Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Urriak 23

Nafarroako Parlamentuak Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko migrazio zerbitzuak bisitatu ditu

Funtzionamendua, erabiltzaileen profila, eskariaren maila eta SARX, SAAE eta SIOB zerbitzuek artatzen dituzten askotariko kasuistikak hurbiletik ezagutzeko

Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Batzordeak, PSN, EH Bildu eta Geroa Bai talde parlamentarioek eskatuta, bisita egin die gaur Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak migrazioari lotuta dituen askotariko zerbitzuei.

 

Batzordeko kide hauek izan dira bisitan: Raquel Garbayo (UPN), Kevin Lucero (PSN), Javier Arza (EH Bildu), María Solana (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN) eta Miguel Garrido (Contigo-Zurekin).

 

Honako hauek egin diete harrera Parlamentuko ordezkariei: Migrazio Politiketako zuzendari nagusi Marisol de la Nava, Kulturarteko Bizikidetzako eta Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokako Ayllu Zerbitzuko atalburu Rocío Ibáñez, eta askotariko zerbitzuetako langile batzuk.

 

Hitzaurrean adierazi denez, bisita egin dute arrazakeriari eta xenofobiari aurre egiteko, migratzaileei oinarrizko orientazioa emateko eta atzerritartasuneko arreta eta aholkularitzako zerbitzuetan artatzen diren erabiltzaileen profila, askotariko kasuistikak eta funtzionamendua ezagutzeko.

 

Batzordeak Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka egiteko Arreta Zerbitzua (SARX) bisitatu du lehenik eta behin. 2024an, orain arte, arrazismoko eta xenofobiako arrazoiengatiko diskriminazioko 219 kasu artatu dituzte, eta 2.879 esku hartze behar izan dituzte erregistratzeko, harrera egiteko, ikertzeko eta esku hartzeko.

 

Johanna Flores SARXren koordinatzaile eta abokatuak azpimarratu duenez, kasu gehienetan pertsonek zuzenean jotzen dute Iruñeko eta Tuterako bulegoetara diskriminazioko egoerak eta arrazismoaren ondoriozko balizko gorroto delituak salatzeko (% 50). Gutxiago jartzen dira zerbitzuarekin harremanetan telematikoki nahiz telefonoz.

 

Halaber, artatzen dituzten pertsonen profilaren harira, Marokokoak (% 33,13) eta Algeriakoak (% 21,69) izan ohi dira, 26 eta 35 urte artekoak oro har (% 23,74), administrazio egoera irregularra izaten dute (% 41,10) eta gizonezkoak izan ohi dira (% 47,95); emakumezkoak, berriz, % 23,74 dira.

 

Hori horrela, Floresek baieztatu duenez, larritzeko modukoa da ikustea profil hori bat datorrela komunikabideek egunero egiten dituzten kroniketan iraunarazten dituzten estereotipoekin, hau da, egoera irregularra eta delituzko nahiz indarkeriazko ezaugarriak dituen gizon magrebtarraren irudiarekin.

 

Jarraian, parlamentariek Atzerritartasun arloko Arreta eta Aholkularitza Zerbitzua (SAAE) bisitatu dute, “gizarteratzeko baliabide funtsezkoa” baita migratzaileentzat, zeinei erantzun bizkorrak eta eraginkorrak ematen saiatzen baitira haien premia espezifikoei lotuta.

 

SAAE Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Zorroan dago sartuta, eta hazkunde eutsia izan du eskariari dagokionez; izan ere, adierazi denez, funtsezko hainbat faktorek bultzatu dute hori: zerbitzuaren ezagutza handiagoa, zerbitzua bera finkatu izana eta izapideak kudeatzeko eta baliabideak eskuratzeko premien hazkundea.

 

Maila autonomikoan, zerbitzua erreferentzia publiko nagusietako bat izatera iritsi da nola heldu berrientzat hala herritarrentzat orokorrean, bai eta atzerritartasunaren arloan orientabidea nahi duten entitate eta erakundeentzat ere.

 

Gaur egun Nafarroako Gurutze Gorriak kudeatzen du zerbitzua eta Iruñean, Tuteran, Lizarran, Lodosan, Tafallan, Altsasun, Irurtzunen eta Zangozan arreta ematen duen talde espezializatua du, herritarrek zerbitzua lurraldeko zenbait tokitan izan dezaten eskura. Azarotik aldez aurreko hitzordua du ezarrita.

 

Aurten, oraingoz, SAAEk 24.432 pertsona ingururi eman die arreta aholkularitzari dagokionez, izapideekin laguntzeko eta telematikoki aurkezteko. Horrez gainera, 684 arreta eman dizkie profesionalei eta taldeko 24 saio egin ditu.

 

Azkenik, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Batzordea migrazioaren alorrean Informazioa eta Oinarrizko Orientazioa emateko Zerbitzuarekin (SIOB) egon da. Gurutze Gorriak kudeatzen duen prestazio publikoa eta doakoa da, harrerako prozesuak errazteko sortua, zeinahi ere den pertsonaren egoera juridikoa eta administratiboa.

 

2024an zerbitzuak 4.556 arreta kasu eman ditu jadanik, hau da, 4.556 laguni, eta horien artean 917 profesionalak izan dira; askotariko gai praktikoak jorratzen dituzte, nola erroldatzearekin zerikusia dutenak hala etxebizitza eskuratzeari eta hezkuntzako nahiz osasuneko zerbitzuei eta gizarte zerbitzuei nahiz euskara eta gaztelania ikastekoei lotutakoak.

 

Bisita bukatutakoan, Parlamentuko ordezkariek eskerrak eman dituzte azalpenengatik, eta informazioa bildu dute, beharrezkoa izanez gero egokitzat jotzen dituzten egitasmoak abiarazteko.