Nafarroako Parlamentuak pertsona guztien giza eskubideak bermatzearen aldeko konpromisoa eta pertsona errefuxiatuekiko elkartasuna agertzen du
Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2021eko ekainaren 21ean
Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak pertsona guztien giza eskubideak bermatzearen aldeko konpromisoa eta pertsona errefuxiatuekiko elkartasuna agertzen du. Nafarroako Alderdi Sozialistak, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda Ezkerrak aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Pertsona guztien giza eskubideak bermatzearen aldeko konpromisoa eta pertsona errefuxiatuekiko elkartasuna agertzen du, erabateko zaurgarritasun egoeran bizi baitira jatorrizko herrialdeetan pairatzen duten jazarpen edo beldurragatik.
2. Dei egiten die Europar Batasuneko estatu kideei, legezko bide seguruak gaitu daitezen mugak sendotu ordez, horrek milaka pertsona behartzen baititu euren bizitzak arriskuan jartzera ibilbide gero eta arriskutsuago eta hilgarriagoetan.
3. Uste du beharrezkoa dela Immigrazioaren eta Asiloaren Europako Paktuaren politiketan adostasuna bilatzeko lanean jarraitzea, bere balioekiko leiala den Europa baten alde, gerratik, jazarpenetik eta torturatik ihes egiten dutenei mugak itxi gabe.
4. Dei egiten dio Espainiako Gobernuari lanean jarrai dezan Kanariar Uharteetatik eta Ceuta eta Melillatik iritsitako pertsonek bizi duten egoerari konponbide bat emateko”.