Nafarroako Parlamentuak Nafarroako kultur sektorearekiko konpromisoa berretsi du
Ganberak udarako protokolo zehatza eta zuzeneko solaskidetzarako bide bat eskatu ditu toki-administrazioei datorren hiruhilekoan kultur jardueren programazioa eta antolaketa erraztearren
Nafarroako kultur jarduera duintzeko eta haren etorkizuna bermatzeko Ponentziako lehendakariak, Carlos Menak, asteazken honetan, ekainak 23, onetsitako adierazpen instituzionalaren irakurraldi publikoa egin du gaur, Foru Komunitateko kultur sektoreari Legebiltzarraren babesa adierazteko.
Adierazpen instituzionalak txostenaren lehen ondorioak jasotzen ditu, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakariaren eta Kultura eta Kirol kontseilariaren agerraldien eta sektorearen beharrak eta eskaerak ezagutu ondoren. Sektorearen berehalako helburua "uda honetako kultur programazioa bultzatzea" da.
Ildo horretan, Parlamentuak udako protokolo bat ezartzeko deia egiten die Nafarroako erakundeei, jarraibide argiekin, osasun publikoko institutuak emandako irizpideekin bat etorriz, kultur jardueren programazioa eta antolaketa erraztearren. Eta, zehazki, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio zuzeneko solaskidetzarako bide bat ezar dezan, aholku emateko edo toki-administrazioek datorren hiruhilekoko kultura-programazioari buruz dituzten zalantzak argitzeko.
Azkenik, eta ondorio gisa, Parlamentuak aitortzen du Covid-19aren krisiak agerian utzi duela "Nafarroako kultura-arloaren egiturazko prekarietatea eta erakunde publikoek beren jarduketak berrikusteko, arau-defizitak aztertzeko eta lege- eta aurrekontu-esparru berriak aktibatzeko beharra".
Maiorga Ramirezek, ponentzia sortzeko ekimenaren titularrak, testua euskaraz irakurri du.
Navarrak Sumak, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek eskatuta Eledunen Batzarrak atzo onetsitako adierazpen instituzionalak hala dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako erakunde guztiak premiatzen ditu honako hauek lortzera:
-Uda osoan protokolo/semaforo egonkor bat egon dadin, toki entitateei jarraibide argiak emanen dizkiena, oinarritzat harturik 2021eko uztailaren 1a baino lehenagoko egoera eta Osasun Publikoaren Institutuak emandako irizpideak, kultur jardueren programazioa eta antolaketa erraztearren. Horren zehaztapenean kulturaren sektoreak parte hartu ahalko du.
-Barne Departamentuaren, Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen artean koordinazioa egon dadin, kultur jarduerak segurtasun-baldintzetan egin daitezen bermatzeko.
- Nafar profesionalen eta irabazi-asmorik gabeko elkarteen kontrataziorako pizgarriak eman daitezen, herri- eta toki-kulturaren adierazpideen garapena indartzeko, programa propioen bitartez.
- Nafar folklorearen mahaia sor dadin, herri-kulturaren alde iraunkortasun-asmoz diharduten elkarte, federazio eta taldeak bilduko dituena.
- Gune berriak apailatzea, irekiak, alternatiboak, kultur programaziorako erabilera eskasa izan dutenak. Horretarako, erakundeek burokrazia sinpletzeko salbuespenezko neurriak hartuko dituzte, orobat salbuespenezkoa den egoera batean.
- Deskontu-bonuen kanpaina bat taxutu dadin, Nafarroako lurralde osoan kultur kontsumoa pizteko.
Nafarroako Gobernuari:
- Zuzeneko solaskidetzarako bide bat ezar dezan, toki-administrazioetako uda-programazio kulturalari buruz aholku emateko edo zalantzak argitzeko.
- Herri txikietan kultur proposamen askotarikoa eskain dadin.
- Katalogo eguneratu bat jar dadin toki-entitateen eskura kulturaren atari digitalaren bitartez, Nafarroako hirugarren sektoreko kultur jardueren kontratazioa errazteko eta pizteko.
- COVID-19aren pandemiaren ondorioz jasandako galerengatiko laguntza ekonomikoak kultur sektorearentzat aktibatzeko konpromisoa.
2. Halaber erabaki du Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren bitartez toki entitateei gomendatzea honako neurriak har ditzaten:
- Udan zehar kultur programazioa areagotzea Nafarroako herrietan.
- Herriko festetarako aurrekontua bete dadin, hori bideratuz udan zeharreko kultur arloko programazio eta jardueretara.
- Gune publiko, antzoki eta entzunaretoetarako sarbidea erraztea Nafarroako kultur elkarte eta enpresei.
3. Adierazpen instituzional honen gaztelaniazko eta euskarazko irakurraldi publikoa eginen da Legebiltzarraren egoitzako atalondoan, 2021eko ekainaren 24an, 09:30ean."