Nafarroako ParlamentuakJosé Antonio Eslavaren obra bat bere artelan-bildumara itzuli du
"Gizona lurra lantzen" da, marmol zuri gaineko 1984ko grabatu bat, eta jadanik ikusgai dago Atalondoaren goialdean, antzinako egoitzatik garraiatua izan ondoren
Nafarroako Parlamentuak José Antonio Eslavaren pieza bat aurkeztu du gaurkoan; zehazki, grabatu bat da, 1984az geroztik Parlamentuaren ondarean zegoena, une hartan erabaki zen-eta artelan hori erostea Arrieta kaleko egoitza izandakoaren solairu nagusia "duindu eta dekoratzeko".
Eta hantxe iraun du José Antonio Eslavaren grabatuak, harik eta, Argitalpen, Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuaren ardurapean eginiko inbentario-lan baten ondorioz, Mahaiak 2023ko urriaren 16an erabaki arte Gizona lurra lantzen lana berreskuratu, lekualdatu eta Atalondoko aurrez aurreko iraganbidean instalatzea, Oteizaren bi Buruen ezkerretara eta horiekiko oreka bete-betean.
Nafarroako Parlamentuak Iruñean 1936an jaiotako artistaren grabatua inoiz laga edo dohaintzan eman ez bazuen ere, Navas de Tolosa kaleko egoitza berrira 2002ko azaroaren 18an lekualdatu zenean ez zuen kokaleku berrira ekarri.
Aipatu obra desmuntatu eta garraiatzearen zailtasunak zirela eta (250 kilo pisatzen du), artelana zegoen-zegoenean uztea erabaki zen, Arrieta 12ko eraikinaren bosgarren solairuan alegia, lehendakariaren bulegoa izandakoaren aldamenean, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak gaur egun daukan egoitzan. Eta hantxe eman ditu 20 urte.
Unai Hualdek jakinarazi du "pozik" dagoela artelanari berriro ere abegi egitearekin, "bertako artegileen obretako beste bat" den horri, zeinak sinbolizatzen baititu "Nafarroaren izateari hain lotuta dauden gaiak, hala nola soroko, naturaren baitako lana".
Azpimarratu ondoren Atalondoa "toki perfektua" dela "artelana bera eta horren esanahia" nabarmenagotzeko, lehendakariak bere mintzaldia amaitu du azpimarratuz Legebiltzarrak "nafar sortzaileen ekoizpen, bilketa eta sustapen artistikoari" ematen dion garrantzia.
Gizona lurra lantzen marmol gaineko grabatu bat da (141 x 100 cm), lau koloretan (urdina, grisa, arrea, zuria) eta oliozko tintan egina. Irudikatzen du soroa lantzen duen gizonaren, hazien, lurraren eta zeruko itxaronaldiaren bat-etortze emankorra. Artelan nafartzat eta halaber unibertsaltzat jotzen da.
Margolaria, marrazkilaria, grabatzailea, margolaritza-irakaslea eta eskultorea: José Antonio Eslava Gerra Zibilaren osteko hamarkadetan aritu ziren nafar artista polifazetiko eta estilistikoki aurreratuen belaunaldiaren kide dugu. XXI. mendean txertaturiko Errenazimentuko gizontzat hartua izan daiteke. 2023ko martxoaren 23an Carlos III.a Noblearen Gurutzea jaso zuen, bere ibilbide artistiko eta humanistiko diziplinartekoagatik eta hainbat artista-belaunaldiren prestakuntzan egindako lanagatik, bai eta Foru Komunitatearekin izan duen eskuzabaltasunagatik ere".