Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Irailak 4

Nafarroako Parlamentuak harrera egin dio Gazteriaren Kontseiluari

Unai Hualdek nabarmendu egin du Gazte Parlamentuak parte-hartze politikoari begira duen garrantzia, eta dei egin dio gazteriaren berariazko ekimen eta proposamenak aurkezten jarrai dezan

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio gaur bere bulego ofizialean Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko lehendakari Miguel Garridori, zeinarekin batera etorri baitira Gazte Parlamentuko arduradun eta parte-hartzeko kide Juan Gutiérrez eta komunikazioko teknikari Sara Escalante.

 

Miguel Garridok azaldu duenez, protokolozko bilera izan da, “lehenik eta behin, Parlamentuaren esanetara jartzeko, gazteok bizi ditugun egiturazko arazoak aztertze aldera, halako moduan non kasuko batzordeak bere jardunean berariaz eta zeharkakotasunez jorratuko baitu gazteriaren ikuspuntua”.

 

Aurreko legegintzaldian abian jarri zen Nafarroako Gazte Parlamentuari dagokionez, Juan Gutiérrezek Hualderi adierazi dio beharrezkoa dela Gazte Parlamentua, “zeinaren izaera apartidista azpimarratu beharko bailitzateke, hobeki koordinatzea, gazteak ordezkatzen dituen legebiltzar honen ekimenak edota proposamenak arintasunez eta naturaltasunez hel daitezen batzordera. Hartara, guk eskaintzen dugun lankidetzarako konpromiso bera eskatzen diegu talde parlamentarioei”.

 

Unai Hualdek, berriz, azpimarratu egin du Parlamentuaren asmoa dela Nafarroako Gazteriarekiko eta, horrenbestez, Nafarroako Gazte Parlamentuarekiko lankidetzari eustea, “parte-hartze politikorako bide garrantzitsua den aldetik, berariazko lankidetza-hitzarmen baten bidez, 2017tik aitzina urtero berritu dena. Gazteen ahotsa gogoan izaten jarraitu nahi dugu. Zuen iradokizunak aintzat hartzen ditugu”.

 

Nafarroako Gazte Parlamentua Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak bultzatutako proiektu aitzindari baten fruitua da, “eztabaidaren kultura, espiritu kritikoa eta errealitate sozialaren azterketa arrazionala sustatzeko asmoz”. Bi bilkuraldiren ondoren, Parlamentuak bere karguak berrituko ditu urrian, bere hirugarren legegintzaldia abiarazi aitzin. Bilkurak hilean behin egin ohi dira, baina ziklo bakoitzeko lehena eta azkena baizik ez dira egiten Foru Legebiltzarraren Osoko Bilkuren Aretoan.