Nafarroako Parlamentuak erabateko arbuioa adierazten du Iruñeko zinegotzi Tomás Caballeroren hiltzailea goraipatzeko eta babesteko ekintzak direla-eta
Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2020ko maiatzaren 18an
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak erabateko arbuioa adierazten baitu Iruñeko zinegotzi Tomás Caballeroren hiltzailea goraipatzeko eta babesteko ekintzak direla-eta. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.
Adierazpena Navarra Suma, PSN eta Geroa bai talde parlamentarioen aldeko botoarekin onetsi da. Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek 3. puntuaren alde eta 1., 2. eta 4. puntuen aurka bozkatu dute. EH Bilduk testu osoaren aurka bozkatu du.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak erabateko arbuioa adierazten du ezker abertzaleak pasa den asteburuan Iruñean antolatutako ekintzak direla-eta, Iruñeko zinegotzi Tomás Caballeroren hiltzailea goraipatzeko eta babestekoak baitziren.
2. Nafarroako Parlamentuak salatzen du zenbait alderdi politiko eta sindikaturen isiltasun konplizea, uko egiten baitiote ETA banda terroristako kriminalak omentzeko gorroto- eta faxismo-adierazpen publikoak errefusatzeari.
3. Nafarroako Parlamentuak exigitzen die alderdi politiko eta gizarte-erakundeei ETAren terrorezko historiak berekin dakarren guztia kondenatu eta gaitzetsi dezaten.
4. Nafarroako Parlamentuak elkartasuna eta txera adierazten dio Tomás Caballeroren familiari; izan ere, berriro egiaztatu behar izan baitu ezker abertzalea, biktima ahaztuta, hiltzaileen ondoan kokatzen dela”.