Noiz argitaratua Asteartea, 2023.eko Martxoak 21

Nafarroako Parlamentuak eta Gazteriaren Kontseiluak 2023rako urteroko lankidetza hitzarmena berritu dute

Unai Hualdek eta Alejandro Lopezek Gazte Parlamentuak politika publikoen eztabaidan eta diseinuan gazteen parte-hartzea bultzatzeko tresna gisa duen garrantzia azpimarratu dute

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak eta Alejandro López Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko lehendakariak gaur sinatu dute Gazte Parlamentua sortzeko eta abian jartzeko bi erakundeek 2017an egin zuten lankidetza hitzarmenaren berriztapena. https://parlamentojoven.com/eu/

 

Hitzarmenaren helburua eztabaidaren kultura, espiritu kritikoa eta errealitate sozialaren azterketa sustatzea da, eta hori guztia "Nafarroako Gazte Parlamentua" proiektuaren baitan gauzatzen da. Aurreko legegintzaldian bultzada eman zitzaion erakundeari, gazteek politika publikoak egiten parte har zezaten sustatzeko. Honakoa bere seigarren legealdia da.

 

2022rako hitzarmenak 28.000 euroko hornidura du eta honako afera hauek biltzen ditu oraingoan ere: komunikazio elebiduna indartzea, osoko bilkura bat gehiago egitea, edo eztabaida saioetan zeinu-interprete bat egotea, “parte-hartzaileren batek hala behar duenean”.

 

Hitzarmenak arreta berezia jartzen dio Gazte Parlamentuak hartzen dituen erabakiak izapidetzeko moduari. Hemendik aurrera erabaki horiek Lehendakaritza Batzordera edo gaiaren arabera dagokion batzordera bideratuko dira, eta han Nafarroako Gazte Kontseiluko ordezkariek eta 14-30 urte bitarteko biztanleak ordezkatzen dituen parlamentukoek lan-bilkura batean parte hartzeko aukera dute, beren proposamenak zuzenean talde parlamentarioei azaltzeko.

 

Alejandro Lópezek, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko lehendakariak, eskerrak eman dizkio Nafarroako Parlamentuari proiektu honekiko duen “konpromisoagatik”, baita “parte hartzen duten pertsona guztiei” ere, seigarren edizioraino iristea ahalbidetu baitute.

 

"Gazte Parlamentua gazteek eta gazteentzat egindako eztabaida-gune osasuntsu eta anitzaren adibide bat da. Gazteen elkartasun sozial eta intergenerazionalaren erakustaldia da. Hala ere,funtzionamendua berrikusi behar dugu, erakargarriagoa eta parte-hartzaileagoa izan dadin”.

 

VI. Gazte Parlamentuak 2020ko azaroan berritu zituen bere karguak, eta urriaren 15ean egin zuen eratzeko bilkura, presentzialki. Alberto Guijarro hautatu zuten lehendakari, eta Lorena Burriel eta Iván Hernández lehendakariorde lehena eta bigarrena, hurrenez hurren.

 

Apirilaren 18ko 110/1986 Foru Dekretuaren bidez sortu zen Nafarroako Gazte Kontseilua (CJN-NGK), Nafarroako gazteriaren ordezkaritza-organo nagusia, eta haren helburua da Nafarroako gazteria osatzen duten pertsona eta elkarteen parte-hartzea sustatzea Erkidegoko garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean.