30ean eta 18:30ean. Bisita, doakoa, egin nahi dutenek 948 209 209 telefonoaren bidez eskatu beharko dute, 8:00etatik 17:30era astelehenetik ostegunera bitarte eta 8:00etatik 15:00etara ostiralean.

 

Bisitan etortzen direnek Parlamentuaren egoitza aretoetatik ibilaldia eginen dute: Osoko Bilkuren aretoa, batzorde aretoak, Mahaia eta Eledunen Batzarra biltzen diren gela, atalondoa eta erakunde-aretoa.

 

Ibilbidean zehar, bisitariek modua izanen dute ikusteko zer lekutan egiten den parlamentu-lana, non onesten diren legeak eta non gauzatzen den Nafarroako Gobernuko kideak kontrolatzeko eginkizuna. Azken batean, azalpenak eta informazioa jasotzen dituzte Nafarroako botere legegilearen eginkizunei, antolaketari eta funtzionamenduari buruz. Bestalde, Nafarroako Parlamentuak duen bilduma artistikoaren zati bat ere ikusten ahalko dute, bisitatuko dituzten geletan artelanak ere badaude eta.