Noiz argitaratua Larunbata, 2007.eko Abenduak 1

Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du capbretoneko gertakarietan guardia zibil bat erail eta beste bat zauritu izana

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak presako bilera egin dute gaur –larunbata, abenduak 1–, 13:30ean, Capbretonen (Frantzia) guardia zibil bat erail eta beste bat zauritu izana gaitzesteko.

Bileran parte hartu dute Nafarroako Parlamentuko lehendakari Elena Torresek; lehen eta bigarren lehendakariordeek, Javier Marcotegui eta Koldo Amezketak, hurrenez hurren; eta bigarren idazkariak, José Andrés Burguetek. Bertaratutako eledunak izan dira Carlos García Adanero (UPN), Patxi Zabaleta (NaBai), Roberto Jiménez (SPN) eta Juan Cruz Alli (CDN).

Nafarroako Parlamentuko aginte-organoek gaitzespen-ohar bat onetsi dute aho batez, honako hau dioena:

"ETA banda terroristak tiroz guardia zibil bat erail eta beste bat oso larriki zaurituta utzi du, Capbretonen (Frantzia). ETAren azken atentatu horren aurrean, Nafarroako Parlamentuak honako hau erabaki du, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak eginiko presako bileran:

Lehena.- ETA banda terroristak Capbretonen (Frantzia) tiroz guardia zibil bat erail eta beste bat oso larriki zauritu izanaren gaitzespenik erabatekoena adieraztea.

Bigarrena.- Hildako guardia zibilaren eta zaurituaren ahaideei Nafarroako gizartearen eta erakundeen elkartasuna adieraztea, bai eta Estatuko segurtasun indar eta kidego guztiei ere.

Hirugarrena.- Indar demokratikoen bategitearen aldeko deia egitea, ahots bateratu batean hezurmamituko den bategite-izpirituari euts diezaioten, pertsonen biziaren eta osotasunaren aurkako indarkeriazko ekintzak arbuiatzeko eta bide demokratikoen bitartez bizikidetasun baketsua defendatzeko.

Laugarrena.- Nafarroako Parlamentuak ETAri exijitzen dio desager dadila, desegin dadila eta dituen armak eman ditzala, eta herritarrei utz diezaiela beren arteko desadostasun politikoak elkarrizketaren eta hitzaren indarrez ebazten, askatasunean eta ordezkarien bitartez.

Bosgarrena.- Herritarrei dei egitea gaitzespen-manifestazioekin bat egitera eta askatasun nahiz irmotasunez beren gaitzespena adieraztera horrelako ekintza doilor baten aurrean, zeinak samin erdiragarria ekarri baitie atentatua jasan duten guardia zibilen ahaideei eta ETAk hain bidegabeki eragindako sufrimendu eta nahigabean haien bidelagun sentitzen diren guztiei".