Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Irailak 2

Nafarroako Parlamentuak Leitzako ekitaldia arbuiatzen du eta Altasuko Ospa Eguna gaitzesten du

Legebiltzarraren iritziz Leitzan gertatutakoa Memoria Historikoaren oinarrien aurkakoa da. Orobat dio Ospa Eguna bizikidetasunaren aurkakoa dela, Guardia Zibila baztertu eta iraintzeagatik

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baititu Leitzan egindako ekitaldiaren gisako ekitaldiak, Memoria Historikoaren oinarrien aurkakoak direlako. PSN eta Geroa Bai talde parlamentarioek eta Nafarroako Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Nafarroako Alderdi Sozialistak, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Nafarroako Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak alde bozkatu dute. Navarra Sumak, berriz, aurka bozkatu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu Leitzan abuztuaren 25ean egindako ekitaldiaren gisako ekitaldiak, 1936ko Estatu Kolpearen oinarrian dauden printzipioak eta kolpearen osteko diktadura frankistaren gorespena dakartelako eta Parlamentu honetan adostutako Memoria Historikoaren oinarrien aurkakoak eta biktimen errekonozimenduan eta erreparazioan oinarritutako bake eta bizikidetasun kulturaren aurkakoak direlako.

 

2.- Nafarroako Parlamentuaren borondatea da parlamentariek kultura horreiko jokabide koherentea izan dezaten”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak irmo gaitzesten baititu Ospa Egunaren karietara prestatutako eta egindako ekitaldiak. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Navarra Sumak eta Nafarroako Alderdi Sozialistak alde bozkatu dute; Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Nafarroako Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak, berriz, aurka bozkatu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"Nafarroako Parlamentuak honako hau erabaki du:

 

1.- Irmo gaitzestea Ospa Egunaren karietara prestatutako eta egindako ekitaldiak, helburu dutenak Guardia Zibilaak, haien senitartekoak nahiz lagunak eta guardia zibilek nahiz bestelako segurtasun kidego eta indarrek askatasunaren eta bizikidetasun demokratikoaren alde egiten duten lana defendatzen duten pertsona guztiak xaxatzea eta iraintzea eta haienganako gorrotoa zabaltzea

 

2.- Ospa Eguneko ekitaldiak bizikidetasunaren aurkakoak direla deklaratzea, errespetu osoa merezi duten pertsona eta talde jakin batzuk herritarren bizitzatik baztertzen dituztelako jazarpenaren eta irainaren bidez

 

3.- Nafarroako Parlamentuaren babesa erakustea Altsasun nahiz Nafarroako gainontzeko herrietan lan egiten duten guardia zibilei nahiz haien senitartekoei, lagunei eta beste segurtasun kidego batzuetako kideei; foruzainei eta polizia nazioanalei, alegia.

 

4.- Errespetua eta demokrazian zor zaien men-egitea adieraztea Botere Judizialak emandako ebazpen nahiz bestelako egintzei, eta babesa erakustea gure herrian independentziaz eta lege demokratikoei soilik men eginez lan egiten duten epaile eta magistratuei”.