Nafarroako Parlamentuak Greenpeace Nafarroa elkartearen 40. urteurrena ospatzen duen erakusketa inauguratu du
Erakusketa ekainaren 12ra arte dago publikoarentzat irekita, eta elkartearen ibilbidean barrenako ikustaldi bat egiten du, kanpainarik behinenen argazkien bitartez
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek “Greenpeace, 40 urte” erakusketa inauguratu du gaur. Greenpeace Nafarroak antolaturik, erakundearen 40 urteko historia ospatzen du.
Bere mintzaldian, Unai Hualdek azpimarratu du erakunde ekologista horren toki- nahiz nazioarte-mailetako garrantzia, hark bere kanpainetan “zuzeneko ekintza ez-bortxazkoa erabiltzen duelarik jendartearen arreta ingurumen-arazo globaletara bideratzeko eta bakezko etorkizun berde bat edukitzeko behar diren soluzioei bultzada emateko”.
Lehendakariak erakusketaren edukia ikuskatu du, azpimarra jarririk erakundearen kanpainek izan duten bilakaeran: hasi 1982an itsas isurketa nuklearren aurka egindako protesta arriskutsuetatik, eta duela gutxi, 2024an, Gazan su-etena egon zedin egindako aldarriraino, krisi enblematikoak barne, hala nola Prestige-rena edo “El Algarrobico”ren eraispena lortzeko borroka.
Ildo horretan, aitortu du ezen erakunde publikoak, “gehiegitan, gizarte zibilaren atzetik” doazela, eta horregatik “ezinbestekoak dira salaketak edo ohartarazpenak”. Dena den, oroitarazi du gaur egun badagoela “ingurumena babestearen beharraz eta urgentziaz kontzientzia handiagoa”, horixe delarik Garapen Jasangarrirako helburuek eta 2030 Agendak jasotako helburu bat.
Lehendakariak gogorarazi du Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunean, Parlamentuak sinaturikoan, badaudela jasota ingurumena babesteko neurriak, eta aldarrikatu du ezen, nahiz eta Nafarroa erkidego txikia izan kutsatzailetasun aldetik erantzukizun handiagoa duten zenbait potentziaren aldean, erregioak bere legegintza-ahalmena erabili egin behar duela mundua hobetzeko.
Amaiera gisa, Hualdek Greenpeaceren independentzia ekonomiko eta politiko erabatekoak goraipatu ditu, gobernu edo enpresengandiko funtsak errefusatzen dituenez, eta berriro ere azpimarratu du erakusketa hau Parlamentura ekartzeagatiko erakundearen esker ona. Bukatu du ohartaraziz ezen Legebiltzarrean badaudela, “gutxiengo bat” izan arren, klima-aldaketari buruzko jarrera negazionistak, eta horrek “erne jarri behar gaituela ingurumenaren babesak duen urgentziaz kontzientziatzen eta legegintzan jarduten segitzeko”.
Jarraian, Greenpeacek ipar-eskualdeetarako duen ordezkari Lorea Floresek “40 urte gu isilarazi gabe” manifestua irakurri du, eta bertan erreibindikatzen da erakundea “ingurumen-gaietan erreferente handi gisa” finkatu dela, “maila lokal, nazional eta globaletan eginiko kanpainekin. Erakunde deserosoa gara, nekaezin dihardugulako gure borroketan; eta independenteak ere, bakar-bakarrik gure 155.000 pertsona sozialei eta emaileei ematen dizkiegulako kontuak”.
Floresek adierazi du erakusketak erakundearen mugarri eta garaipenetatiko ibilbide historiko bat eskaintzen duela, haren arrakastarik handienak erreibindikaturik; besteak beste, hondakin-errausketaren gerarazpena, zentral nuklearren amaiera, isurketa kimikoen aurkako borroka eta hirigintza basatiaren eskutik gertaturiko kostalde-suntsipenaren salaketa.
Bukatzeko, Greenpeacetik hiritarren mobilizaziora eta bakezko protestara deitzen dute, gobernuei berehalako urratsak exijitzeko. “Pertsona guztiei dei egiten diegu mobiliza daitezen bakezko etorkizun berde baten alde, pertsona guztiek planeta osasuntsu batean bizitzeko duten eskubidearen alde, gobernuei behingoz ekin dezaten exijituz. Bat egizu gurekin eta lagun iezaguzu gure planetaren eta pertsonen alde egiten dugun lanean” esaten amaitu du.
Inaugurazio-ekitaldia burutu ondoren, parlamentariek bisita gidatua egin dute Lorea Floresen eskutik, zeina erakusketako komisario gisa aritu baita.
Erakusketa hau elkarteak egindako kanpainen irudien hautaketa batek osatzen du. Haiekin batera deskribapen txiki bat egiten da. Hori guztia publikoarentzat ikusgai egonen da Parlamentuaren egoitzako Atalondoan, ekainaren 12ra arte, 09:00etatik 20:00etara, ostegunetan izan ezik, itxita egonen baita Osoko Bilkuren kariaz. Larunbatetan 11:30etik 14:00etara egonen da irekita.
Ohi bezala, erakusketa berri hau Kultur Atrio programan kokatzen da, zeinaren bidez Parlamentuak 2016ko otsailaz geroztik bere ateak irekitzen baitizkie eta sostengua ematen baitie artelanezko eta dibulgaziozko adierazpen asko-askotarikoei.
Erakusketaren hasierako ekitaldi ofiziala legebiltzarraren egoitzako atalondoan egin da. Han izan dira, besteak beste, Mario Fabo (UPN), Ainhoa Unzu (PSN), Irati Jiménez (EH Bildu) eta Mikel Asiain (Geroa Bai).