Nafarroako Parlamentuak inauguratu egin du "Anaitasuna Peñaren 75. urteurrena" erakusketa
Ikusgai egongo da ekainaren 15era arte, eta jendearengana hurbiltzen ditu peñaren historia eta 1949an fundatu zenetik izan dituen mugarri muntadunenak
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur goizean inauguratu du Anaitasuna Peñaren 75. urteurrena erakusketa, non biltzen baitira argazkiak, pankartak, bideoak eta beste zenbait elementu esanguratsu, Anaitasuna Peñak 1949an sortu zenetik gaur egunera arte egin duen ibilbide historikoaren berri ematen dutenak.
Eskaini duen irekiera-mintzaldian, Unai Hualdek nabarmendu egin du peñen zereginaren balioa; izan ere, haiek "Sanferminen osagai nagusietako bat" izaki, gure jaiak "mundu osoan ezagunak" izan daitezen lagundu dute, alabaina jai "herrikoiak, parte-hartzaileak, ezagunak eta ezaugarridunak" izateari utzi gabe, nafar gizarte "inplikatu eta konprometituaren" isla.
Anaitasuna Peñako aurreneko lehendakari izandako Modesto Beperet gogoratu ondoren, Hualdek azpimarratu du peñak 75 urte honetan jaiekin batera izan duen bilakaera, "ezinbestekoa izan duen modernizazioarekin eta garai berrietara moldatzearekin, emakumeak bazkidetzearekin eta berdintasunaren alde eginiko barneranzko nahiz kanporanzko ekintzekin, eta egun bere estatutuetan bere burua peña feminista gisa definiturik".
Gehitu duenez, eboluzio horrek erakusten du "zer zen gure gizartea, zer izan den lehen, eta den orain, gure festa"; eta, alde horretatik, insistitu du "beharrezkoa dela berdintasunaren bila jardutea jaietan ere", hizpidera ekarrita Parlamentua aurtengo udan berriro ere atxikiko zaion kanpaina, eraso sexistarik gabeko eta gizon-emakumeek berdintasunean gozatzeko moduko jai batzuen aldeko aldarria egitekoa.
Bukatzeko, Parlamentuko lehendakariak azpimarra jarri du peñek eta, kasu honetan, Anaitasuna Peñak sanferminez harago eginiko jardueran, hala nola "Urrezko Pankarta" sariketa, Iruñaren lurralde-esparruan diharduten entitate edo pertsonentzakoa, eta eztabaidak, mintzaldiak edo, nola ez ba, Iruñeko kaleetan zeharreko musikazko girotze-lana.
Jarraian, Anaitasuna Peñako lehendakariak eta lehendakariordeak, Carmelo Butini (gaztelaniaz) eta Eider Bueno (euskaraz) jaun-andreek, eskerrak eman dizkiote Parlamentuari, 75 urteko historia hau, argazkiz, bideoz eta oroitzapenez osatua, aterpetzeagatik. Erakusketak xede du "peñaren historian zehar bera osatu duten pertsona guztiak omentzea".
Horrela, eta peñaren izena euskarazko Anaitasuna dela-eta, erantsi dute sanferminak anaitasun-ikur direla Nafarroan. "Guretzat, peñak adiskidetasuna, familia, festa, lana, kultura eta zoriona esan nahi du; baina, batez ere, etxea". Horiek guztiak, nafarren nortasunaren bereizgarri.
Sociedad Cultural Deportivo Recreativa Anaitasunako lehendakari Mertxe López andreak Anaitasunaren hastapenak xehatu ditu, Hércules eta Club Academia Mosquera futbol-taldeen bategitetik sortu zenetik. "Ez da inoiz topaleku soil izan; baizik, areago, elkarbizitzarako, aldaketarako eta aurrerabiderako gune bat", nabarmendu du; "eta betidanik izan du sustraitze berezia Iruñeko kulturgintzan, lehen, orain eta geroan ere ekimen sozial frankoren aitzindari izateaz gain".
Ildo horretan, 1946az geroztiko lehendakari guztien eta batzordeen "konpromisoa, saiatutasuna eta ardura" aitortu eta eskertzeaz gain, Lópezek apustu egin du gutxienez ere beste 75 urtez "une eta poz itzelak bizitzen" segitzearen alde.
Amaitzeko, Carmelo Butinik eta Eider Buenok opari bat (Anaitasuna Peñako zapi bat) eman diote Parlamentuko lehendakari Unai Hualderi, eta azken horrek, trukean, Osoko Bilkuren Aretoaren kopia bat eskuetaratu die.
Inaugurazio-ekitaldia amaitu ondoren, parlamentariek bisita gidatua egin dute, erakusketako komisario Juan Buenoren eskutik.
Anaitasuna Peñaren 75. urteurrena erakusketa osatzen dute bost olanek, non jasota ageri baitira argazki historikoak eta Peñaren epe desberdinen deskribapenak, oihalezko pankarta hautatu batzuek, neska-mutikoak irudikatzen dituzten tamaina errealeko maniki batzuek, etengabeko emanaldian egonen diren bi bideok, eta Peñaren bereizgarri diren zenbait elementuk, hala nola banderatxoak, zapi historikoak, pegatinak, pankarta-zirriborroak eta hainbat dokumentu.
Erakusketa Parlamentuaren egoitzako atalondoan egonen da jendearentzat ikusgai, ekainaren 15era arte, 09:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera, ostegunetan izan ezik; eta larunbatetan, 11:30etik 14:00etara.
Ohi bezala, erakusketa berri hau Kultur Atrio programan kokatzen da, zeinaren bidez 2016ko otsailaz geroztik Parlamentuak artelanezko eta dibulgaziozko adierazpen artistiko arras desberdinei bere ateak ireki eta sostengua ematen baitie.
Erakusketaren irekiera ofiziala Legebiltzarraren egoitzako atalondoan egin da. Han izan dira, besteak beste, Ainhoa Unzu lehendakariorde lehena, Ibai Crespo (PSN), Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Pablo Azcona (Geroa Bai) eta Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin).