Nafarroako Parlamentuak Hiesaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egin du Sare Elkartearekin eta Hiesaren aurkako Nafarroako Batzordearekin batera
Parlamentuaren fatxada gorriz argiztatuko da eta begizta gorridun olana zintzilikatuko da, aurtengo ‘Nazioarteko elkartasuna, erantzukizun partekatua’ kanpainari babesa emanez
Hiesaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egin du Nafarroako Parlamentuak, eta hori dela eta, eraikinaren fatxada gorriz argiztatuko da gaur iluntzean eta begizta gorridun olana zintzilikatuko da, diskriminazioaren, estigmaren eta aurreiritzien aurkako borrokari babesa eman asmoz.
Eguerdian, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Mahaiaren eta Eledunen Batzarreko kideek eta talde parlamentario guztietako parlamentariek Sare Elkartearekin eta Hiesaren aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarrarekin batera atalondoan ospatu den ekitaldian parte hartu dute.
Hiesaren Aurkako Nazioarteko Egunaren karietara onetsitako adierazpen instituzionala irakurri du Unai Hualdek, eta Nafarroako Parlamentuak arlo horretan diharduten GKEak aintzatetsi eta babesteko duen konpromisoa nabarmendu du, baita “behar adina diruz laguntzeko borondatea” ere.
Sexu- eta ugalketa- osasunari buruzko Dekretuari buruz mintzatu da lehendakaria, eta ildo horretan, dekretuan jasotzen diren sexu-hezkuntzako ekintzak egin daitezen “giza baliabideak eta baliabide materialak esleitzea” aldeztu du.
Irakaskuntzako eta esparru soziosanitarioko profesionalentzat GIBari buruzko prestakuntza berariazkoa edo GIBak “gaixotasun infekzioso-kutsakor” gisa duen katalogazioa erretiratzea dira, besteak beste, Legebiltzarrak aldeztutako proposamen batzuk. Horrez gain, GIBarekin bizi diren pertsonekiko “diskriminazioa desagerrarazteko neurriak bultzatzen” jarraitzeko asmoa agertu du Parlamentuak.
Ekitaldiaren amaieran, Sare elkartearen eta Hiesaren aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarraren ordezkariek manifestu bat irakurri dute. Manifestuaren bidez, honako eskaerak egin dituzte: “gizarte-babeseko mekanismoak indartzea, baita GIBaren eta sexu-transmisiozko bestelako infekzioen kasuan diagnostiko goiztiarra eta tratamenduaren hasiera goiztiarra sustatzea”, izan ere, “osasuna bermatzeko eta transmisioa prebenitzeko ezinbesteko mekanismoak baitira”.
Jon Urangak (Hiesaren aurkako Nafarroako Batzordea) eta Yolanda Yáñezek (Sare Elkartea) zehaztu dutenez, “ekitatea, justizia soziala eta kalitatezko zerbitzu publikoen bidez giza eskubideak defendatzea dira bermerik onena ongizate-estatua indartzeko, inor atzean gera ez dadin. Erdietsi diren lorpenak finkatu egin behar dira, eta horretarako, murrizketen eraginez eta pandemiaren ondorioz hainbeste kaltetu den osasun-sistema babestu behar da”.
Ildo horretan, dei egin dute “kalean eta erakundeetan GIBa ikustarazteko”, eta, azaldu dutenez, hortik dator aurtengo ONUSIDAren leloa: ‘Nazioarteko elkartasuna, erantzukizun partekatua’. “Kontzientzia hartzeaz ari gara, atzera pausorik ez emateaz. Pandemia honi elkarrekin aurre egin behar diogu. Hala erakusten dute arretan antzeman diren arazoek”.
Amaiera gisa, azken urteetan emandako aurrerapen nabarmenak gogorarazi dituzte; izan ere, “2019ko irailean PREP prestazio publiko gisa ezarri zen, eta 2018an GIBari lotutako diskriminaziorik ezaren eta tratu-berdintasunaren aldeko gizarte-ituna sinatu zen, eta, horren bidez, amaiera eman zitzaion funtzio publikoetan GIBa duten pertsonen bazterketari”.
Era berean, azpimarratu dutenez, “ONUSIDAren 90 90 90 delakoarengandik gertu gaude”, 2020an Hiesa desagerrarazteko helburua duen ekimena da. GIBarekin bizi diren pertsonen %90ek beren egoera serologikoa ezagutzea eta diagnostikatutakoen artean ehuneko horrek berak terapia antirretrobirikoa jasotzea du xede. “Ezin dugu atzera pausorik eman”, berretsi dute Yañezek eta Burgik.
Hiesaren Aurkako Nafarroako Batzordeak eta Sare elkarteak Nafarroako Parlamentua eta herritarrak gonbidatzen dituzte abenduaren 1a ospatzeko antolatutako jardueretan parte hartzera. Eta, bereziki, abendu osoan zehar Larrugileen zubian begizta gorriak jartzera. “Gaur egun oraindik GIBarekin bizi diren eta berriro ere osasun-krisi bati aurre egin behar dioten pertsonei babesa eta elkartasuna erakusteko ikur izatea nahi dugu. GIB/HIESaren aurrean, elkarrekin erantzuteko sinboloa izatea nahi dugu”.
Gaur ospatzen den Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Eledunen Batzarrak pasa den astelehenean, hilak 25, Lehendakaritzak aurkeztutako adierazpen instituzional bat onetsi zuen.
Onetsitako adierazpen instituzionalak hala dio:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Bat egiten du Hiesaren aurkako Nazioarteko Egunaren oroitzarekin, ekitaldi bat eginez Legebiltzarraren atalondoan abenduaren 1ean, astelehenarekin, 12:00etan. Ekitaldia Hiesaren aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarrarekin eta SARE elkartearekin batera antolatua da.
2. Konpromisoa hartzen du arlo horretan diharduten GKEak aintzatetsi eta babesteko eta haiei behar adina diruz laguntzeko.
3. Aldezten du giza eta gauza baliabideak esleitzea, Sexu- eta ugalketa- osasunari buruzko Dekretuan jasotako sexu-hezkuntzako ekintzak egiteko.
4. GIBari buruzko prestakuntza berariazkoa sustatuko du irakaskuntzako eta esparru soziosanitarioko profesionalentzat; bereziki, Oinarrizko Osasun Laguntzakoentzat.
5. Berresten du erretiratu beharrekoa dela GIBak “gaixotasun infekzioso-kutsakor” gisa duen katalogazioa.
6. Premiatzen du berreskura dadin herritarrentzat erreferente den GIB-hiesaren kontrolerako programa.
7. Konpromisoa hartzen du GIBarekin bizi diren pertsonekiko diskriminazioa desagerrarazteko neurriak bultzatzen jarraitzeko.
8. Erabaki du abenduaren 1ean gorriz argiztatzea bere egoitzaren fatxada".