Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Azaroak 2

Nafarroako Parlamentuaren 2021eko ekitaldirako aurrekontu proiektua onetsi da

14.596.900 eurokoa da, eta horrekin 2020ko aurrekontu bateratuaren gastu-maila %3,4 jaisten da

Eledunen Batzarrak Nafarroako Parlamentuaren 2021erako aurrekontu proiektua onetsi du. Aurrekontu proiektua 14.596.900 eurokoa da, eta horrekin 2020ko aurrekontu bateratuaren kopuru orokorraren gastu-maila %3,4 jaisten da. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek alde bozkatu dute eta Navarra Suma abstenitu da.

 

Eragiketa arrunten baturak % 1,1 egiten du behera, 13.750.090 eurora arte; kapital-eragiketek, bestetik, % 30,2 egiten dute behera, 846.810 eurora arte. Transferentzia arruntak % 0,6 murriztu dira, eta 13.747.220 eurokoak dira; kapital-transferentziek, bestalde, % 13,4 egiten dute behera, eta 816.205 eurokoak dira.

 

I. kapituluak, “Langileen gastuak” izenekoak, 8.091.944 euro dauzka, eta gastuen aurrekontu osoaren % 55,4 egiten du. Igoera orokor baterako aurreikuspena aplikatu da, Estatuko proiekzioari jarraituz.

 

II. kapituluan, “Gastu arruntak” izenekoan, gastuaren % 0,1eko jaitsiera jasotzen da aurreko ekitaldiko behin betiko aurrekontuarekin alderatuta; kapituluaren guztizko gastua 2.354.348 eurokoa da, eta guztizkoaren % 16,13 egiten du.

 

IV. kapituluak, “Transferentzia arruntak” izenekoak, 3.159.876 euroko guztizko gastua aurreikusten du 2021erako; kopuru hori, besteak beste, talde parlamentarioentzako diru-laguntzetara bideratzen da, 2012 urtetik bere horretan daudenak. Kapitulu honek, halaber, unibertsitateekiko hitzarmenak biltzen ditu, bai eta Sahararen aldeko talde parlamentarioen arteko taldearen diru-laguntza eta herriaren legegintza-ekimenei dagokiena ere. Gainera, partida bat mantendu da egin litezkeen hitzarmen berrietarako, eta garapen edo elkartasun jardueretarako diru-laguntzei dagokionari jarraipena ematen zaio.

 

Azkenik, VI. kapituluak, “Inbertsioak” izenekoak, 786.010 euro dauzka. Zenbateko hori guztizko gastuaren % 5,38 da, eta horrek % 31,8ko jaitsiera dakar (366.908 euro) aurreko ekitaldiko aurrekontuarekiko. VIII. kapituluak, “Aktibo finantzarioak” izenekoak, 57.795 euroko gastua dauka.

 

Nafarroako Parlamentuaren 2021erako proiektu estrategiko gisa, administrazio elektronikoa ezartzeko proiektua eta Legebiltzarraren egitura organikoaren berrantolaketa daude.

 

- Eledunen Batzarrak Nafarroako Arartekoaren Bulegoaren 2021erako aurrekontu proiektua onetsi zuen urriaren 26an. Aurrekontuen zenbatekoa 849.800 eurokoa da (+ % 7,1).

 

- Urriaren 5ean, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi zuten Kontuen Ganberaren 2021erako aurrekontu proiektuaren berri izan zutela. Aurrekontu proiektu hori 2.845.165 eurokoa da, aurreko urtearekin alderatuz %5,19 jaitsi da.