Noiz argitaratua Astelehena, 2024.eko Irailak 30

Nafarroako Parlamentuaren 2025eko ekitaldirako aurrekontu proiektua onetsi da

16.484.337 eurokoa da, 2024rako aurrekontu bateratuaren gastu-maila baino %1,7 handiagoa

Eledunen Batzarrak Nafarroako Parlamentuaren 2025erako aurrekontu proiektua onetsi du. Aurrekontu proiektua 16.484.337 eurokoa da, eta horrekin 2024ko aurrekontu bateratuaren kopuru orokorraren gastu-maila %1,7 igotzen da. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik, Contigo-Zurekinek eta PPNk alde bozkatu dute eta UPN eta Vox abstenitu dira.

 

Eragiketa arrunten baturak % 2,1 egiten du gora, 15.670.532 eurora arte; kapital-eragiketek, bestetik, % 6,3 egiten dute behera, 813.805 eurora arte. Transferentzia arruntak % 2,1 handitu dira, eta 15.654.732 eurokoak dira; kapital-transferentziek, bestalde, % 6,4 egiten dute behera, eta 798.200 eurokoak dira.

 

I. kapituluak, “Langileen gastuak” izenekoak, 9.381.620 euro dauzka, eta gastuen aurrekontu osoaren % 56,91 egiten du. Igoera orokor baterako aurreikuspena aplikatu da, Estatuko proiekzioari jarraituz.

 

II. kapituluan, “Gastu arruntak” izenekoan, gastuaren % 0,3ko igoera igoera da aurreko ekitaldiko behin betiko aurrekontuarekin alderatuta; kapituluaren guztizko gastua 2.628.212 eurokoa da, eta guztizkoaren % 15,94 egiten du.

 

IV. kapituluak, “Transferentzia arruntak” izenekoak, 3.498.700 euroko guztizko gastua aurreikusten du 2025erako; kopuru hori, besteak beste, talde parlamentarioentzako diru-laguntzetara bideratzen da. Kapitulu honek, halaber, unibertsitateekiko hitzarmenak biltzen ditu, bai eta Sahararen aldeko talde parlamentarioen arteko taldearen diru-laguntza eta herriaren legegintza-ekimenei dagokiena ere. Gainera, partida bat mantendu da egin litezkeen hitzarmen berrietarako, eta jarraipena ematen zaio garapen edo elkartasun jardueretarako diru-laguntzei dagokionari, Nafarroako Parlamentuaren aurrekontuaren % 0,7ra iristen dena, Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunean ezarritako helburua.

 

Azkenik, VI. kapituluak, “Inbertsioak” izenekoak, 750.010 euro dauzka. Zenbateko hori guztizko gastuaren % 4,55 da, eta horrek % 6,8ko jaitsiera dakar aurreko ekitaldiko aurrekontuarekiko. VIII. kapituluak, “Aktibo finantzarioak” izenekoak, 57.795 euroko gastua dauka.

 

Nafarroako Parlamentuaren 2025erako proiektu estrategiko gisa, webgune eta intranet berri baten garapenari dagozkion inbertsioak sartzen dira, baita artxibo elektronikoa garatzeko lanak, energia berriztagarriak ezartzeko ikerketak eta enplegu publikoan behin-behinekotasunaren indizea mantentzea.

 

Eledunen Batzarrak Nafarroako Arartekoaren Bulegoaren 2025erako aurrekontu proiektua ere onetsi du gaur egindako bilkuran. Aurrekontuen zenbatekoa 1.137.440 eurokoa da (+ % 1,7).

 

Bestalde, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi dute Kontuen Ganberaren 2025erako aurrekontu proiektuaren berri izan dutela. Aurrekontu proiektu hori 3.985.600 eurokoa da, aurreko urtearekin alderatuz %1,8 igo da.