Nafarroako Parlamentuak pertsona guztien giza eskubideak bermatzearen aldeko konpromisoa eta pertsona errefuxiatuekiko elkartasuna agertzen du
Legebiltzarrak bat egiten du Torturaren Biktimei Babesa emateko Nazioarteko Egunaren eta LGTBI kolektiboaren harrotasunaren Egunaren ospakizunekin
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Torturaren Biktimei Babesa emateko Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Lehendakaritzak aurkeztu du.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak aitortza egiten die biktima horiei gizartearen aurrean, giza eskubideen urraketa larri honek dakarren injustizia dela-eta, eta bat egiten du Torturaren Biktimei Babesa emateko Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten du LGTBI kolektiboaren harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin, zeina heldu den ekainaren 28an eginen baita. Adierazpena Navarra Sumak, Nafarroako Alderdi Sozialistak, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda Ezkerrak aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak aurten ere bat egiten du LGTBI kolektiboaren harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin, zeina heldu den ekainaren 28an eginen baita, eta sexu-askapenaren bandera jarriko du ikusteko moduko leku batean, legebiltzarrak sexu-aniztasunarekin duen konpromisoaren agerkari.
2. Nafarroako Parlamentuak giza eskubideekiko konpromisoa berresten du, eta adierazten du beharrezkoa dela inbertitzea sexu-bestelakotasuna eta pertsonak beren sexu-orientazioa edo genero-identitateagatik ez diskriminatzen lagunduko duten politiketan. Horretarako, arreta, informazio, sentsibilizazio, prestakuntza eta kontzientziaziorako programak eta proiektuak garatu behar dira, gure herri eta hiriak sexu-bestelakotasunaren adierazpen guztientzako gune askeak izan daitezen.
3. Nafarroako Parlamentuak hezkidetza derrigorrezko hezkuntza-balio gisa lantzearen aldeko apustua egiten du funts publikoekin ordaintzen diren ikastetxe guztietan.
4. Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du Nafarroako LGTBI+ Foru Legea ezartzen jarraitzea, eta uste du sexu-orientazioari, genero-adierazpenari eta sexu- edo genero-nortasunari buruzko prestakuntza beharrezkoa dela administrazio publiko guztietan eta bereziki gizarte-, osasun- eta landa-arloetan.
5. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du gizarte askeago eta berdinzaleago bat eraikitzeko lan egiteko, eta eskatzen du familia-aniztasunari eta adineko LGTBI pertsonei zor zaien errespetua emateko. Horretarako, gure Erkidegoko erakunde guztiekin, elkarteekin eta LGTBI kolektiboarekin lan egiteko konpromisoa hartzen du”.
Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak pertsona guztien giza eskubideak bermatzearen aldeko konpromisoa eta pertsona errefuxiatuekiko elkartasuna agertzen du. Nafarroako Alderdi Sozialistak, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda Ezkerrak aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Pertsona guztien giza eskubideak bermatzearen aldeko konpromisoa eta pertsona errefuxiatuekiko elkartasuna agertzen du, erabateko zaurgarritasun egoeran bizi baitira jatorrizko herrialdeetan pairatzen duten jazarpen edo beldurragatik.
2. Dei egiten die Europar Batasuneko estatu kideei, legezko bide seguruak gaitu daitezen mugak sendotu ordez, horrek milaka pertsona behartzen baititu euren bizitzak arriskuan jartzera ibilbide gero eta arriskutsuago eta hilgarriagoetan.
3. Uste du beharrezkoa dela Immigrazioaren eta Asiloaren Europako Paktuaren politiketan adostasuna bilatzeko lanean jarraitzea, bere balioekiko leiala den Europa baten alde, gerratik, jazarpenetik eta torturatik ihes egiten dutenei mugak itxi gabe.
4. Dei egiten dio Espainiako Gobernuari lanean jarrai dezan Kanariar Uharteetatik eta Ceuta eta Melillatik iritsitako pertsonek bizi duten egoerari konponbide bat emateko”.