Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Urtarrilak 7

Nafarroako Parlamentuak erabat errefusatzen du emakume batek Orkoienen jasandako sexu erasoa, biktimari elkartasuna adierazten dio eta bat egiten du mugimendu feministak antolatzen dituen protesta ekitaldiekin

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2020ko urtarrilaren 7an

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak erabat errefusatzen baitu emakume batek Orkoienen jasandako sexu erasoa, biktimari elkartasuna adierazten baitio eta bat egiten baitu mugimendu feministak antolatzen dituen protesta ekitaldiekin. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak erabat errefusatzen du pasa den azaroan zenbait gizonek emakume bati Orkoienen eta Iruñean eginiko sexu erasoa.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna eta aldekotasuna agertzen dizkie aipatu sexu erasoaren biktima izandako emakumeari eta haren familiari.

 

3. Nafarroako Parlamentuaren ustez, sexu batek bestea menderatzearen adierazgarririk gorena da sexu-indarkeria, bai eta emakumeen integritatearen eta askatasunaren aurkako atentatu handi bat ere.

 

4. Nafarroako Parlamentuak irmoki errefusatzen du emakumeen aurkako indarkeria oro, indarkeria matxista modu ororekiko tolerantziarik batere ez duela izanen adierazten du eta indarkeria mota hori desagerrarazteko, segurtasuna hobetu eta emakumeek edozein ingurunetan askatasuna erabat baliatzeko lan egiteko konpromisoa agertzen du.

 

5. Nafarroako Parlamentuak herritarrei gonbit egiten die ez daitezen ezer egin gabe gelditu emakumeen aurkako indarkeriaren eta erasoen aitzinean, eta emakumeek beren harremanei, gorputzari eta sexualitateari buruz erabakitzeko eskubidea dutela erreklamatzen du.

 

6. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Iruñean egiten diren deialdiekin eta komunikatuekin eta Orkoienen urtarrilaren 6rako eginiko deialdiarekin, eta herritarrei dei egiten die mugimendu feministak deitzen dituen protesta-ekitaldietan parte har dezaten.

 

7. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Foruzaingoa zoriontzen du hain azkar eta modu eraginkorrean jarduteagatik; izan ere, sexu erasoaren ustezko egileak epailearen esku uztea lortu du”.