Nafarroako Parlamentuak uste du ezin larriagoa eta zuzenbideko estatu bati ez dagokiona dela Nafarroako Gobernuko kontseilari bat zelatatu ahal izana
Berdintasunerako politika publikoen bidez egindako lana azpimarratu du Ganberak, eta bat egin du M-8aren harira Nafarroako txoko bakoitzean antolatutako ekitaldiekin
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak uste baitu ezin larriagoa eta zuzenbideko estatu bati ez dagokiona dela Nafarroako Gobernuko kontseilari bat zelatatu ahal izana. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute. Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio: 1. Nafarroako Parlamentuak uste du ezin larriagoa eta zuzenbideko estatu bati ez dagokiona dela Nafarroako Gobernuko kontseilari bat zelatatu ahal izana. 2. Nafarroako Parlamentuak bere nahia adierazten du, gai hau sakonean iker dadin, jakite aldera Nafarroako Gobernuko kide gehiago egoera berean egon ahal izan den. 3. Nafarroako Gobernuak eskatzen du erantzukizunak argitu daitezen eta beharrezkoak diren neurriak har daitezen halakorik berriro ez gertatzeko. - Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen baitu, egunerokoan eta bere eskumeneko esparruan, jarrerak eta konpromisoak mantentzeko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerantz hasitako gizarte-eraldaketari eusteko eta bide horretan aurrera egiteko, gizarte justu eta demokratikoagoa lortzeko bermea baita. PSNk, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute. Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio: Nafarroako Parlamentuak: 1. Bat egiten du Nafarroako Berdintasunerako Institutuak sustatutako “PORTI. POR TODAS” “ZUREGATIK.GUZTIENGATIK” kanpainarekin, zeinaren bidez nabarmendu nahi baita borroka feminista eta berdintasunari buruzko politika publikoen bidez eginiko lana lagungarria izaten ari dela Nafarroa osoko emakumeen bizitza eta aukerak hobetzeko. 2. Bat egiten du Nafarroako txoko guztietan antolatutako ekintza guztiekin, bai eta emakumeen eskubideetan atzera egitea aldezten dutenen mezuak zalantzan jartzearekin ere. 3. Konpromisoa hartzen du, egunerokoan eta bere eskumeneko esparruan, jarrerak eta konpromisoak mantentzeko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerantz hasitako gizarte-eraldaketari eusteko eta bide horretan aurrera egiteko, gizarte justu eta demokratikoagoa lortzeko bermea baita".