Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Irailak 30

Nafarroako Parlamentuak zeharo errefusatzen du Hazte Oir plataformak “Protege los niños del adoctrinamiento en ideología de género” izenarekin egindako kanpaina

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2019ko irailaren 30ean

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak zeharo errefusatzen baitu Hazte Oir plataformak “Protege los niños del adoctrinamiento en ideología de género” izenarekin egindako kanpaina. Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteek eta Izquierda-Ezkerra Talde Mistoak aurkeztu dute.

 

eta 2 puntuak Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi dira; 3. puntua aho batez onetsi da eta 4. puntuaren aurka bozkatu du Navarra Sumak.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak erabat arbuiatzen du Hazte Oir elkarteak sustatutako idazkia, bai eta errespetuaren, berdintasunaren eta askatasunaren aurkako ideiak transmititzen dituen eta, hezkuntza afektibo-sexualari eta eskubide-berdintasunari dagokienez, hezkuntza-erkidegoa hertsatzea xede duen edozein ekimen ere.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Hezkuntza Departamentuari eskatzen dio hartu beharreko neurriak har ditzan ikastetxeek gisa horretako materialak baztertu eta hezkuntza-erkidegoan banatu ez ditzaten.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak berresten du dibertsitate sexuala dela-eta errespetua aitortzen duen hezkuntza afektibo-sexual batekiko daukan konpromisoa, Sexu- eta ugalketa-osasunari buruzko 103/2016 Foru Dekretuan, Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako 14/2015 Legean, LGTB+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko 8/2017 Foru Legean edo berriki onetsitako Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legean ezarritakoaren ildotik.

 

4.- Eraso horien aurrean, Nafarroako Parlamentuak inoiz baino beharrezkoagotzat jotzen du Skolae programa babestea, harekiko zalantza gabeko konpromisoa eta haren erabateko garapena funts publikoekin sostengaturiko ikastetxe guztietan”.