Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Martxoak 18

Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Unibertsitateak 2022 urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute

Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgela eta komunikazio jarduerak mantentzen dira, horien artean jardunaldiak, hitzaldiak, bisitak eta ikasleen eta parlamentarien arteko topaketak

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eta Nafarroako Unibertsitateko errektore María Iraburuk gaur sinatu dute bi erakundeek 2022an hainbat jarduera batera egiteko hitzarmena.

 

Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Unibertsitateak 2001eko maiatzaren 15ean sinatu zuten lankidetzarako akordioaren baitan sartzen da hitzarmena, bi erakundeen helburuak lortzen lagun dezaketen ekintzak abian jartzea ahalbidetzeko.

 

Itun horretan jasotako lankidetza-modalitateen artean daude, besteak beste, “izaera juridiko, sozial edo politikoko azterlan, proiektu edo programak egitea” eta “ikastaro, hitzaldi eta jardunaldiak antolatzea”.

 

2022ko Hitzarmenak jarraipena ematen die Komunikazio Fakultatearen berezko jarduerei, baita Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgelari dagozkion jarduerei ere, besteak beste, “maila akademiko altuko” jardunaldi bat eginen da, hitzaldiak, ikasleen bisitak eta unibertsitateko ikasleen eta Parlamentarien arteko topaketak.

 

Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgela parlamentua eta honen eginkizuna ikasleen artean zabaltzea ahalbidetzen duen programa da, eta honen barnean “maila akademiko altuko” jardunaldi bat antolatzea aurreikusten da, “gaurkotasuneko gai politiko bati buruz, ziur aski nazioarteko egungo krisiarekin lotuta”. Horrez gain, osasun egoeraren arabera zoom bidez edo aurrez aurre eginen diren hiru hitzaldi eskainiko dira, interes orokorreko gai juridiko-konstituzionalei eta parlamentuzkoei buruzkoak.

 

Horri dagokionez, Aragoiko Gorteekin egindako akordio bat jasotzen da, Giménez Abad Fundazioarekin batera 2021eko azaroan egindako jardunaldiei buruzko liburu bat argitaratzeko, “erakunde parlamentarioari eragiten dioten gai nagusien” inguruan. Liburu hori Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztuko du, 2022ko bigarren seihilekoan.

 

Era berean, ikasleen prestakuntzara bideratutako lehentasunezko jarduera denez, gradu eta graduondoko ikasleentzako bisitaren bat antolatzen jarraitzeko ahalegina egingo da.

 

Unibertsitateko ikasleen eta parlamentarien arteko topaketei dagokienez, azken urteotako formatu malgua mantentzearen aldeko apustua egin da (nahiz eta birtualki egitea ere proposatu den), hau da, ikasleen eta parlamentarien arteko zuzeneko topaketa, forudunen eta haien lanaren ikuspegi osoagoa ahalbidetzeko. Nolanahi ere, helburua da funtzio politikoarekin eta parlamentariaren zerbitzari publikoaren eginkizunarekin zerikusia duten gaien inguruan ideiak trukatzea.

 

Komunikazio fakultateari dagokionez, teknologiak gazteengan duen eraginari eta bereziki pandemia egoeran izan duen eraginari buruzko hitzaldi bat burutzea aurreikusten da. Era berean, eta Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak Komunikazio Fakultateari Gazteak gazteentzat proiektua eman dionez,  topaketa bat antolatuko da gazteek parlamentariei pandemiari buruz duten ikuspegia eta horrek adin-talde horretan dituen ondorioak aurkezteko.

 

Eta The George Washington Universityrekin lankidetzan egiten den Komunikazio Politiko eta Korporatiboko Masterraren barruan, bisita bat eginen da Legebiltzarraren eta haren komunikazio-zerbitzuaren antolaketa eta funtzionamendua ezagutzeko.

 

Hitzarmena sinatu ondoren (gehienezko aurrekontua 17.710 eurokoa da), Unai Hualdek eta María Irbauruk beren “poza” adierazi dute; “edukiak eguneratuz probetxuzko harremanari jarraipena ematen” zaiolako, eta “urte askoan” iraungo duela espero baita.