Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Apirilak 8

Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Unibertsitateak 2021 urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute

Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgela eta komunikazio jarduerak mantentzen dira, horien artean jardunaldiak, hitzaldiak, bisitak eta ikasleen eta parlamentarien arteko topaketak

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eta Nafarroako Unibertsitateko errektore Alfonso Sánchez-Tabernerok gaur sinatu dute bi erakundeek 2021ean hainbat jarduera batera egiteko hitzarmena.

 

Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Unibertsitateak 2001eko maiatzaren 15ean sinatu zuten lankidetzarako akordioaren baitan sartzen da hitzarmena, bi erakundeen helburuak lortzen lagun dezaketen ekintzak abian jartzea ahalbidetzeko.

 

Itun horretan jasotako lankidetza-modalitateen artean daude, besteak beste, “izaera juridiko, sozial edo politikoko azterlan, proiektu edo programak egitea” eta “ikastaro, hitzaldi eta jardunaldiak antolatzea”.

 

2021eko Hitzarmenak jarraipena ematen die Komunikazio Fakultatearen berezko jarduerei, baita Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgelari dagozkion jarduerei ere, besteak beste, maila akademiko altuko jardunaldi bat, hitzaldiak, ikasleen bisitak eta unibertsitateko ikasleen eta Parlamentarien arteko topaketak.

 

Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgela parlamentua eta honen eginkizuna ikasleen artean zabaltzea ahalbidetzen duen programa da, eta honen barnean “maila akademiko altuko” jardunaldi bat antolatzea aurreikusten da, “"Legebiltzarrak gure demokrazia instituzionaletan duen zentraltasunari eta beharrari" buruzkoa. Horrez gain, osasun egoeraren arabera zoom bidez edo aurrez aurre eginen diren lauzpabost hitzaldi eskainiko dira, interes orokorreko gai juridiko-konstituzionalei eta parlamentuzkoei buruzkoak.

 

Era berean, ikasleek Nafarroako Parlamentura egin ohi dituzten bisitak mantendu eginen dira, nahiz eta era birtualean egiteko aukera ere planteatzen den, eta Unibertsitateko ikasleen eta parlamentarien arteko topaketei dagokienez, azken urteotako formatua mantentzearen aldeko apustua egin da (nahiz eta birtualki egitea ere proposatu den), hau da, ikasleen eta parlamentarien arteko zuzeneko topaketa, forudunen eta haien lanaren ikuspegi osoagoa ahalbidetzeko. Nolanahi ere, helburua da funtzio politikoarekin eta parlamentariaren zerbitzari publikoaren eginkizunarekin zerikusia duten gaien inguruan ideiak trukatzea.

 

Komunikazio fakultateari dagokionez, teknologiak gazteengan duen eraginari eta bereziki pandemia egoeran izan duen eraginari buruzko hitzaldi bat burutzea aurreikusten da. Eta The George Washington Universityrekin lankidetzan ezarritako Komunikazio Politiko eta Korporatiboko Masterraren barruan, bisita bat antolatu da Legebiltzarraren eta haren komunikazio-zerbitzuaren antolaketa eta funtzionamendua ezagutzeko.

 

Hitzarmena sinatu ondoren (gehienezko aurrekontua 16.210 eurokoa da), Unai Hualdek eta Alfonso Sánchez-Tabernerok beren “poza” adierazi dute; “edukiak eguneratuz probetxuzko harremanari jarraipena ematen” zaiolako, eta “urte askoan” iraungo duela espero baita.