Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Azaroak 28

Nafarroako Parlamentuak Hiesaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egin du Sare Elkartearekin eta Hiesaren aurkako Batzorde Hiritarrarekin batera

Parlamentuaren fatxada gorriz argiztatuko da abenduaren 1ean aurtengo kanpainari babesa emanez, genero-perspektibadun prebentzio-estrategiak eskatzeko

Hiesaren aurkako Nazioarteko Egunaren karietara, Nafarroako Parlamentuak Sare Elkartearekin eta Hiesaren aurkako Batzorde Hiritarrarekin batera ekitaldi bat antolatu du, eta bertan Unai Hualde Legebiltzarreko Lehendakariak eta talde parlamentario guztietako ordezkariek parte hartu dute.

 

Jada ohikoa denez, abenduaren 1ean Legebiltzarraren fatxada gorriz argiztatuko da 18:00etatik 24:00ak bitarte, eta egun osoan zehar lazo gorri bat esekiko du Legebiltzarraren atalondoan, kanpainarekin bat egiten duela erakusteko.

 

Legebiltzarraren atalondoan ospatu den ekitaldian bi erakunde deitzaileetako ordezkariek manifestu bat irakurri dute, eta Zurekin, serofobiarik gabe. GIBak aurpegi asko dauzka. Zurea ere bai lelopean, genero-perspektibadun prebentzio-estrategiak eskatu dituzte.

 

Lucía Burgui Rey (Hiesaren aurkako Batzorde Hiritarra) eta Yolanda Yáñez Nascimiento (Sare Elkartea) izan dira testua irakurri dutenak, eta ohartarazi dutenez, diagnostiko berrien intzidentziak altua izaten segitzen du, batez ere, sexu bidezko transmisioarengatik. Hori dela eta, GIBari erantzuna emateko neurrien inguruan erkidegoan adostasun politiko zabal bat susta dadila aldarrikatzen dute, “eremu horretan esku hartzeko erreferentzia-esparru egonkor eta ekitatiboa ezartzeko”.

 

Ildo horretan, manifestuak “estigmak eta diskriminazioak” diagnostiko eta prebentzio lanak eragozten dituela ohartarazten du, eta ONUSIDAren helburuak bere egiten ditu, esaterako, “GIBa duten pertsonen %90a diagnostikatuta egotea (Nafarroan % 83 dago diagnostikatuta) tratamendu antirretrobirala jaso dezaten”.

 

Nafarroari dagokionez, azpimarratzen da 38 kasu berri izan zirela 2018an, eta “2019ko irailera arte 36ra iritsi gara jadanik”, hau da, zifra kezkagarriak dira, prebalentzia altua erakusten baitute. Honek argi uzten du “GIB-Hiesaren kontrolerako programa berreskuratzeko beharra, herritarrentzat erreferente izan dadin eta manifestuaren aldarrikapen guztiak sustatzeko, koordinatzeko eta aurrera eramateko ezinbestekoa” baita.

 

Abenduaren 1ean Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen denez, Nafarroako Parlamentuan pasa den astelehenean, hilak 25, Lehendakaritzak aurkeztutako adierazpen instituzional bat onetsi zuen, zeinaren bidez konpromisoa hartzen baitu arlo horretan lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeentzako behar adinako ekarpen ekonomikoa egin daitezen sustatzeko, baita sexu- eta ugalketa-osasunari buruzko dekretua esparru sozio-sanitarioan eta Skolaeren bidez hezkuntzaren esparruan modu orokorrean eta urgentziaz aplikatze aldera giza baliabidez eta baliabide materialez zuzkitzeko konpromisoa ere.

 

Eledunen Batzarrak onetsitako eta Cristina Ibarrolak (Navarra +), Patricia Fanlok (PSN), Koldo Martínezek (Geroa Bai), Txomin Gonzálezek (EH Bildu), Ainhoa Aznárezek (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simónek (I-E) irakurritako Adierazpen Instituzionalak hala dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Hiesaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin; hori dela-eta, Hiesaren aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarrarekin eta Sare Elkartearekin batera, ekitaldi bat antolatu du Legebiltzarraren atalondoan azaroaren 28an, 12:00etan.

 

2. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du arlo horretan lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeentzako behar adinako ekarpen ekonomikoa egin daitezen sustatzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak babestu egiten du sexu- eta ugalketa-osasunari buruzko dekretua esparru sozio-sanitarioan eta Skolaeren bidez hezkuntzaren esparruan modu orokorrean eta urgentziaz aplikatze aldera giza baliabidez eta baliabide materialez zuzkitzea.

 

4. Nafarroako Parlamentuak sustatuko du Hiesari buruzko prestakuntza berezia irakasleentzat eta esparru soziosanitarioko profesionalentzat; bereziki, oinarrizko osasun laguntzakoentzat.

 

5. Nafarroako Parlamentuaren ustez, GIBak “gaixotasun infekzioso-kutsakor” gisa duen katalogazioa erretiratu beharra dago.

 

6. Nafarroako Parlamentuaren ustez, GIB-hiesaren kontrolerako programa berreskuratu beharra dago, erreferentea baita herritarrentzat.

 

7. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du GIBarekin bizi diren pertsonekiko diskriminazioa desagerrarazteko neurrik bultzatzen jarraitzeko.

 

8. Nafarroako Parlamentuak erabaki du bere fatxada abenduaren 1ean gorriz argiztatzea”.

 

Testua aho batez onetsi da 3. puntua izan ezik, Navarra Sumak aurkako botoa eman baitu.