Nafarroako Parlamentuko Batzorde Iraunkorra eratu da
Gaur, apirilak 4, goizeko 11:00etan egin da Nafarroako Parlamentuko Batzorde Iraunkorraren eratze-bilkura. Izan ere, gaur desegin den Legebiltzarra, heldu den maiatzaren 28an izanen diren Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetarako deialdia egin ondotik.
Legebiltzarraren jarduera zuzentzen duen organoa da Batzorde Iraunkorra, hauteskundeetarako deialdia egiten den egunetik hurrengo legegintzaldiko eratze-bilkura egin arte (2019ko apirilaren 4tik ekainaren 19ra bitartean) edota legegintzaldi bereko bi bilkuraldiren artean –bilkuraldiak urtarriletik irailera eta irailetik abendura izan ohi dira–.
Nafarroako Parlamentuko Batzorde Iraunkorra Legebiltzarreko Mahaiak eta Eledunen Batzarreko kideek osatzen dute eta Parlamentuko lehendakaria da haren lehendakaria. Eledunen Batzarreko kideek emandako boto haztatuaren sistemaz hartzen ditu erabakiak (talde bakoitza zenbat parlamentarik osatzen duen, hainbeste boto izanen ditu taldeko eledunak). Gobernuko kideak joan daitezke Batzordearen bilkuretara. Horretaz gain, talde parlamentario bakoitzak gehienez ere hiru foru parlamentari ordezko izendatzen ditu, izaera iraunkorra izanen dutenak Legebiltzarra desegiten denetik.
Batzorde Iraunkorreko Mahaia Nafarroako Parlamentuko Mahaia da, eta lehendakari Unai Hualde jaunak, lehen eta bigarren lehendakariorde Inma Jurio andreak eta Yolanda Ibáñez andreak, eta lehen eta bigarren idazkari Juan Luis Sánchez de Muniáin jaunak eta Maiorga Ramírez jaunak osatzen dute. Halaber, Batzorde Iraunkorreko kide dira ondoko eledunak: Javier Esparza (Navarra Suma), Ramón Alzórriz (PSN), Uxue Barkos (GB), Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal dugu), eta Marisa de Simón (I-E).
Mahaiko kideez eta talde parlamentario eta foru parlamentarien elkarteetako eledunez gain, ondoko foru parlamentariak izendatu dituzte ordezko gisa: Marta Álvarez, María Jesús Valdemoros, Ángel Ansa (Navarra Suma), Ainhoa Unzu, Jorge Aguirre, Nuria Medina (PSN), María Solana, Pablo Azcona, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Laura Aznal, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).
Batzorde Iraunkorraren bilkurak lehendakariak deitzen ditu, bere ekimenez edo gutxienez bi talde parlamentariok edo Legebiltzarreko kideen bosten baten ordezkaritzak eskatuta. Eskaerak nahitaez jaso beharko du kasuan kasuko gai zerrenda, eta bertan soilik sartu ahalko dira Batzorde Iraunkorraren eskumenekoak diren gaiak.
Batzorde Iraunkorrak eginkizun hauek izanen ditu:
1. Parlamentuaren agintaldia bukatuz gero, ohiz kanpoko eta premiazko beharra baldin badago, Legebiltzarraren eginkizun guztiak bete ditzake.
2. Bi bilkuraldiren artean, bilkura berezietara dei egiteko ekimena erabil dezake, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 17. artikuluan eta Parlamentuaren Erregelamenduko 72.2 artikuluan aipatzen denari jarraituz.
Parlamenturako hauteskundeak egin ondoren, Batzorde Iraunkorrak, Legebiltzarra osatu eta gero, aztertutako gaien eta hartutako erabakien berri jakinaraziko dio Osoko Bilkurari.