Noiz argitaratua Asteazkena, 2026.eko Maiatzak 13

Nafarroako Parlamentuak erabat arbuiatzen ditu Israelgo estatuak Palestinako populazio zibilaren aurka egindako erasoak eta genozidio-ekintzak

Ganberak Foru Exekutiboari eskatu dio bere eskumenen esparruan beharrezko neurriak har ditzan su-etena ahalbidetzeko eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzeko

Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin eta PPNren aurkako botoarekin. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak “Israelgo Estatuak Palestinako biztanleria zibilaren aurka egindako eraso eta genozidio-ekintzak erabat gaitzesten ditu, Genozidio Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioa, Genevako Konbentzioa eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa urratzen baititu. Era berean, errefusatu eta gaitzetsi egiten ditu Palestinako biztanleen oinarrizko eskubideen ukazioa, populazioaren lekualdaketa behartua, etxebizitzen eta azpiegituren suntsiketa sistematikoa eta energiaren, uraren, elikagaien eta medikamentuen horniduraren blokeoa, bereziki Gazako zerrendako biztanleei dagokienez”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean adierazten duenez, Legebiltzarrak “gogora dakar Israelek Palestinako lurrak okupatzea eta kolonizatzea nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa dela, Hagako Nazioarteko Auzitegiak apartheid-erregimen gisa definitutako jardunbide segregazionisten eta zigor kolektiboko praktiken multzo bat ezartzen duela, oztopo direnak bake justu eta iraunkorra lortzeko. Orobat gaitzesten du Zisjordanian eta Jerusalem Ekialdean kolono israeldarrek biztanleria zibil palestinarraren aurka baliatutako indarkeria, eta Israelgo agintariei erreklamatzen die bete ditzaten Nazio Batuen ebazpenak, gatazkaren behin betiko konponbide politikoa lortzeko bidean”.

 

Aldi berean, Israelgo Estatuko Gobernuari exijitzen dio “berehalako su-eten iraunkor eta erreala, baita arrazoi politikoengatik espetxeratutako 10.400 palestinarrak askatzea ere”.

 

Ildo horretan, “Gazako zerrendan laguntza humanitarioa etengabe blokeatzeari behin betikoz eta modu iraunkorrean amaiera eman diezaion eskatzen dio Israelgo Estatuko Gobernuari, eta elikagaiak, ura, medikamentuak eta bizitzarako beharrezkoak diren beste baliabide batzuk banatzea ahalbidetu dezan eskatzen dio, hori guztia prestigio sendoko nazioarteko agentzia humanitarioek gainbegiratutako mekanismoen bidez”.

 

Bosgarren atalean, Nafarroako Parlamentuak “arrazakeria mota guztiak arbuiatzen ditu: judeofobia, islamofobia eta sionismoa”.

 

Bestalde, Israelgo Estatuko Gobernuari exijitzen dio “bermeak ezar ditzan, Gazako zerrendan lekualdatutako biztanleria zibila bere etxebizitzetara edo horietatik geratzen denera itzul dadin, bai eta palestinar errefuxiatu guztiak ere, Nazio Batuek onetsitako 194. ebazpenaren bidez nazioarteko zuzenbideak aitortutako itzulera-eskubideak jasotzen duen bezala”.

 

Legebiltzarrak, era berean, “Nazioarteko zuzenbidea eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzeko exijitzen dio Israelgo Estatuko Gobernuari, eta Nazio Batuen sistemaren barruan nahiz hortik kanpo mekanismo eraginkorrak abian jartzea erreklamatzen du, Nazioarteko Zigor Auzitegiari eta Nazioarteko Auzitegiari buruzkoak barne, egindako gerra-krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak jazartzeko eta horiei amaiera emateko”.

 

Nafarroako Parlamentuak, gainera, Nafarroako Gobernua premiatzen du “Israelgo egungo gobernuarekiko harreman instituzionalak eten ditzan, harik eta Nazio Batuen ebazpenen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren errespetua berrezarri arte”.

 

Aldi berean, Foru Exekutiboari eskatzen dio “Europako Parlamentuan abiarazitako ekimena babes dezan, Israelgo Estatuaren eta Europar Batasunaren arteko elkartze-akordioa bertan behera uzteko eta Israelgo Estatuarekiko armen salmentaren eta iragatearen gaineko nazioarteko enbargoa manten dezan, bere eskumenen baitan enbargo horren eraginkortasuna bermatzeko konpromisoa hartuta”.

 

Nafarroako Gobernua premiatzen da, bestalde, “UNRWArekin lanean jarrai dezan, prestigio handiko tresna den aldetik laguntza humanitarioa helarazteko eta Gazako zerrenda berreraikitzen laguntzeko zuzeneko lankidetza ezartzeko”.

 

Halaber, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “bere eskumenen esparruan, Israelgo Estatua su-eten bat berehala betetzera behartzeko behar diren jarduketak ezar ditzan, nazioarteko zuzenbidea eta Nazio Batuen ebazpenak betetze ditzan”.

 

Horrez gain, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Espainiako Estatuko Gobernuari zenbait neurri hartzea eska diezaion, esaterako “Israeli enbargo militarra ezar dakion susta dezan eta haren ordezkariei banakako zehapenak aplika diezazkien, Nazioarteko Zigor Auzitegiak exijitzen duenaren arabera; justizia unibertsalaren mekanismoak berrezar ditzan; eta Hegoafrikak Hagako Nazioarteko Auzitegian genozidioa dela-eta abiarazitako kausaren parte gisa pertsonatu dadin”.

 

Neurri horien artean, zehazten da baita ere “Mozal-legea indargabetu dezan eta bertan behera utzi ditzan Palestinako genozidioaren aurka modu baketsuan protesta egin duten pertsonen aurka irekitako administrazio-prozesuak”.

 

Azkeneko eskaerak zehazten du “lege-esparruaren barruan neurriak hartzea gerra-krimenekin edo gizateriaren aurkako krimenekin lotura zuzena duten gizabanakoak Espainiako Estatuaren lurraldean sartzen ez dela bermatzeko, eta konpromisoa hartzea Nazioarteko Justizia Auzitegiak gerra-krimenengatik eta genozidioagatik inputatutako pertsonak Espainiako lurraldean sartzen badira atxilotzeko nazioarteko aginduei erantzuteko”.

 

Zioen azalpenean, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdiek sustatu duten ebazpenak adierazten du” inoiz ikusi gabeko suntsipen, basakeria eta gizagabetasun mailako genozidioa” eragiten ari dela Israel, "nazioarteko zuzenbidearen urraketa sistematikoa" eginez.

 

Horri dagokionez, eta gosea gerra-arma gisa erabiltzen dela, Gazako Zerrendan laguntza humanitarioa sartzeko blokeoak jarraitzen duela eta lurralde palestinarrak legez kanpo okupatzen direla salatu ondoren, ohartarazten da baldintza horietan ezinezkoa dela bakea eraikitzea Palestinako Estatuaren aitortzatik abiatuta.

 

Gauzak horrela, proposamena egin dutenek ondorioztatzen dute “gatazka ez dela berdinen arteko gerra bat”, baizik eta “potentzia okupatzaile baten eraso sistematiko eta planifikatua, herri indigena baten gainekoa, nazioarteko zuzenbidea etengabe urratzen duena eta herri horren aniztasunarekin amaiaraztea bilatzen duena”.

 

Carlos Mena (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Pedro González Ana Elizalde, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Félix Zapatero (UPN), Úrsula Pardo, Olga Chueca (PSN), Mikel Zabaleta, Oihan Mendo (EH Bildu), Itxaso Soto, Pablo Azcona (Geroa Bai), Miguel Garrido Contigo-Zurekin), Javier García (PPN) eta Emilio Jiménez (Talde Mistoa).