Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Azaroak 10

Nafarroako Parlamentuak hasiera eman dio Asociación de Víctimas del Terrorismo elkarteak antolatutako “Vivir sin miedo. Vivir con memoria” erakusketari

Erakusketa azaroaren 24ra arte egonen da ikusgai eta “kontzientzia hartzea, prebentzioa eta desradikalizazioa bultzatzea” ditu helburu, biktimen bizitzaren bidezko egiazko errelatotik abiatuta

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde jaunak hasiera eman dio gaur eguerdian Asociación de Víctimas del Terrorismo elkarteak antolatutako Vivir sin miedo. Vivir con memoria erakusketari, “ biktimen bizitzaren islatik” eta “kontzientzia hartzea, prebentzioa eta desradikalizazioa bultzatzea” helburu, Espainiako terrorismoaren “egiazko” historia ezagutarazteko bere mugarri garrantzitsuenetako batzuen bidez.

 

Inaugurazio-hitzaldian, Unai Hualdek egia, memoria, justizia eta duintasuna bezalako hitzen edukia erreibindikatu du, esanahi handiko kontzeptuak baitira, erakundeek erreibindikatu behar ditugunak, bereziki gaur, azaroak 10, bezalako egunetan, Memoriaren Eguna baita. Terrorismoarena historia izugarri bat da, Nafarroako gizarteak 50 urte baino gehiagoz pairatu duena. Egia ezagutzea, 1968tik 2017rako ibilbide honek agertzen duen moduan, ezinbestekoa da. Ezin dugu ahaztu, ez baitzuen inoiz gertatu behar”.

 

Lehendakariak oroitze-aipamen berezia izan du “beren ideiak aldezteagatik eta herritarren zati bat ordezkatzeagatik ETAk edo bestelako talde terroristek erail edo mehatxatu zituzten” kargu publiko guztientzat, eta nabarmendu du “kontzientzia sozialetik eta pedagogia-lanetik eginiko transmisioaren eta prebentzioaren” ideia, Nafarroako Gobernuak pasa de legegintzalditik ezarritako ildoari jarraikiz. Gizarte baketsu bat sustatzeko, biktima guztiekin lan egin behar da, eta ahal den guztia egin behar da ongi etorriak bezalako adierazpen onartezinak saihesteko, biktimak berriro biktimizatzeaz gain, min gehigarri funsgabe eta bidegabea eragiten dutelako”.

 

Eta, gertaturikoaren “errelato objektiboa”rekin batera, erakusketa honetan biktimen testigantzatik abiatuta egin nahi den moduan, “errekonozimendu zintzoa, kalkulu politikoekin zerikusirik ez duena” dago. Betebeharra da biktimei lagundu eta errespetua agertzea, haiek gogoratzea eta haien memoria, adorea, kemena eta hobetu nahi izatea ohoratzea. Horretan ere, gizarte zibila aitzindaria izan da. Zorionez, kaltetuen oroitzapena eta omenaldia presente dago jada Nafarroako hiri eta herri askotan. Erakundeen apustua garbia da. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusia mugarria izan da. Balioan jarri nahi dut aurreko eta gaur egungo gobernuen apustua” nabarmendu du Unai Hualdek.

 

Amaitzeko, eta AVT-ri eskerrak eman ondoren “memoria, egia eta justizia”ri eginiko ekarpenagatik, lehendakariak esan du Nafarroako Parlamentua beti izanen dela indarkeria eta terrorismoa bidegabeki pairatu duten pertsonen etxea. “Zuen interesa, “beldurrik gabe bizi, memoriarekin bizi”, bat dator gure erakundearen interesarekin. Terrorismoa hurbiletik bizi izan duzuenon eskutik lanean jarraituko dugu”.

 

AVTko lehendakari Maite Aralucek minutu bateko isilunearekin hasi du bere par-hartzea, “gaur gurekin egon ezin diren terrorismoaren biktima guztiak oroitzeko”, eta ondoren erakusketaren edukia laburbildu du. Azaldu duenez, “gure gizarteko benetako heroiengana hurbiltzen gaitu, haiek erakutsi baitigute beldurra, mina, babesgabetasuna eta bidegabekeria zer diren. Baita duintasuna, adorea, kemena eta hobetu nahi izatearen esanahia ere. Izan ere, biktimen ikuspuntutik, horiexek dira erakusketaren izenburuaren oinarrian dauden kontzeptuak”.

 

Ikuspuntu horretatik eta biktimen errelatoa eta ikusgarritasuna eraginkor egiteko ahaleginaren baitan, Aralucek ohartarazi du “ETAk hiltzeari utzi badio ere, irainak kalean jarraitzen du, omenaldi, pintada eta plaka eta monolitoen aurkako erasoekin, bai eta erakundeetan ere, horietan jasan behar baitugu indarkeriaren erabilera justifikatua izan zutela aldezten dutenak gainerako eragile politikoak bezala tratatuak izatea. Legezkoak izango dira, baina ez dira moralaren araberakoak izanen barkamena eskatzen ez duten bitartean”.

 

Iraganaren laburpen bat egin ondoren, “beldurra, erailketa eta estortsioa nagusitu ziren bost hamarkada”, etorkizunera begiratu du —hau ere memoria historikoa da, hobeto esanda, oraintsuko memoria—, “berriro gertatu ez dadin”. Aralucek aipatu du AVTk eginiko ahalegina “biktimen umiliazioa delitu gisa tipifika dadin”, eta Nafarroan Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusia egiten ari den “lan ona” nabarmendu du.

 

“Martxoaren 11n ekitaldi bat egiteko eskatu genuen Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren karietara, eta jada egiten da. Biktimak oroitzeko plakak jartzea sustatu genuen eta hasi dira jartzen Iruñean. Eskatu genuen terrorismoa ikasgai gisa sustatzea, eta Espainiako Gobernuaren unitate didaktikoan ezarriko da. Ikasgeletara joatea eskatu genuen, eta egiten da, gure erakusketa hemen jartzea bezalaxe. Hala ere, asko dago egiteko. Jokoan dago hainbesteko min eta sufrimenduaren baliagarritasuna, eta, ondorioz, Zuzenbide Estatuaren sendotasuna mehatxu eta xantaia totalitarioaren aurrean. Mila esker”, amaitu du AVTko lehendakariak.

 

Jarraian, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo andreak aipatu du “indarkeria terrorista bidegabe eta ez-zilegia, bereziki ETArena, bizikidetzarako mehatxu larria izan dela” eta dei egin du “biktimarioen ikuspegi monolitiko eta baztertzaileen aurka eta biktimen duintasuna eta memoria urratzen duen ekintza ororen aurka” lan egitera.

 

Horrekin lotuta, Ollok Foru Gobernuak laster onetsiko duen Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoaren zirriborroa ekarri du gogora, eta maiatzean AVTrekin sinaturiko hitzarmena aipatu ondoren, Gobernuak “biktimen arreta hobetzearekin eta haien aitortza publikoarekin” duen konpromisoa nabarmendu du. “Geure betebeharra da halakorik berriro gerta ez dadin jardutea, baita ikastetxeetan ere, unitate didaktiko berariazkoekin eta biktima hezitzaileen presentziarekin ikasgeletan”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chivite andreak “egia ezagutu eta transmititzeak bizikidetzaren oinarri gisa duen garrantzia” aipatu du eta, horren haritik, esan du erakusketa “hausnarketarako beste pizgarri bat dela, memoriarekiko konpromisotik abiatzen dena, hori baita ahanzturaren edota terrorismoa zer den eta zer izan den distortsionatzearen aurkako oinarri nagusia".

 

Hala, eta Errealitate Sozialaren Behatokiak terrorismoaren ezagutza- eta indarkeriaren erabileraren pertzepzio-maila aztertzeko asmoz Nafarroako DBHko ikasleen artean egin duen ikerketaren harira, Chivitek azpimarratu du beharrezkoa dela Bizikidetza Plan parte-hartzaile bat izatea.

 

“Ikerketak nahasmendua eragin digu; izan ere, gazteen ehuneko handi batek ez daki zer izan zen ETA, eta justifikatzen du indarkeriaren erabilera helburu politikoak lortzeko edo ez du argi erabilera horrekiko jarrera. Memoria-programak ikasgeletan landu behar dira, eta beharrezkoak dira erakundeen lana eta elkarteekiko elkarlana. Gai horiek hezkuntza-curriculumean sartuko ditugu. Espresuki eskerrak eman nahi dizkiot AVTri bere konpromisoagatik. Eta biktimentzat, gure maitasuna, enpatia, laguntza eta aitortza, beti”.

 

Ekitaldia Parlamentuaren egoitzako atalondoan izan da eta, besteak beste, bertan izan dira lehen lehendakariorde Inma Jurío, bigarren lehendakariorde Yolanda Ibáñez, lehen idazkari Juan Luis Sánchez de Muniáin, bigarren idazkari Maiorga Ramírez, Ramón Alzórriz (PSN), Uxue Barkos (Geroa Bai), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu), Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) eta Gobernuak Nafarroan duen ordezkari José Luis Arasti.

 

Vivir sin miedo, vivir con memoria erakusketa 22 bionbotan, hiru pantaila eta panel eta euskarri gehigarrietan paratutako argazki eta ikus-entzunezko sorta batez osatua dago. Erakusketa Parlamentuaren egoitzaren atalondoan egonen da ikusgai azaroaren 24ra arte, 09:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera (ostegunetan izan ezik). Larunbatetan, 11:30etik 14:00etara.

 

Ohi bezala, erakusketa hau Kultur Atrio programan kokatzen da, 2016ko otsailaz geroztik Parlamentuak sustatua bere ateak askotariko adierazpen artistiko eta dibulgaziozkoei irekitzeko eta babesa emateko.