Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Otsailak 4

Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du prostituzio-sistema abolitu dezan

Erkidegoan arreta integraleko diziplina anitzeko zerbitzuak indartzearen alde egiten da, prebentzioaz eta kontzientziatzeaz gain, esplotatuak izan diren emakumeei laguntzeko

Parlamentuaren Osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “indartu ditzan, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko 14/2015 Foru Legearen eta foru-plan berriaren esparruan, prostituzio-sistematik bizirik ateratzen direnei arreta integrala emateko diziplina anitzeko zerbitzuak”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “kanpainak egin ditzan emakumeen erosketaren, prostituzioaren kontsumoaren eta emakumeen irudi iraingarriaren aurkako kontzientzia soziala sortzeko”.

 

Gainera, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua premiatzen ditu, bai eta toki entitateak ere, “indartu egin ditzaten gizakien sexu-esplotaziorako salerosketa-delituak detektatzeko eta kontrolatzeko baliabideak eta ekintzak; izan ere, adierazle nahiz azterlan guztiek erakusten dute pandemiak areagotu egin duela gizakien salerosketa, bereziki emakume eta neskatoena, zeinak, konfinatuta egotean, indarkeria handiagoaren arriskupean egon baitira”. EH Bilduk atal honen aurkako botoa eman du, gainerakoek aldekoa.

 

Era berean, Espainiako Gobernua premiatzen da “onets dezan gizakien sexu-esplotaziorako salerosketaren eta prostituzioaren aurkako lege integral bat”.

 

Testua Podemos-Ahal Dugu, I-E eta PSNren (ekimenaren titularra) gehitzeko zuzenketa batekin osatu da, zeinaren bidez Foru Exekutiboa premiatzen baita "azterlan bat egin dezan Nafarroan prostituzioaren fenomenoak duen dimentsioari buruz, betiere prostituzioaren eskaerari eta proxenetismoaren benetako dimentsioari buruzko datuak emanen dituena, eta ez soilik prostituzioan ari diren emakumeei buruzkoak". Aho batez onetsi da.

 

Jatorrizko ekimenaren hirugarren puntuak ere ez du aurrera egin, zeinetan Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren bidez bultza dezan izaera abolizionistako udal-ordenantzen onespena, kasuko udalerrietan sexu-erosketa salatu eta zigortu dadin”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak justizia soziala eta berdintasuna aldarrikatzen du “pobreziaren feminizazioaren aurpegi ankerrenetako batekin” amaitzeko. “Sexuaren industria deitutakoa, prostituzioa, sexu-esplotaziorako emakumeen salerosketa eta pornografia barne hartzen dituena, munduko negozio ikaragarrienetako eta kriminalenetako bat da”.

 

Nafarroa prostituzio sistemaren aurkako borrokan komunitate aitzindarietako bat dela azpimarratu ostean, eskatzen da “estatu mailako lege abolizionista baten aldeko apustua egitea, modu integralean jorratuko duena irabaziak emakumeen aurkako indarkeriaren kontura bilatzen dituen negozio hori, fokua putazaleengan jarriko duena eta, gainera, zehatu eta zigortuko dituena emakumeak gizonen kontsumorako salgai bihurtzen dituen egoera bat hutsaltzen edo baliatzen dutenak”.

 

 

Horri dagokionez, eta "prostituzioa erregularizatu den lekuetan salerosketa areagotu dela" ohartarazi ondoren, zigor- eta zehapen-bidearen alde egiten da, eta gutxieneko baliabideak bermatzeko premiaz ere hitz egiten da, prebentzioaz eta sentsibilizazioaz gain, esplotatutako emakumeen askatasuna eta autonomia berreskuratzen saiatzeko, baita jatorrizko herrialdeekiko lankidetza estutzeari dagokionez ere”.

 

Hau guztia “esklabutza forma berri” honekin amaitzeko, izan ere, Nazio Batuen eta Europar Batasunaren datuen arabera, emakumeak eta neskatoak mundu osoan hautemandako sexu-esplotaziorako salerosketaren biktimen % 71 dira.