Nafarroako Parlamentuaren 2023ko ekitaldirako aurrekontu proiektua onetsi da
15.719.577 eurokoa da, 2022rako aurrekontu bateratuaren gastu-maila baino %5,2 handiagoa
Eledunen Batzarrak Nafarroako Parlamentuaren 2023rako aurrekontu proiektua onetsi du. Aurrekontu proiektua 15.719.577 eurokoa da, eta horrekin 2022ko aurrekontu bateratuaren kopuru orokorraren gastu-maila %5,2 igotzen da. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek alde bozkatu dute eta Navarra Suma abstenitu da.
Eragiketa arrunten baturak % 5,7 egiten du gora, 14.937.772 eurora arte; kapital-eragiketek, bestetik, % 2,3 egiten dute behera, 781.805 eurora arte. Transferentzia arruntak % 5,7 handitu dira, eta 14.934.902 eurokoak dira; kapital-transferentziek, bestalde, % 2,3 egiten dute behera, eta 758.200 eurokoak dira.
I. kapituluak, “Langileen gastuak” izenekoak, 8.820.070 euro dauzka, eta gastuen aurrekontu osoaren % 56,11 egiten du. Igoera orokor baterako aurreikuspena aplikatu da, Estatuko proiekzioari jarraituz.
II. kapituluan, “Gastu arruntak” izenekoan, gastuaren % 6,6ko jaitsiera igoera da aurreko ekitaldiko behin betiko aurrekontuarekin alderatuta; kapituluaren guztizko gastua 2.615.695 eurokoa da, eta guztizkoaren % 16,64 egiten du.
IV. kapituluak, “Transferentzia arruntak” izenekoak, 3.347.000 euroko guztizko gastua aurreikusten du 2023rako; kopuru hori, besteak beste, talde parlamentarioentzako diru-laguntzetara bideratzen da, 2012 urtetik bere horretan daudenak. Kapitulu honek, halaber, unibertsitateekiko hitzarmenak biltzen ditu, bai eta Sahararen aldeko talde parlamentarioen arteko taldearen diru-laguntza eta herriaren legegintza-ekimenei dagokiena ere. Gainera, partida bat mantendu da egin litezkeen hitzarmen berrietarako, eta garapen edo elkartasun jardueretarako diru-laguntzei dagokionari jarraipena ematen zaio.
Azkenik, VI. kapituluak, “Inbertsioak” izenekoak, 718.010 euro dauzka. Zenbateko hori guztizko gastuaren % 4,57 da, eta horrek % 2,8ko jaitsiera dakar aurreko ekitaldiko aurrekontuarekiko. VIII. kapituluak, “Aktibo finantzarioak” izenekoak, 57.795 euroko gastua dauka.
Nafarroako Parlamentuaren 2023rako proiektu estrategiko gisa, administrazio elektronikoa ezartzeko azken faseari dagozkion inbertsioak sartzen dira, Osoko Bilkuren Aretoaren irisgarritasun-proiektuari dagozkionak eta energia-iturri berriztagarriak aztertzeko eta ezartzeko proiektuari dagozkionak.
Eledunen Batzarrak Nafarroako Arartekoaren Bulegoaren 2023rako aurrekontu proiektua ere onetsi du gaur egindako bilkuran. Aurrekontuen zenbatekoa 1.073.900 eurokoa da (+ % 22,9). PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek alde bozkatu dute eta Navarra Suma abstenitu da.
Bestalde, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi dute Kontuen Ganberaren 2023rako aurrekontu proiektuaren berri izan dutela. Aurrekontu proiektu hori 3.736.050 eurokoa da, aurreko urtearekin alderatuz %15,1 igo da.