Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Uztailak 29

Nafarroako Parlamentuak lehen urratsa egin du Parlamentuko Administrazioaren antolamendua erreformatu eta modernizatzeko prozesuan

Legebiltzarrak Nafarroako Parlamentuko Administrazioaren Antolamenduari buruzko Erregelamendua eta Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileen oporrei, lizentziei eta baimenei buruzko Erregelamendua aldatu ditu eta telelana arautu du

Joan den astelehenean, hilak 26, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak zenbait arau aldatzeko hiru proposamen onetsi zituen, eta horrela lehen urratsa egin du Parlamentuko Administrazioaren barne-antolamendua erreformatu eta modernizatzeko prozesuan, zeina Legebiltzarraren zerbitzuko funtzionarioen Langileen Batzordearekiko negoziazio-fasean baitago.

 

Zehazki, Ganberaren gobernu-organoak, Parlamentuko lehendakariak deituriko Negoziazio Mahaiari entzun ondoren, onetsi du, alde batetik, Nafarroako Parlamentuko Administrazioaren Antolamenduari buruzko Erregelamendua aldatzea, bai eta telelan-araubidea ere, eta bestetik, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileen oporrei, lizentziei eta baimenei buruzko Erregelamendua egokitzea.

 

Nafarroako Parlamentuko Administrazioaren antolamenduari buruzko Erregelamenduaren aldaketaren xedea da Parlamentuko Administrazioari antolaketa-egitura berri bat ematea eta haren eginkizunak berrantolatzea.

 

Horretarako, Parlamentuko zerbitzuak berrantolatu dira eta beren eskumenak aldatu. Hala, bost administrazio-unitate izanen dira: Zerbitzu Juridikoak, Zerbitzu Orokorrak, Argitalpen, Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzua, Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzua eta Informatikako, Ikus-entzunezko Sistemetako eta Teknologiako Zerbitzua.

 

Halaber, Prentsako Atala eta Protokoloko Atala sortzea onetsi da –biak Idazkaritza Nagusiaren mende egonen dira–, bai eta Kudeaketa Parlamentarioaren Atala eta Sistemen Atala ere, zeinak Zerbitzu Juridikoen Zerbitzuari eta Informatikako, Ikus-entzunezko Sistemetako eta Teknologiako Zerbitzuari atxikiko baitzaizkie, hurrenez hurren.

 

Berrantolaketa prozesuak jarraibidea izanen du hurrengo bilkuraldian (2021-2022), bertan eztabaidatu eta negoziatuko baitira, besteak beste, Langileen Estatutuaren, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeari buruzko Erregelamenduaren eta Barne Mugikortasun Horizontalari buruzko Erregelamenduaren aldaketak.

 

Nafarroako Parlamentuko langileen lanaldia telelan-araubidean egiteari buruzko arauei dagokienez, proposatzen dena da egonkortasuna ematea COVID-19 koronabirusari aurre egiteko kontingentzia planaren osagarri onetsi ziren ohiz kanpoko euste-neurrien babesean ezarritako arauei, haien indarraldia aurreikusita baitago aipatu planaren amaierarekin batera.

 

Hala, lanaldia telelan-araubidean egitea borondatezkoa izanen da, beharrezkotzat jotzen den aparteko kasuetan izan ezik, eta araubide horri atxikitzen zaizkion langileen eskubide eta betebeharrak lanaldia osoki zerbitzu presentzialean ematen duten gainerako langileen berberak izanen dira.

 

Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileen oporrei, lizentziei eta baimenei buruzko Erregelamenduari dagokionez, indarrean dagoen araua egokitu eta jaso dira oinarrizko legerian enplegatu publikoei aitorturiko kontziliazio neurriak, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onetsi zuen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan jada aurreikusitakoak, bai eta duela gutxi apirilaren 21eko 29/2021 Foru Dekretuaren bidez onetsitako aldaketa ere.