Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Azaroak 16

Nafarroako Parlamentuak haurren eta nerabeen eskubideekiko konpromisoa berresten du

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2020ko azaroaren 16an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak haurren eta nerabeen eskubideekiko konpromisoa berresten baitu. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du honakoetara bideraturiko neurriak bultzatzeko:

 

1.- Gogoan izatea legebiltzar honek hartutako erabaki guztiak, bai krisiari emandako erantzunean bai suspertzeari dagokionez, eragina dutenak haur eta nerabeengan, bai eta haurraren eskubideei buruzko hitzarmenean jasotako printzipio gidariak ere; hots: haurren interes gailena; bizirako, biziraupenerako eta garapenerako eskubidea; parte hartzeko eskubidea, eta diskriminaziorik ezerako eskubidea.

 

2.- Haurrei buruzko osoko bilkura monografiko bat sustatzea, COVID-19ak haurrengan duen inpaktuaz eztabaidatzeko.

 

3.- Sustatzea Nafarroako udalek haurren eskubideen babeserako toki-sistemak eraiki ditzaten, prebentzioan eta lan komunitarioan oinarrituak eta haurren interes gailena goiburutzat izanen dutenak.

 

4.- Haurren eskubideen sustapenera Nafarroako Gobernuko departamentu guztiak biltzea, halako moldez non haurrentzako arau-esparru berri baten onespena sustatuko baita, ikusmolde integral batetik egina, gobernu-programan jasotzen den bezala.

 

5.- COVID-19ak gure erkidegoan bizi diren haur eta nerabeengan duen inpaktua aztertzea; batez ere, zaurgarrien diren taldeengan duena, eta horren arabera egokitzea gure Nafarroa Suspertu 2020-2023 Plana. Eta hartuko diren neurriek haurrengan duten inpaktua aintzat hartzea. Pandemiak Nafarroako haurrengan duen inpaktuaren azterketa sustatzea.

 

6. Ardurapean seme-alaba adingabeak dauzkaten familiek jasotzen dituzten larrialdiko laguntza sozialak indartzea, familiarik zaurgarrienak lehenetsiz.

 

7.- Eskola-uzte arriskua, desgaitasuna edo arrakala digitaleko egoera duten haurrei zuzenduriko hezkuntza-programak indartzea. Nafarroako haur eta nerabe guztien hezkuntzarako eskubidea egikaritzeko berdintasuna bermatzera bideraturiko neurriak hartzea.

 

8. Lurralde-plangintzan eta mugikortasun-estrategietan haur- eta jasangarritasun-ikusmolde bat txertatzea.

 

9. Pandemiaren aurka eta suspertzearen alde hartzen diren erabakietan haur eta nerabeek duten partaidetza areagotzea.

 

Aurreko neurriek oraindik gehiago hurbilduko gaituzte gure erkidegoko herritarrengana eta haien beharrizanetara, eta modua emanen digute gure estrategiak haurrak ipin ditzan COVID-19aren ondoriozko krisiari eman beharreko erantzunaren eta suspertzearen erdigunean, eta, aldi berean, 2030 Agendak 10 urteko eperako ezartzen dizkigun helburuen lorpenarekiko gure konpromisoa indartzeko.

 

Konpromisoa hartzen dugu gaur, 2020ko azaroaren 20an, Nafarroako Foru Komunitateko haur eta nerabeekin eta gure erkidegoko etorkizunarekin, inor ere atzean ez uzteko".