Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Urtarrilak 13

Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak elkarretaratzea egin du Sara Pinaren hilketa gaitzesteko

Kultura-eredua aldatzeko eta emakumeek ingurune orotan askatasun osoa izango dutela bermatzeko erantzun instituzionala hobetzeko konpromisoa hartu du Legebiltzarrak

Nafarroako Parlamentuak osoko bilkura eten eta elkarretaratzea egin du egoitzaren atarian, Eledunen Batzarrak gaur goizean onetsitako adierazpen instituzionalari jarraiki, Tuterako bizilagun Sararen hilketa errefusatu eta gaitzesteko eta familiari eta ingurune hurbilari elkartasuna adierazteko.

 

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak onetsitako erabakia irakurriz eman dio hasiera Osoko Bilkurari, Sara Pina Yereguiren hilketa gaitzesteko. Bere oroimenez Parlamentuak minutu bateko isilunea egin du eguerdian egoitzaren atarian. 

 

Lehendakaritzak aurkeztu duen adierazpenak dioenez, Foru Legebiltzarrak konpromisoa hartzen du, alde batetik, emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeria betikotzen duten rol eta estereotipo sexistetan oinarritutako kultur eredua aldatzeko erantzun instituzionala hobetzeko, bai eta segurtasuna hobetzen eta emakumeek ingurune orotan askatasun osoa baliatu ahal izatea bermatzen laguntzeko.

 

Ildo horretan, eta Emakumeen aurkako indarkeriaren kontra jarduteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea betetzeko borondatea agertu ondoren, herritarrei gonbit egiten die ez daitezen ezer egin gabe gelditu emakumeen aurkako indarkeriaren eta erasoen aitzinean, eta emakumeek segurtasunez eta askatasunez bizitzeko eskubidea dutela erreklamatzen du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak hala dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak errefusatu eta gaitzetsi egiten du Tuterako bizilagun Sararen hilketa, eta bere elkartasuna adierazi nahi die hildakoaren familiari eta ingurune hurbilari une latz honetan.

 

2. Nafarroako Parlamentuak beste behin ere berresten du errefusatu eta gaitzetsi egiten duela gure gizartean gerta daitekeen eraso, indarkeria nahiz jarrera sexista oro, eta konpromisoa hartzen du emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazten, segurtasuna hobetzen eta emakumeek ingurune orotan askatasun osoa baliatu ahal izatea bermatzen laguntzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak, erakunde publikoa den aldetik, Emakumeen aurkako indarkeriaren kontra jarduteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeak tokian-tokian ezartzen dituen betekizunak betetzea bermatzeko konpromisoa hartzen du.

 

4. Nafarroako Parlamentuak gizarte osoari dei egiten dio emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeria betikotzen duten rol eta estereotipo sexistetan oinarritutako kultur eredua alda dezan, bai eta indarkeria matxista errefusatzen jarrai dezan eta indarkeria matxistetatik bizirik atera diren emakumeei babesa ematen jarrai dezan ere.

 

5. Nafarroako Parlamentuak herritarrei gonbit egiten die ez daitezen ezer egin gabe gelditu emakumeen aurkako indarkeriaren eta erasoen aitzinean, eta emakumeek segurtasunez eta askatasunez bizitzeko eskubidea dutela erreklamatzen du.

 

6. Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak elkarretaratzea eginen du ostegunean, urtarrilaren 13an, eguerdian, erakundearen atarian, hilketa hau beste behin gaitzesteko eta emakumeen kontrako indarkeria oro errefusatzeko”.