Nafarroako Parlamentuaren 2024ko ekitaldirako aurrekontu proiektua onetsi da
16.212.914 eurokoa da, 2023rako aurrekontu bateratuaren gastu-maila baino %3,1 handiagoa
Eledunen Batzarrak Nafarroako Parlamentuaren 2024rako aurrekontu proiektua onetsi du. Aurrekontu proiektua 16.212.914 eurokoa da, eta horrekin 2023ko aurrekontu bateratuaren kopuru orokorraren gastu-maila %3,1 igotzen da. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik, Contigo-Zurekinek, PPNk eta Voxek alde bozkatu dute eta UPN abstenitu da.
Eragiketa arrunten baturak % 2,7 egiten du gora, 15.344.109 eurora arte; kapital-eragiketek, bestetik, % 11,1 egiten dute gora, 868.805 eurora arte. Transferentzia arruntak % 2,7 handitu dira, eta 15.335.809 eurokoak dira; kapital-transferentziek, bestalde, % 12,5 egiten dute gora, eta 853.200 eurokoak dira.
I. kapituluak, “Langileen gastuak” izenekoak, 9.130.710 euro dauzka, eta gastuen aurrekontu osoaren % 56,32 egiten du. Igoera orokor baterako aurreikuspena aplikatu da, Estatuko proiekzioari jarraituz.
II. kapituluan, “Gastu arruntak” izenekoan, gastuaren % 0,1eko igoera igoera da aurreko ekitaldiko behin betiko aurrekontuarekin alderatuta; kapituluaren guztizko gastua 2.619.557 eurokoa da, eta guztizkoaren % 16,16 egiten du.
IV. kapituluak, “Transferentzia arruntak” izenekoak, 3.433.950 euroko guztizko gastua aurreikusten du 2024rako; kopuru hori, besteak beste, talde parlamentarioentzako diru-laguntzetara bideratzen da. Kapitulu honek, halaber, unibertsitateekiko hitzarmenak biltzen ditu, bai eta Sahararen aldeko talde parlamentarioen arteko taldearen diru-laguntza eta herriaren legegintza-ekimenei dagokiena ere. Gainera, partida bat mantendu da egin litezkeen hitzarmen berrietarako, eta jarraipena ematen zaio garapen edo elkartasun jardueretarako diru-laguntzei dagokionari, Nafarroako Parlamentuaren aurrekontuaren % 0,7ra iristen dena, Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunean ezarritako helburua.
Azkenik, VI. kapituluak, “Inbertsioak” izenekoak, 805.010 euro dauzka. Zenbateko hori guztizko gastuaren % 4,97 da, eta horrek % 12,1eko igoera dakar aurreko ekitaldiko aurrekontuarekiko. VIII. kapituluak, “Aktibo finantzarioak” izenekoak, 57.795 euroko gastua dauka.
Nafarroako Parlamentuaren 2024rako proiektu estrategiko gisa, webgune eta intranet berri baten garapenari dagozkion inbertsioak sartzen dira, baita energia-iturri berriztagarriak aztertzeko eta ezartzeko proiektuari dagozkionak.
Eledunen Batzarrak Nafarroako Arartekoaren Bulegoaren 2024rako aurrekontu proiektua ere onetsi du gaur egindako bilkuran. Aurrekontuen zenbatekoa 1.118.400 eurokoa da (+ % 4,1). PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik, Contigo-Zurekinek, PPNk eta Voxek alde bozkatu dute eta UPN abstenitu da.
Bestalde, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi dute Kontuen Ganberaren 2024rako aurrekontu proiektuaren berri izan dutela. Aurrekontu proiektu hori 3.915.100 eurokoa da, aurreko urtearekin alderatuz %4,79 igo da.