Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Martxoak 22

Nafarroako Parlamentuan “Europar Batasuna, YEUF proiektua” jardunaldia izan da

Talde parlamentarioetako ordezkariekiko elkarrizketaren bidez bilatzen da gazteak sentsibilizatzea Europar Batasunak eta Europako hauteskundeek duten garrantziaren inguruan

Nafarroako Parlamentuan Europar Batasuna, YEUF proiektua jardunaldia izan da gaur goizean, non elkarrizketa egin baita gazteen eta talde parlamentarioetako ordezkarien artean, Europar Batasunari, Europako Parlamenturako hauteskundeen garrantziari eta Batasunaren etorkizuneko erronkei buruz.

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eman dio hasiera jardunaldiari eta erakunde legegilearen eginkizunak azaldu ditu, alegia, legeak egitea eta Nafarroako Gobernuaren jarduna kontrolatzea. “Jakina, Nafarroan dugun elkarte-sare garrantzitsuarekin ere elkarlanean aritzea bilatzen dugu, denon artean gure bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin. Gure legegintza-eskumena ezin da Nafarroatik harago iritsi eta beti izan behar ditugu kontuan Estatuko legeak, Konstituzioa eta, nola ez, Europako araudia”.

 

Ildo horretatik, Hualdek azpimarratu egin du Nafarroak Europako politikan parte hartzeak duen garrantzia; izan ere “Europako Parlamentuan gertatzen denak Nafarroako politikan eragiten du, gure eguneroko gai garrantzitsu batzuk han erabakitzen denaren baitan daude”. Adibide gisa, Next Generation funtsak aipatu ditu: Europako Kontseiluak 2020ko uztailean abian jarritako salbuespeneko tresna bat da, aldi baterako suspertzerako, 750.000 milioi euroko zuzkidura duena bermatu ahal izateko Europak erantzun bat ematea estatu kideekin koordinatuta, pandemiaren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko.

 

Halaber, lehendakariak balioan jarri du Nafarroaren parte-hartzea Akitania Berria-Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa Euroeskualdean, hots, mugaz gaindiko eta euroeskualdeko garapen ekonomikoa, soziala, eta kulturala sustatzeko sortutako lurralde arteko lankidetzarako Europako elkartean, zeinak “ ahalbidetzen baitu Nafarroa indartsuagoa izatea Europan eta lankidetzan aritzea beste entitate batzuekin”.

 

Amaitzeko, Hualdek gogorarazi du datorren ekainaren 9an Europako hauteskundeak direla eta dei egin die gazteei ezagutu ditzaten programak, “gure ordezkariek Europako Parlamentuan egin duten lana eta, batez ere, bozgorailu izan daitezen parte-hartze demokratikoak duen garrantziaz kontzientziatzerakoan”.

 

Jarraian Navarra Nuevo Futuro elkarteko ordezkari Jon Etxeberriak eskertu du Parlamentuaren prestasuna ekitaldia antolatzeko, xedea baita “gazteak inplikatzea etorkizunaren eraikuntzan eta haiei informazioa ematea erabaki politikoetan parte hartu ahal izan dezaten”.

 

Ondotik, parte hartu dute Ángel Ansa (UPN), Kevin Lucero (PSN), Irati Jiménez (EH Bildu), Itxaso Soto (Geroa Bai), Javier García (PPN) eta Miguel Garrido (Contigo-Zurekin) parlamentariek eta Voxen ordezkari Juan Mirak, eta azaldu dute zer den beraientzat politika, zer den Europa eta zergatik den garrantzitsua botoa ematea.

 

Parte-hartzeen ondoren atalondoan eztabaidak eta elkartrukeak egin dira taldeka parte-hartzaileen eta ordezkari politikoen artean eta, azkenik, konklusioak aurkeztu dira erabilera anitzeko aretoan.

 

Jardunaldian ondotik datozen zentroetako gazte eta nerabeek parte hartu dute: Uharteko IPI (Oinarrizko LH), Cintruenigoko La Paz DBHI, Iruñeko Jesuitinas Ikastetxeko Batxilergoa, Iruñeko Hezitzaile Eskola eta Éducation Populaire - Familles Rurales (Pays de la Loire). prestakuntza taldea.