Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du posible diren bide guztiak azter ditzan Auzitegi Gorenak zalantzan jarritako trafiko-eskualdaketa obratzeko
Legebiltzarrak "egoki" deritzo Errege Dekretuaren bideari, eta hel egiten die Konstituzioak, LORAFNAk eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak berak babesten dituzten "eskubide historiko"ei
Foru Araubideko Batzordeak erabaki bat onetsi du gaur, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin-ek alde bozkatuta eta UPN, PPN eta Vox-ek aurka, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak honako hau adierazten baitu: "Nafarroako Parlamentua, Legebiltzarreko zerbitzu juridikoek aldeztutako interpretazioarekiko koherentziari heldurik, ez dago ados Auzitegi Gorenaren 2024ko otsailaren 15eko epaiarekin, aurka egiten dielako Foru Komunitatearen eskubide historikoei, zeinek Konstituzioaren eta LORAFNAren babesa baitute, bai eta Auzitegi Gorenaren beraren jurisprudentziak emandako babesa ere".
Hori horrela, "ondorioz, trafikoko eta ibilgailu motordunen zirkulazioko eginkizunak eta zerbitzuak Nafarroari eskualdatzeko, egoki deritzo Errege Dekretuaren bideari".
Onetsitako erabakiak bigarren puntu bat ere badauka, zeinean Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen baitu, "Transferentzien Batzordearen aho bateko erabakia beterik, 2023ko martxoaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuak posible diren modu guztiak azter ditzan ebazpen judizial horrek eragindako egoera leheneratzeko, eta trafikoaren nahiz ibilgailu motordunen arloan Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzea gauzatzeko, hain zuzen erabaki horretan zehaztutako moduaren arabera".
Horrez gain, hirugarren atal batean Nafarroako Parlamentuak "berretsi egiten du Nafarroaren autogobernuarekiko konpromisoa, eta trafiko nahiz bide-segurtasunaren gaineko eskumena Nafarroari LORAFNAn aitortzen zaion eskumena dela eta Konstituzioak eskubide historiko bezala babestua dela jotzen du".
Onetsiriko erabakia da talde horien beren ekimenez aurkeztutako adierazpen instituzional baterako proposamenari emandako erantzuna, proposamen hori Vox-ek emandako aurkako botoarekin joan den otsailaren 26an Eledunen Batzarrak errefusatua izan ondoren.
UPNren talde parlamentarioak ordezte-zuzenketa bat aurkeztu du, ekimenaren jabe izandako PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek ez onartua. Zuzenketak asmotzat izan du "Parlamentuak botere-banaketa errespetatzea" eta "Legebiltzarrak foruaren hobekuntzarekiko konpromisoa izatea, konstituzio-araubide indardunaren barrenean".
Gainera, "epaia ezin denez errekurritu", Nafarroako Gobernuari dei egiten zitzaion "eskumenaren bereganatze esklusiboa gauzatzera", halako moldez non, "Foruzaingoaren buruzagitzapean, errepideko zainketa-zerbitzuak batera emanen baitituzte Guardia Zibilak eta Nafarroako poliziak".
Zioen azalpenean, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek bultzaturiko erabakiak 252/2023 Errege Dekretuaren atzetik dagoen gehiengo parlamentarioa aldarrikatzen du. Aipatu errege dekretuak arau bihurtzen du Transferentzien Batzordearen 2023ko martxoaren 22ko erabakia, trafikoaren eta motordun ibilgailuen zirkulazioaren alorreko eginkizun eta zerbitzuen eskualdaketa aldezteko, aurre eginik Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko auzien Laugarren Salak emandako deusezte-epaiari (258/2024 zenbakiduna).
Transferentzien Batzordea da Nafarroa eskudun den alorretan eginkizun eta zerbitzu berrien eskualdaketa erabakitzen den organoa. Batzordeburu dira Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako ministroa eta Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariordea, eta horiez gain batzordekide dira Estatuaren zortzi ordezkari eta Foru Komunitatearen beste zortzi. Azken horien artean daude ordezkari parlamentarioak. Erabaki-hartzean horiek duten pisua azken hauteskundeetan lortu zuten boto-kopuruarekiko proportzionala da.
Bilkuran Ainhoa Unzu (PSN) aritu da lehendakari, eta bertaratu dira Javier Esparza, Cristina López, Yolanda Ibáñez, Leticia San Martín (UPN talde parlamentarioa), Ramón Alzórriz, Inma Jurío (PSN talde parlamentarioa), Laura Aznal, Adolfo Araiz (EH Bildu talde parlamentarioa), Pablo Azcona, María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa), Javier García (PPN talde parlamentarioa), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa) eta Emilio Jiménez (Vox talde parlamentarioa).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (34. NPAO, 2024-03-05koa)