Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Urriak 5

Nafarroako Parlamentuak Generalitateko president Quim Torraren inhabilitazioa gaitzestea baztertu du

Legebiltzarrak Osoko Bilkura monografiko bat eginen du azaroaren 6an Europako funtsetan nahiz Espainiako Gobernuari proposatuko zaizkion kasuko proiektuetan parte hartu ahal izateari buruz

- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere larridura eta gaitzespena adierazten ditu Generalitateko president Quim Torraren inhabilitazioa dela-eta. Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek aurkeztu dute.

 

Navarra Sumak eta Nafarroako Alderdi Sozialistak aurka bozkatu dute; Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk alde bozkatu dute. Izquierda-Ezkerra abstenitu egin da 1. puntuan eta 2. eta 3. puntuen alde bozkatu du.

 

Baztertutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere larridura eta gaitzespena adierazten ditu Generalitateko president Quim Torraren inhabilitazioa dela-eta, autogobernuaren eta herri-borondatearen deslegitimazio jardun bat baita.

 

2. Nafarroako Parlamentuak dei egiten du politika ez dadin judizializatu eta Kataluniako herriaren borondatea eta bidezko aldarrikapen politikoak errespeta daitezen.

 

3. Nafarroako Parlamentuak dei egiten du elkarrizketa eta bide demokratikoak balia daitezen gatazka politikoak konpontzeko”.

 

- Gai zerrendatik kanpo, onetsi da iragan irailaren 8an ospatu zen Fibrosi Kistikoaren Munduko Egunaren karietara Diputatuen Kongresuak, Fibrosi Kistikoaren Espainiako Fundazioak eskatuta, onetsi zuen adierazpen instituzionalarekin bat egiteko eskaria. hori dela eta, erabaki da aipatu adierazpena irakurtzea heldu den urriaren 8ko osoko bilkuran.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

"Fibrosi Kistikoaren Nazioarteko Elkarteak (Cystic Fibrosis Worldwide, CFWW), Fibrosi Kistikoaren Espainiako Fundazioarekin batera, gaixotasun horren munduko eguna irailaren 8an ospatzea bultzatzen du.

 

Nafarroako Parlamentuak, Fibrosi Kistikoaren Munduko Egunaren karietara, bere elkartasuna adierazten die gaixotasun hori duten pertsona guztiei eta pertsona horiek bizimodu ahalik eta normalena egiteko dituzten arreta-beharrizanekiko konpromisoa adierazten du. Horrekin lotuta, Parlamentuak babesten du beharrezkoak diren neurriak abian jartzea pertsona horiek behar dituzten medikazioa eskura dezaten eta diziplina anitzeko unitateak sortu eta onets daitezen, kolektibo horri ematen zaion arreta hobetzen laguntzeko.

 

Halaber, Nafarroako Parlamentuak aitorpena eta babesa adierazten du gaixotasun arraro eta kronikoak dituzten eta bereziki fibrosi kistikoa duten pertsonen bizi kalitatea hobetzen laguntzeko botika berriak aurkitzeko ikerketak direla eta”.

 

Europako laguntza eta proiektuei buruzko Osoko Bilkura monografikoa

 

 Heldu den azaroaren 6rako aurreikusitako Osoko Bilkura monografikoko eztabaida antolatzeko arauak onetsi dira. Osoko Bilkura izanen da Nafarroak Kontseilu Europarrean 2020ko uztailaren 21ean onetsitako Europako funtsetan nahiz Espainiako Gobernuari proposatuko zaizkion kasuko proiektuetan parte hartu ahal izateari buruzkoa (EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jauna).

 

Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, onetsitako arauei jarraikiz, eztabaida hasiko da Osoko Bilkura monografikoa proposatu duen EH Bildu talde parlamentarioaren eledunaren mintzaldiarekin, eta horrek, gehienez ere, hogei minutu iraunen du.

 

Jarraian, talde parlamentarioen eta foru parlamentarien elkarteen eledunek parte hartuko dute –gehienez ere, hogei minutu–, eserleku gehien dituenetik hasi eta gutxien dituenekin bukatzeko.

 

Txanda hori bukatuta, Nafarroako Gobernuaren ordezkari bat mintzatzen ahalko da, eztabaidagai diren gaien inguruko bere jarrera azaltze aldera, 20 minutuz.

 

Eztabaida bukatuta, bilkura ordu eta erdiz etenen da, eta Mahaiari erabaki proposamenak aurkezteko epe bat irekiko da. Talde parlamentario edo foru parlamentarien elkarte bakoitzak gehienez ere bost proposamen aurkeztu ahalko ditu. Eztabaidan zehar in voce zuzenketak aurkezteko aukera izanen da, baldin eta haien xedea errakuntza edo akats teknikoak, terminologiakoak edo gramatikakoak zuzentzea baldin bada.

 

Proposamenak batera defendatuko dira –gehienez ere, hamar minutu–, handitik txikira. Txanda horretan, eledunek orobat eman beharko dute beste taldeek aurkeztutako proposamenei buruzko iritzia.

 

Eztabaida bukatuta, erabaki proposamenak bozkatuko dira.