Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Urtarrilak 20

Nafarroako Parlamentuak eta NUPek hitzarmena berritu dute, Memoria Historikoaren Dokumentu-funtsaren garapenarekin jarraitzeko

Asmoa da zenbait dibulgazio-jarduera antolatzea, Memoria Historikoaren Dokumentu-funtseko datuak eta oro har funts horren esanahia bere osotasunean ezagutarazteko

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore Ramón Gonzalok gaur sinatu dute bi erakunde horiek Memoria Historikoaren Dokumentu-funtsaren garapenarekin 2020an jarraitze aldera adostu duten hitzarmena.

 

2020rako hitzarmena, 71.000 euroko zuzkidura duena, besterik gabe jarraipen bat da, ematen zaiona 2011ko azaroaren 30ean bi erakunde horiek sinaturiko akordioari, zeinak xede baitzuen Memoria Historikoaren Dokumentu-funts deituriko lan-, azterketa- eta ikerketa-egitarau bat "ezartzea" (garai hartan).

 

Harrezkero elkarren ondoko zenbait luzapen egin dira, asmotzat izan dutenak, Unai Hualdek azaltzen duenez, "36ko kolpetik frankismoaren amaierara bitarteko errepresio-kategoria guztiei buruzko datuak biltzen dituen funts bat indartu eta hobetzea. Langintza aitzindaria da estatu-mailan, eta erreferentea nazioartean. Parlamentuarentzat pozgarria da langintza honetan laguntzeko modua izatea, eta ekarpenak eginen dizkiogu 2023ra arte, gutxienez ere".

 

2020ko Hitzarmenak arreta berezia eskainiko dio "ezagutarazpen" zereginari. Horretarako, Memoria Historikoaren Dokumentu-funtseko datuak eta horren esanahia bere osotasunean eta zientzialarien esparruaz harago ezagutaraztearren, zenbait dibulgazio-jarduera antolatzeko asmoa dago.

 

Ildo beretik, NUPeko errektore Ramón Gonzalok azpimarratu du lanaren garrantzia eta lankidetzaren irismena, bi "alderdi horiek garrantzi sozial erraldoia duen gai baten abangoardiara ekartzen baitute Nafarroa. Estatuko datu-baserik handiena daukagu, eta horrek agerian uzten du i-Comunitas-eko ikertaldearen fintasuna".

 

Gonzalok amaitu du oroitaraziz ezen "Espainian egiten den ikerketaren % 70 unibertsitateetan egiten" dela, "eta NUP ez da salbuespena. Informazio-bilketa, analisi zorrotza eta hura publikoaren eskueran ipintzea da, informatikako kontuak ahaztu gabe, lan honen parterik garrantzitsuena. Harro sentitzeko arrazoi nahikoak eta sobran dauzkagu".

 

Memoria Historikoaren Dokumentu-funtseko datu-baseak 29.095 errepresio-egintzaren berri ematen du (14 kategoria eta 62 azpikategoria), 22.555 pertsonak jasandakoak. Artxiboak, ahozko iturriak eta teknikari, akademiko edo senitartekoek eskainitako datuak dira bildutako informazioaren jatorria. https://memoria-oroimena.unavarra.es/

 

 

https://www.parlamentodenavarra.es/es/noticias/presentaci%C3%B3n-del-fondo-documental-de-la-memoria-hist%C3%B3rica-en-navarra-elaborado-por-la-upna