Noiz argitaratua Ostirala, 2021.eko Azaroak 26

Nafarroako Parlamentuak ‘Nafarroa koloretan’ erakusketa inauguratu du, Atena Fundazioak sustatua

Abenduaren 22ra arte bisitatu ahalko da, eta Nafarroari omenaldia egiten dio bestelako ikuspegi batetik; sortzaileak adimen-desgaitasuna duten 4 eta 68 urte bitarteko pertsonak izateak balio erantsia ematen dio

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur eguerdian Nafarroa koloretan erakusketa inauguratu du. Atena Fundazioak sustatu du, eta Musika eta Dantza, Arte eta Desgaitasun Eskolan urtero antolatzen duten arte plastikoetako lantegiko ikasleek egin dituzte lanak. Erakusketan “ibilbidea egin daiteke gure komunitateko toki eta paisaia enblematikoetan zehar: badaude Pirinioetako koadroak eta Bardeakoak, Iruñekoak eta erdialdekoak, Nafarroa askotariko lurraldea dela adierazten dutenak”.

 

Hasierako hitzaldian, Unai Hualdek berretsi egin du Parlamentuak desgaitasuna duten pertsonen eskubideak bete eta gara daitezen lanean jarraitzeko hartutako konpromisoa, abenduaren 3an ospatuko den Desgaitasunaren Mundu Egunaren harira. “Horrela gelditu da jasorik Nafarroako CERMINekin batera NUPi eskatu genion txostenean. Nafarroako Gobernuarekin landutako zenbait gai jorratu ditu txosten horrek, eta 2021ean amaitu da; beraz, pixkanaka bete egin beharko dugu”.

 

“Berdintasun eta eskubide kontu batez” ari garela baieztatu ondoren, Hualdek eskertu egin du Atena Fundazioa 2001. urtetik artearen eta kulturaren irisgarritasun unibertsalerako eskubidearen arloan egiten ari den lana, eta lantegien arduradunak zoriondu ditu beren jardunagatik, bai eta margolanen egileak eta Atena Arte Konpainiaren emanaldietan parte hartzen duten pertsonak ere. “Fundazioarekin elkarlanean segitzeko asmotan nago”, esan du, azkenik.

 

Blanca Ruiz Atena Fundazioko lehendakariak azaldu du Nafarroari bestelako ikuspegi batetik omenaldia egitea dela erakusketaren helburua: “Iparraldetik hegoalderako ibilbide bat Nafarroako toki eta monumentu enblematikoetan zehar, Nafarroako paisaiaren askotarikotasuna eta edertasuna islatzeko”. Kolore bizi deigarriez margotutako koadroen bitartez, “erakusketari balioa eransten dio sortzaileak adimen-desgaitasuna duten 4 eta 68 urte bitarteko pertsonak izatea”.

 

Atenako lehendakariak, fundazioaren 20. urteurrenean, egiten duten lana nabarmendu du. “Erakusten dugu artea, sormena eta kultura gizaki guztien oinarrizko eskubideak direla, ondasun unibertsalak eta pertsonak gizarteratzeko zein gizarte osoa hobetzeko tresna onenetakoak”. Konpainiako kideen premiak, erantsi du, beste konpainia batzuen aldean bestelakoak dira, eta horregatik “erakunde gisa, gure betebeharra da pertsona bakoitzari behar dituen laguntzak ematea eta erreferentziako langileak izendatzea lagun egiteko, beren bizi proiektua bete ahal dezaten, hau da, konpainiako kideen kasuan, artista izatea eta beren gaitasun guztiak ikusleei erakustea agertokian”.

 

Ruizek azpimarratu duenez, “guztiok dugu eskubidea kultur bizitzan parte hartzeko, artearen eta kulturaren hartzaile nahiz sortzaile izanik, bakoitzaren gaitasunak edo desgaitasunak gorabehera”. Nafarroako Parlamentuari eskerrak eman dizkio tokia eskaintzeagatik, eta esker onez, fundazioaren izenean, sarrerako informazio-oihalean ageri den margolana eman dio legebiltzarrari, Foruen monumentuan inspiratua, Parlamentuko arte bildumarako dohaintza gisa.

 

Gero, Atena Fundazioko bederatzi artistak emanaldia eskaini dute, zehazki “site specific” bat, alegia, toki jakin baterako pentsatutako esku-hartze bat. Oraingoan Parlamentuko atarirako prestatu dute. Lan horren bidez lekuaren, erakusketaren eta artisten arteko sinbiosia sortu nahi dute “egintza eszenikoaren mesedetan, non koadroak arretagune garrantzitsu diren eta artistak haiekin harremanetan aritzen ahal diren, museoa balitz bezala”.

 

Horretarako inprobisazioaren arau koreografikoak baliatu dituzte, “eta sortu dugun eszenan ikusle gisa ongi identifikatuta sentitzen ahal zarete; koadroak oharkabean gelditzen dira harik eta, azkenean, mugikorren pantailetatik harago begiratzen dugun arte”, adierazi du Ruizek.

 

Ekitaldia legebiltzarraren egoitzako atarian egin da, eta han izan dira, besteak beste, Inma Jurío lehendakariorde lehena, Maiorga Ramírez bigarren idazkaria, Marta Álvarez (Navarra Suma), Ainhoa Unzu (PSN), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Txomin González (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Asun Olaechea, Kontuen Ganberako lehendakaria.

 

Nafarroa koloretan erakusketan hamalau koadro bildu dira, horietatik hamaika 116 x 73 cm-koak eta lau 65 x 54 cm-koak, tenperaz pintatuak mihise gainean. Parlamentuko atarian erakusketa zabalik egonen da abenduaren 22ra arte, 09:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera (ostegunetan izan ezik), eta larunbatetan 11:30etik 14:00etara.

 

Ohi denez, erakusketa hau Kultur Atrio programaren barnean dago. Parlamentuak 2016ko otsailaz geroztik ateak zabaltzen ditu programa horretan eta babesa eskaintzen die askotariko arte- eta zabalkunde-ekintzei.

 

Atena Fundazioa 2001ean sortu zen, senitarte talde baten ekimenez, arte jarduerak adimena, gaitasun emozionalak eta psikomotorrak indartzen dituela sinetsita. Desgaitasuna duten pertsonen garapen osoa sustatzen eta bideratzen aritzen da. Horretarako, haien bizi kalitatea hobetzeko eta haien bizi proiektuan laguntzeko, metodologia propio eta berritzailea erabiltzen dute, artea eta pedagogia uztartzen dituena.