Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak doluminak helarazten dizkie hilaren 29ko eta 30eko uholdeek kalteturiko pertsonen familiarteko eta hurbilekoei
Legebiltzarrak bat egiten du hiru eguneko dolu-aldi ofizialarekin eta bere banderak masta erdian daude atsekabea agertzeko eta DANAren ondorioz hildako eta desagertutakoekiko dolumina adierazteko
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek osoko bilkura eten du 12:00etan, atzo Eledunen Batzarrak onetsitako adierazpen instituzionala irakurtzeko, hilaren 29an eta 30ean izandako uholdeen ondorioz hildako eta desagertutako pertsonen familiarteko eta hurbilekoei atsekabea eta elkartasuna adierazteko.
Gainera, Ganberak bat egiten du estatuan arrazoi hori tarteko deituriko hiru eguneko dolu-aldi ofizialarekin, eta bere kanpoaldeko banderak masta erdian egonen dira, gaur, osteguna, urriaren 31ko 00:00etatik azaroaren 2ko 24:00ak arte.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1. Nafarroako Parlamentuak elkartasuna eta babesa adierazten die Estatuko zenbait autonomia-erkidego kolpatu dituen DANAren ondoriozko hondamendi izugarriak ukitutako eskualdeei.
2. Nafarroako Parlamentuak bere dolumina, atsekabe sakona eta babesa helarazten dizkie hildakoen familiei eta hurbilekoei.
3. Nafarroako Parlamentuak zauritu guztiei opa die laster senda daitezen, eta sakonki deitoratzen ditu izan diren kalte materialak. Halaber, adierazten du Nafarroa prest dagoela une larri hauetan laguntzeko baliabide materialak eta giza baliabideak jartzeko.
4. Nafarroako Parlamentuak elkartasuna eta babesa adierazten die Espainiaren zati bat astindu duen egoera izugarri honetan eskuzabaltasun osoz lanean ari diren pertsonei.