Noiz argitaratua Asteartea, 2023.eko Urriak 17

Nafarroako Parlamentuak Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldi bat egin du

Unai Hualdek Ganberak gertuko eta urruneko desberdintasunekiko duen sentsibilitatea nabarmendu du, eta Palestina astintzen ari den eta migrazio-prozesuetan nagusi den gizatasun eza aipatu du

Nafarroako Parlamentuak Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldi instituzional bat egin du gaur Gizarte Erakundeen Plataformarekin batera. ‘Lan duina eta babes soziala pertsonen duintasunerako’ goiburupean, “pobreziari eta desberdinkeriari aurre egiteko konpromiso politiko eta instituzional irmoa” mahai gaineratzeko balio izan du.

 

Hala adierazi du Unai Hualde Parlamentuko presidenteak Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunaren betetze-maila ebaluatzeko diseinatutako tresna aurkeztu ondoren. Legebiltzarreko "gehiengo zabal" batek partekatutako lehentasuna da. “horren lekuko da ostegun honetako Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozioa; izan ere, gaurko ekitaldirako ezin izan dugu adierazpen instituzional bat onetsi,  Voxen babesik gabe ezinezkoa den ahobatezko eskaera dela eta".

 

Hala mintzatu da Unai Hualde GEPeko elkarteen eta kolektiboen ordezkaritza zabal baten aurrean, eta haiekin partekatu nahi izan du Nafarroan, “adierazle onak izan arren, agerian dauden pobrezia- eta desberdintasun-egoerak iraultzeko Nafarroako Parlamentuak duen prestutasuna”.

 

"Pobreziaren edo gizarte-bazterkeriaren indize txikiena (biztanleriaren % 10,9) eta AROPE tasa onena (arriskuan dauden biztanleen % 14,5) duen erkidegoa gara, baina adostasun handiak behar ditugu pertsona guztiei eskubide guztiak bermatzeko. Hurbilen ditugun errealitateei, baina baita gure mugetatik kanpokoei ere, arreta berezia eskaintzen dien parlamentua da gurea. Gaur bezalako egun batean, Palestinaz eta Mediterraneoko eta Atlantikoko migrazio-mugimenduez oroitu behar dugu. Oso ankerra da. Gai horietan ez dago alderdikeriarik. Gobernatzen duena edozein dela ere, bazterketarik gabeko gizarte baten alde lan egin behar da”, berretsi du Unai Hualdek.

 

Ondoren, Jon Gonzalez eta Andrea Corera GEPeko ordezkariek "Nafarroako pobrezia eta desberdinkeria desagerrarazteko" eta "herrialde pobretuekiko konpromisoa indartzeko" deia egin diete indar politikoei, 2030 Agendako GJHei lotutako 2021-30 Ituna erreferentzia gisa hartuta.

 

Nafarroari dagokionez, "96.000 pertsona pobrezia arriskuan daude. Erregistroak are okerragoak dira desgaitasunaz ari bagara, batez besteko errenta txikiagoa baita eta gastuak, berriz, handiagoak. Aurreiritziek eta diskriminazioak izugarri zailtzen dute gizartean eta lan-munduan sartzea".

 

Egoera "zail eta korapilatsu" horren erdian, GEPek "eredu ekonomiko solidarioak indartzea" eskatzen du, tokiko ekonomia lehenesten dutenak, enplegu duinak bermatzen dituztenak, ingurumen-konpromisoa dutenak eta bazterketa-arriskuan dauden pertsonei aukerak eskaintzen dizkietenak. “Erakundeen inplikazioa eskertzen dugu, eta pobreziaren belaunaldien arteko transmisioa geldiarazteko neurriak eskatzen dizkiegu. Beharrezkoa da bizi-baldintza duinak, seguruak eta inklusiboak bermatzea planetako leku guztietan".

 

Nafarroako Parlamentuak, bere aldetik, Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Egunari buruzko olana zintzilikatuko du egoitzaren aurrealdean.

 

Ekitaldian izan dira Yolanda Ibañez, Mahaiko Lehen idazkaria, Raquel Garbayo (UPN), Ramón Alzórriz (PSN), Xabier Arza (EH Bildu), Itxaso Soto (Geroa Bai), Javier García (PPN), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).

 

Gizarte Erakundeen Plataforma (PES) 160 erakunde baino gehiagok osatzen dute, zehazki honako elkarte hauek: Nafarroako GGKEen Koordinakundeak (CONGDN), Ekonomia Alternatibo eta Elkartasunezkoaren Sareak (REAS Nafarroa), Pobreziaren  kontrako Sareak, eta Desgaitasuna duten Pertsonak ordezkatzen dituzten Nafarroako Erakundeen Batzordeak (CERMI Navarra-Nafarroa, CERMIN).