Nafarroako Parlamentuak ez du lortu Barbaten hildako guardia zibilei babesa adierazteko adierazpenik adostea
Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Egunarekin bat egiteko adierazpen bat ere ezetsi du Ganberak
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat errefusatu du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Contigo-Zurekin-ek aurkeztu dute.
UPN eta PPNk alde bozkatu dute, eta Vox abstenitu egin da.
Errefusatutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1. “1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin.
2. Nafarroako Parlamentuak aitortu egiten du nafar emakumezko zientzialari eta ikertzaileen lana, zeinak erreferente baitira nafar neska eta emakumezko gazteen etorkizuneko belaunaldientzat.
3. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du bere konpromisoa, zientzia eta berrikuntzaren alorreko politiketan lehentasuna ematekoa emakumezkoak zientziara erabat biltzeari eta arlo horretan errekononozituak izateari, bai eta haien karreran haien garapenak dituen murriztapenak kendu eta STEM alorrean neskatoen bokazio berriak sustatzekoa ere.
4. Nafarroako Parlamentuak herritarrak gonbidatzen ditu erakunde, elkarte eta organismoek neskak zientziara erakartzeko asmoz eta emakumezko zientzialariek gure ongizate eta aurrerabideari eginiko ekarpena ezagutzeko asmoz egiten dituzten jarduerez gozatzera eta jarduera horiek aprobetxatzera.
5. Nafarroako Parlamentuak gizarte osoari dei egiten dio nesken eta mutikoen, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lan egiten segi dezan, zientziaren eta teknologiaren etorkizuna ere era berean izan dadin neskatoen eta emakumeen etorkizuna.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat errefusatu du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere solidaritatea adierazten baitu Barbaten narkotrafikoaren aurkako operazio batean lanbide-egintzan zihardutela eraildako guardia zibilengana. UPN eta PPNk aurkeztua.
PSN, Contigo Zurekin eta Voxek alde bozkatu dute; EH Bildu eta Geroa Bai abstenitu egin dira.
Errefusatutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1. Nafarroako Parlamentuak bere solidaritatea adierazten du Barbaten narkotrafikoaren aurkako operazio batean lanbide-egintzan zihardutela eraildako guardia zibilengana.
2. Nafarroako Parlamentuak bere sostengua helarazten die biktimen familiei eta hurbilekoei.
3. Nafarroako Parlamentuak errekonozitu eta baloratu egiten du Guardia Zibilak terrorismoaren, narkotrafikoaren edo mafien aurka borrokatuz askatasunaren eta zuzenbide estatuaren alde eginiko lan eskerga.
4. Nafarroako Parlamentuak proposatzen du guardia zibilei omenaldi bat egitea minutu bateko isilaldia gordez Nafarroako Parlamentuaren eraikinaren kanpoaldean, gaur, otsailak 12, eguerdiko hamabietan.