Nafarroako Parlamentuak erabat gaitzetsi eta arbuiatzen du Azagran izandako indarkeria matxistako ekintza
Legebiltzarrak bat egiten du Soldata-berdintasunaren Egunaren ospakizunarekin eta emakumeek beren beregaintasun ekonomikoaren esparruan dituzten baldintzen hobekuntzan sakontzea defendatzen du
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak erabat gaitzetsi eta arbuiatzen du Azagran izandako indarkeria matxistako ekintza. Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Erabateko gaitzespena eta arbuioa agertzen du indarkeria matxistako ekintza honekiko, eta erasoturiko emakumeari eta haren inguruari elkartasunik zintzoena eta haren egoeragatiko kezka helarazten die, bai eta ahalik eta lasterren sendatzeko nahia ere.
2. Konpromisoa hartzen du indarkeria sexista eta edonolako sexu-indarkeria desagerrarazteko asmoz lan egiteko. Alde horretatik, prebentzioaren, sentsibilizazioaren eta balio- eta berdintasun-hezkuntzaren aldeko bere apustua berresten du, bai eta Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko Foru Legea egiazki garatzearen aldeko apustua ere.
3. Bere konpromisoa adierazten du, lanean aktiboki jarraitzekoa emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria eta ahuldade egoerak sortzen dituzten desberdinkeria guztien aurka.
4. Herritar guztiak animatzen ditu errespetuan, berdintasunean eta bizikidetzan oinarritzen diren harremanak sustatzera eta edozein eraso sexista edo emakumeenganako indarkeria dakarren edozein jokabide errefusatu eta salatzera”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Soldata-berdintasunaren Egunaren ospakizunarekin. PSNk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Bat egiten du, aurten ere, heldu den otsailaren 22an eginen den Soldata-berdintasunaren Egunaren ospakizunarekin.
2. Adierazten du beharrezkoa dela sakontzea emakumeek beren beregaintasun ekonomikoaren esparruan dituzten baldintzen hobekuntzan eta, horrenbestez, bizitza duin bat izateko baldintza materialen bermean.
3. Adierazten du beharrezkoa dela estatuko arau baten prestaketan aurrera egitea. Arau horrek lan arloko desberdinkeria, zeina soldata-arrakalan gauzatzen baita, murrizteko jarduketa zehatzak jasoko ditu.
4. Adierazten du beharrezkoa dela lanean jarraitzea genero ikuspegiarekin ekiteko, aurreikusita dagoen moduan, COVID-19ari erantzuteko plan eta errekuperazio-pakete guztiei, edota laster onetsiko den enplegu planari.
5. Bat egiten du Europako Parlamentuak duela gutxi “Batasunak genero berdintasunerako duen estrategia”ri buruz onetsitako Erabakiarekin. Emakumeak gehiengo diren sektoreetan, hala nola zaintzan, osasungintzan eta txikizkako salmentan, ordainsariak eta lan baldintzak berdintzearen alde egiten du bertan, bai eta soldatetan eta pentsioetan genero-arrakala eta lan merkatuko segregazioa desagerraraztearen alde ere; izan ere, egiazko berdintasunak ezinbestekoa du beregaintasun ekonomikoa eta emakumeek arlo profesionalean etorkizuna izateko aukera. Horrenbestez, enpleguaren arloko berdintasuna helburua da bere horretan, baina, era berean, tresna erabakigarria ere bada: emakumeen eskubide eta askatasunen gozatze osoa berdintasunaren eta beregaintasun ekonomikoaren bidez soilik eraiki daiteke”.
Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna eta babesa adierazten baitie MTorres enpresaren enplegu-erregulazioko espedienteak ukitutako plantillako langileei. Navarra Sumak aurkeztu du.
Adierazpenaren alde bozkatu dute Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik, eta aurka, berriz, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak.
Onetsi ez den adierazpen instituzionalaren proposamenak honako hau zioen:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Bere elkartasuna eta babesa adierazten die MTorres enpresaren enplegu-erregulazioko espedienteak ukitutako plantillako 88 langileei, haien familiei eta espediente horrek zeharka ukitu ahal dituen guztiei.
2. Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari eskatzen die jardun dezaten lantegi horretan enplegu galerarik izan ez dadin".
Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna eta babesa adierazten baitie MTorres enpresaren enplegu-erregulazioko espedienteak ukitutako plantillako langileei. EH Bilduk eta I-Ek aurkeztu dute.
Navarra Sumak eta PSNk aurka bozkatu dute, eta Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak, berriz, alde.
Onetsi ez den adierazpen instituzionalaren proposamenak honako hau zioen:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Bere babesa eta elkartasuna adierazten dizkie Dorre-Elortzibarko MTorresen lantegian iragarritako enplegu-erregulazioko espedienteak ukitutako 88 langileei.
2. Adierazten du ez dagoela ados bere ama-enpresa Foru Komunitatean daukan eta I+G+b arloko balio erantsia ezaugarri duen enpresa batean 88 langile kaleratzearekin.
3. Nafarroako Gobernuari dei egiten dio, Industriako Ministerioarekin, enpresarekin eta sindikatuekin batera jardun dezan, enplegua mantentzeko eta Nafarroa garapen teknologikoaren eta ikerketaren arloan erreferentziazko erkidego gisa finkatzeko helburuarekin”.
- Eledunen Batzarrak ez du onartu adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak irmoki gaitzesten baititu pasa den larunbat gauean Iruñean izandako istilu guztiz larriak. Navarra Sumak aurkeztu du.
Adierazpenaren alde bozkatu dute Navarra Sumak eta PSNk, eta aurka, berriz, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak.
Onetsi ez den adierazpen instituzionalaren proposamenak honako hau zioen:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Nafarroako Parlamentuak irmoki gaitzesten ditu pasa den larunbat gauean Iruñean izandako istilu guztiz larriak, bai eta horiek antolatu, gauzatu eta bultzatu dituztenak ere.
2. Arbuiatzen du alderdi politikoetako ordezkariek kale indarkeriako ekintzak bultzatu edo babestea.
3. Zorion eta esker ona adierazten die bai Polizia Nazionalari bai Foruzaingoari eta Udaltzaingoari, haien lan onaren bidez galarazi baitzuten eraso horiek ondorio okerragoak izatea, eta Iruñeko kaleetan ordena berrezartzen lagundu baitzuten.
4. Aldezten eta errespetatzen du lege demokratikoen aplikazioa eta epaile eta auzitegien jarduketa independentea, zuzenbidezko estatu demokratikoaren oinarri gisa”.