Nafarroako Parlamentuan ‘Borta’ aurkeztu da, Erronkaribarko ondarea balioesteko proiektua
Unai Hualdek belaunaldi arteko komunikazioaren garrantzia azpimarratu du eta gure herri eta ibarren kultur ondarea berreskuratu eta ezagutarazteko konpromisoa goraipatu
Nafarroako Parlamentuan gaur arratsaldean ‘Borta’ izeneko belaunaldi arteko proiektua aurkeztu da. Erronkaribarko bizimodu tradizionaleko berezko elementuak babestea du helburu, horrela, kontakizunez kontakizun, argazkiz argazki, beren muina ahozkotasunaren eta teknologia berrien bitartez defendatzeko asmo sendoa duten lurralde baten eta zazpi herriren kultur legatua berridazteko. Horren emaitza dira liburu ibiltari handi bat eta webgune bat, “balioak, sinesmenak eta ohiturak” zabaltzeko plataforma gisa dihardutenak, haiek zaintzeko konpromisoa hartu baitute, Unai Hualdek baieztatu duenez.
Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eman dio hasiera ekitaldiari. Haren ustez, ibar osoan banatutako boluntario taldeen bitartez gauzatutako ekinbide honen garrantzia Erronkaribarko historia eta oraina “batu, berreskuratu eta babestearen” ideian datza.
“Proiektu honetan bat egin dute Garde, Burgi, Izaba, Erronkari, Ustarrotz, Bidankoze eta Urzainkiko zenbait belaunaldik. Belaunaldien arteko harreman tradizional horiek berreskuratu nahi dira argazkiak baliatuz, bai eta teknologia berriak ere. Garrantzia eman behar zaie gure herri eta ibarretako istorioei, gal ez daitezen. Belaunaldien arteko harreman tradizionaletan oinarritutako proiektu hauek garrantzi handikoak dira”, berretsi du Hualdek.
Ildo horretan, lehendakariak Erronkaribarko Batzordeari eskerrak eman dizkio bere inguruneko “ondare materiala eta immateriala balioestearen alde” apustu egiteagatik, eta ondoren arreta jarri dio Parlamentua Pirinioetako Mahaiarekin batera egiten ari den lanari, “despopulazioari aurre egin eta biztanleen bizi kalitatea eta zerbitzuak hobetzeko”. “Pirinioetako eskualdea interes berezikoa da legebiltzar honentzat, halaxe frogatu dugu azken bi legegintzaldietan. Hainbat gauza gelditzen dira egiteko, lanean jarraitu beharko da Gobernuarekin eta toki erakundeekin batera”.
Ondoren, Erronkaribarko Batzordeko lehendakari Eneko Egigurenek hau adierazi du: “Ahozko transmisioa funtsezkoa da gure ondareari bizirik eusteko eta horixe erakusten digu ‘Borta’ proiektuak. Erronkaribarko Batzorde Nagusiak ezinbestekotzat jotzen du mendeetako ondare eta kultura horiek zaindu eta mantentzea. Bizirik eutsi nahi diogu gure nortasunarekiko konpromisoari. Bortak, gure etxeetako atariak, ibarreko historiaren lekuko izan dira, hainbat solasaldiren agertoki bereziak. Iraganeko mendeak atzean gelditu dira, etorkizuna etorriko direnentzat da. Garena atzotik etorri zaigu, etorriko dena biharko lana da”.
Jarraian, José María Agramonte Bardeako Batzordeko lehendakariak honako hau esan du: "Naturaren eta historiaren arteko nahasketaren emaitza gara, belaunaldiz belaunaldi bildu eta transmititutako askotariko ezagutzen fruitua. Horregatik, hil ala bizikoa iruditzen zaigu Errege Bardeako Komunitateak Erronkaribarrekin batera daukan ondare immateriala berreskuratzen laguntzea. Ingurune fisikoaren eta komunitateek denboran zehar hura erabili duten moduaren arteko elkarrekintza etengabeak paisaia kulturalak eratu ditu. Paisaia horiek, beren aniztasunean, beti izan dituzte berezko osagai komun batzuk, eta, osagai horien kariaz, ezin dira ulertu ez bada inguruko naturarekin eta historiarekin loturik. Paisaia horiek, hainbat inguruabar tarteko, gaur egun kalteberak dira alderdi askotan".
Beatriz Gallego antropologoak, bestalde, “landa eremuan mendeetan ahozkotasuna bizimoduen transmisiorako gakoa” izan dela azaldu du. “Informazio jario etengabe batean, dela sutondoan solasean dela era guztietako zereginetan, nagusiek gazteei erakusten zizkieten toki izenak, kantak edo esaera zaharrak, baita edozeri buruzko jakintza, ohiturak, sinesmenak eta balioak ere. Benetako kultur legatua da, nortasunak mamitzen dituena”.
Ildo beretik, Gallegok ‘Borta’ proiektuaren sorrerako xedea zehaztu du: “Erronkaribarko belaunaldien arteko komunikazio hori sustatzea, garai berrietara egokituta. Izan ere, gaur egun ahozko transmisioan argazkiak eta antzeko elementuak erabiltzen ahal dira eta teknologia berriei esker hura babesten eta hedatzen ahal da. Muinean, hala ere, pertsonen arteko harremanak daude beti bezala. Mezuaren transmisioak arrakasta izan dezan, eten ez dadin, bi borondate batu behar dira: informazioa ematekoa eta informazioa jasotzekoa. Ahalegin kolektibo bati esker berreskuratu ahal izan dira bizimodu tradizionalean oraintsu arte bizirik iraun duten elementuak, liburu ibiltari hau osatzen joateko. Zain ditzagun, goza ditzagun eta, ororen gainetik, mezua iraunaraz dezagun", eskatu du.
Ekitaldia. Atalondoan egin da eta han bildu dira, beste batzuen artean Pachi Pérez (Navarra Suma), Ainhoa Unzu (PSN), Blanca Regúlez (Geroa Bai) y Marisa de Simón (I-E).