Nafarroako Parlamentuko Erregelamendu berriaren proposamenari buruzko irizpena onetsi da
Estatutuak Ponentziaren txostena hartzen du oinarritzat, eta hainbat aurrerapen aurkezten ditu parte-hartzearen, gardentasunaren, transfugismoaren eta hizkuntza inklusiboaren arloetan
Erregelamendu berriaren proposamenari buruzko irizpena onartu du gaur Erregelamendu Batzordeak, hurrengo legegintzalditik aurrera Ganberaren barne antolaketa eta funtzionamendua arautuko dituena; zehazki, maiatzaren 28rako aurreikusitako foru hauteskundeen biharamunetik aurrera.
Azken dokumentuak berrikuntza aipagarriak ditu herritarren parte-hartzeari, gardentasunari, transfugismoari edo hizkuntza inklusiboari dagokienez, eta ia salbuespenik gabe errepikatzen du Batzordean eratutako Ponentziak egindako txostena; izan ere, urtarrilaren 25ean, ia bi urteko lanaren ondoren, gehiengo zabalarekin babestu zuen proposamena.
Podemos-Ahal Duguren eskariz Parlamentuko Mahaiak otsailaren 15ean onetsitako Ponentziaren hasierako xedea zen Erregelamendua Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko 12/2019 Foru Legearen xedapen iragankor bakarrean xedatutakora egokitzea, bertan, 5. artikuluan jasotako eskubideen erabilera bermatzeko, gehienez ere 6 hilabeteko epea ematen baitzen.
Hala, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk sustatutako proposamenak XIX. titulu berri bat eransten du, Herritarren Partaidetzari buruzkoa. Titulu horretan, Nafarroan bizi diren herritarrei eta Foru Erkidegoko egoiliarrak diren pertsona juridikoen ordezkariei Ganberaren jardueran parte hartzeko legitimazioa ematen zaie, hiru tresna berriren bidez: Gobernuari (edo kideei) ahozko galderak egitea, mozioak aurkeztea eta adierazpen instituzionalak proposatzea, kasu guztietan herritarren ekimenez. Era berean, legegintzako herri-ekimenak indarrean jarraitzen du.
Galderen eta mozioen kasuan, Osoko Bilkurara bideratuko dira, betiere Ganberako kide batek gutxienez bere gain hartzen baditu (bat baino gehiago badira, bere asmoa Mahaiari helarazi dion lehen legebiltzarkideari esleituko zaio). Nolanahi ere, hitzaldiaren hasieran egilea aipatuko du, eta formulazioan ezingo du testuaren jatorrizko edukia aldatu.
Osoko bilkura bakoitzeko gehienez ere herri-ekimeneko lau galdera edo mozioren muga ezarri da. Eta jasota geratzen da ezen, bilkura-aldi bat amaituta, inork gauzatu ez dituen mota horretako galderak edo mozioak bertan behera geratuko direla.
Formari dagokionez, ohartarazi behar da Parlamentuko Erregistro Orokorrean idatziz aurkeztu ondoren, Legebiltzarreko gobernu-organoak erregelamenduan ezarritako baldintzetara egokitzen den ala ez aztertuko duela, legebiltzar-taldeei helarazi aurretik. Eledunen Batzarrak adierazpen instituzionalak onartzeko ere Mahaiak gauza bera egin beharko du.
Gardentasunaren eremuan eta, transfugismoaren eta hizkuntzaren erabilera inklusiboaren kasuan bezala, Lehendakaritzaren ekimenez, berme berriak ezartzen dira informazioa eskuratzeko eskubidea bete dadin, bai legebiltzarkideentzat, bai herritarrentzat, oro har, kasu guztietan, 5/2018 Foru Legearekin bat etorriz.
Parlamentariei ahozko ez-ohiko galdera bat aurkezteko ahalmena ematen zaie, eta, erantzunaren oinarrien arabera, mozio bat aurkeztekoa ere bai, salaketa gisa, Gobernuak, Foru Administrazioak edo honi atxikitako erakunde, sozietate eta fundazio publikoek informazio-eskaera ukatu dietelako edo ez dietelako erantzunik eman. Ez-egitea foru lege bidez independentzia funtzionalez edo autonomia bereziz hornitutako organismo bati egotz dakiokeenean, haren arduradunak dagokion batzordean agerraldia egin dezan eska daiteke.
Edozein kasutan, eskatutako informazioa emateko epea 10 egunekoa izango da (lehen 20 egun ziren), eta, aldez aurretik eskatuz gero, beste bost egunez luzatu ahal izango da gehienez. Entregatzen denetik 30 egun natural igaro ondoren, edozein parlamentarik informazio hori eskuratzeko aukera izango du, hala eskatzen badu.
Lehendakaritzaren bidez, parlamentariek Europar Batasuneko gobernu-organoetan Nafarroari buruzko informazioa ere bildu ahal izanen dute, lehendik autonomia-erkidegoetako eta Estatuko Administrazioko agintari, organismo eta instituzioetan ere egiten den bezala.
Herritarren kasuan, Nafarroako Parlamentuaren antolamenduari, funtzionamenduari, jarduerei eta araubide ekonomikoari buruzko informaziorako sarbidea (formatu berrerabilgarrian) Gardentasun Atariaren bidez bideratuko da. Atari horrek bilatzaile erraz eta arin bat izango du, bere egoitza elektronikoan gaituko da, eta eskabideak bideratzeko oinarrizko galdetegi bat ere izango du.
Horri dagokionez, eta ezarritako prozeduraren arabera, informazio-eskaerak hilabeteko epean gauzatu beharko dira (eskatutako formatuan), eta bolumenaren edo konplexutasunaren arabera, bi hilabetera arte luzatu ahal izango dira. Lege-mailako arau batek kontrakoa ezartzen ez badu, Mahaiak zehaztuko du zabaldu beharreko datuen eta dokumentuen norainokoa eta zehaztasuna, gai horretako legeriaren arabera.
Testuinguru horretan, erabaki da Lehendakaritzaren menpe dagoen legelari nagusiak zaintzen duen Interesen Erregistroa publikoa izatea. Horrela, legebiltzarkideen ondasunen eta jardueren aitorpena erakundearen webgunean argitaratuko da, XI. legegintzalditik ateratzen den Mahaiak bi hilabeteko epean ezartzen dituen modu eta baldintzetan. Kargu publikoaren izaera galtzen denetik bi urte igaro ondoren, aitorpenak suntsitu egin beharko dira.
Ganberako kideei dagokienez, 2021eko martxoan eratutako Ponentziak Erregelamendu Batzordeari agintzen dio jokabide-kode bat egin dezala, besteak beste, interes-gatazken egoerekin, bateraezintasunen araubidearekin eta jardueren eta ondasunen aitorpenekin lotutako betebeharrak arautzeko, baita horiek ez betetzeak egokitzat jotzen diren ondorioekin lotzeko.
Oro har, Parlamentuko kideak Nafarroako Gobernuko kideentzat eta Foru Administrazioko goi-kargudunentzat ezarritako printzipio etikoen eta jokabide-arauen menpe daude. Era berean, printzipio gidari batzuk errespetatu beharko dituzte, hala nola, osotasuna, zintzotasuna, gardentasuna, arreta, austeritatea, jardun desinteresatua, erantzukizuna eta herritarrekiko eta erakundearekiko errespetua. Horiek guztiak artikulu berri batean jasoko dira. Halaber, Nafarroako instituzioek eta administrazioek antolatzen dituzten ekitaldi eta jardueretan lehentasunezko protokolozko tratua jasotzeko eskubidea izanen dute.
Genero-berdintasunari dagokionez, Parlamentuko Mahaiaren osaera parekidea ezarri da, bi lehendakariordetzak eta bi idazkaritzak sexu desberdinekoak izatea ziurtatzen duten hautaketa-arauak oinarri hartuta. Lehendakaria izendatzeari dagokionez, zehaztu da hirugarren bozketaren ondoren berdinketak jarraitzen badu, azken hori hautagai zaharrenaren alde ebatziko dela.
Lehendakaria eta lehendakariordeak izendatzeari dagokionez, zehaztu da hirugarren bozketaren ondoren berdinketak jarraitzen badu, azken hori hautagai zaharrenaren alde ebatziko dela, eta ez boto gehien jaso dituen hautagai-zerrendaren alde, Navarra Sumak proposatu bezala, zeinaren zuzenketa, idazkaritzetara hedatzen dena – berdinketa hausteak adin txikieneko hautagaia bermatzen du-, inolako babesik gabe baztertu baita.
Babesik gabe ere, bertan behera geratu da talde honek batzordeetako mahaietako kideen hautaketan berdinketak ebazteko formulazio berarekin defendatu duen zuzenketa.
Ganberaren antolaketaren eta funtzionamenduaren esparruan, erregelamendu berria Talde Mistoa berariaz arautzeaz ere arduratzen da. Talde misto horretan sartzen dira parlamentarien elkarteak, 3 ordezkari baino gutxiagoz osatuak, talde parlamentarioa osatzeko gutxieneko kopurua baita.
Eztabaidetan, talde mistoaren hitz-hartzeek talde parlamentarioenen iraupen bera izango dute, eta talde hori osatzen duten alderdi politikoen kopuru-garrantziaren proportzioan banatu beharko da denbora, nahiz eta dagokien denbora elkarri laga ahal izango dieten.
Irizpide hori bera erabiliko da talde mistoak batzordeetan dituen eserlekuak banatzeko. Horretarako, eta kide guztien adostasunarekin, talde mistoak bere proposamena helarazi ahal izango dio Mahaiari, eta hark, akordiorik ezean, bere kabuz ebatziko du. Ponentzietan, ordea, talde mistoa osatzen duten sigla guztiek parte hartu ahal izango dute.
Talde mistoaren bozeramailetza txandaka egingo da, boto gehien lortu dituen hautagai-zerrendatik hasita, eta boto horien proportzioan. Ez da bozeramailerik izango talde mistoa parlamentarioen elkarteek soilik osatzen dutenean.
Talde mistoaren barruan dauden elkarteen ordezkariek Eledunen Batzarraren bilkuretara joateko eskubidea izango dute, hitz egiteko eta boto haztatua emateko. Gainera, Parlamentuko edozein ekimen aurkeztu ahal izango dute, sinadura hutsarekin eta modu pertsonalean, baina elkarteak bere osotasunean sinatutakoek ez dituzte talde parlamentarioei aitortutako efektu berberak izango.
Mahaia arduratuko da talde mistoa osatzen duten elkarteen artean baliabide materialak eta giza baliabideak banatzeaz.
Talde mistoari dagokionez, baina transfugismo jokabideekin lotuta, ezartzen da talde parlamentario bateko kide gehienek hauteskundeetara aurkeztutako hautagaitza aurkeztu zuen alderdi politikoa uzten dutenean edo alderdi horretatik kanporatzen dituztenean (atxiki gabeko parlamentari izatera pasako dirs), alderdi horretan jarraitzen dutenak talde parlamentario horren legezko ordezkariak izango direla.
Horri dagokionez, ez du aurrera egin Navarra Sumak aurkeztutako gehitzeko zuzenketak, Transfugismoaren aurkako Ituna erregelamenduan sartzea proposatzen zuenak. Zehazki, “transfuga” izendatzen zituen hauteskundeetan aurkeztu zituen subjektu politikoa (alderdia, koalizioa edo hautesle-elkartea) traizionatuz, hura utzi, kanporatu edo organo eskudunek ezarritako irizpidetik aldentzen direnak.
Era berean, hala katalogatu nahi zuen, era berean, “koalizio batek sustatutako hautagai-zerrenda batek hautaturiko pertsona baldin eta alderdia uzten badu, diziplinatik bereizten bada edo kanporatua izaten bada, nahiz eta koalizioko beste alderdi edo espazio batean egon, hasieran proposatu zion alderdiaren baimenik edo tolerantziarik gabe”. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, I-E eta PPko ordezkariak kontra bozkatu dute.
Bestalde, parlamentu-taldeartekoei ere berariazko araudia ematen zaie, eta Ganberaren bosten baten ekimenez eratu ahal izango dira. Parlamentu talde bakoitzeko kide batek osatuko ditu, eta koordinatzaile bat izango dute buru, kideen artean boto haztatu bidez hautatua, erabakiak hartzeko erabiliko den boto-mota bera (ponentzietan bezala).
Honako eginkizun hauek izango ditu, besteak beste: ikerketa eta berrikuntza ideologiko eta sozialeko azterlanak eta mugimenduak sustatzea; babes berezia behar duten pertsona edo taldeekiko gizarte-sentsibilizazioa bultzatzea; eta beste herri, herrialde eta kulturekiko elkartasun- eta adiskidetasun-harremanak sustatzea. Bere eskumenetatik kanpo geratzen da legebiltzarreko ekimenak eta izapideak abiarazteko aukera, eta, oro har, Parlamentuaren edo bere organoen jarduera ofizialekin nahas daitekeen edozein zeregin. Taldeartekoen lan-bilerak publikoak izan daitezke, kideen gehiengoak hala erabakitzen badu.
Ponentzietan, berrikuntza gisa, ondorioen txostenei zuzenketak aurkeztea eta eztabaidatzea aurreikusten da (dagokion Batzordean), behin betiko testua Osoko Bilkuraren esku utzi aurretik.
Batzordeei dagokienez, alde batera uzten da batzorde arrunten eta berezien arteko bereizketa, eta bereizi egiten dira legegintzakoak eta espezifikoak. Azken hauek helburu jakin bat izan dezaketenak edo instituzio edo erakunde publiko jakin batzuekin harremanak izateko zeregina dutenak dira. Erregelamenduan ezarritakoez gain, Osoko Bilkurak mota bateko edo besteko batzordeak sortzea erabaki ahal izango du.
Legegintzako batzordeak Nafarroako Gobernuko departamentuei dagozkienak izango lirateke, gehi Foru Araubideari, Bizikidetza eta Nazioarteko Elkartasunari eta Erregelamenduari buruzkoak. Espezifikoak Ikerketenak eta Eskaerenak lirateke.
Legegintza-prozedurari dagokionez, berariaz baztertutako irizpenak eta irizpen negatiboak, hau da, inolako arau-testurik onartzen ez dutenak, osoko bilkurara iritsi gabe indargabetuko dira. Baita gehiengo osoa behar dutenak ere, baldin eta epe barruan ez bada ez zuzenketarik ez boto partikularrik aurkeztu. Era berean, adierazten da ez direla onartuko osoko zuzenketekin identifikatzen diren zuzenketa partzialak, oro har, literaltasunari lotu beharrik gabe.
Legegintza-teknikaren ildotik, eta “arauen kalitatea eta segurtasun juridikoa” bermatze aldera, Navarra Sumak proposamenak lege-proiektuekin parekatzea planteatu du, “txostenak eta aurrekariak egiteari dagokionez, behin eta berriz egiten diren lege-iruzurrak saihesteko”. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E kontra agertu dira.
Bestalde, Erregelamendu berriak aurrez aurrekoak ez diren bilkurak edo saio mistoak arautzen ditu (legebiltzarkideen lekualdatzeko gaitasuna larriki kaltetzen denean edo deitu beharreko pertsonek edo erakundeek hala eskatzen dutenean), eta lana, bizitza pertsonala eta familia-bizitza uztartzea errespetatuko duen egutegiarekin konprometitzen da. Era berean, botoa eskuordetzeko kasuak zabaltzen dira amatasun- edo aitatasun-baimenak dituztenentzat, arriskuko haurdunaldiak jasaten dituztenentzat, lehen mailako ahaide baten heriotzaren kasuan (aurreko bi egunetan gertatu bada) edo lehen mailako ahaide bat gaixotasun larriren batengatik ospitaleratuta dutenentzat.
Halaber, Europako Parlamentuan eskaerak egiteko eskubidea jasotzen da eta mozioak betetzen direla kontrolatzeko sistema bat ezartzen da; horren bidez, gobernuak kontuak eman ahal izango dizkio dagokion batzordeari, eta batzordeak Gobernuaren jarduera epaitu ahal izango du.
Interpelazioei dagokienez, interpelatzaileak eta erantzuteko ardura duen Gobernuko kontseilariak aurrez aurre jarraituko dute (10 eta 5 minutuko txandak gehienez), eta 5 minututik 3 minutura murriztuko da gainerako taldeek esku hartzeko duten denbora-muga – nahitaez eserlekutik –, eta Gobernuari beste 5 minutuz erantzuteko aukera emango zaio. Arrakastarik gabe, Navarra Sumak proposatu du taldeen esku-hartzea ekimenaren titularrarenera murriztea, gainerakoenak kenduta.
Azkenik, Arartekoari dagokionez, bere txostenak, urteko memoria barne, Foru Araubideko Batzordean bakarrik aurkeztuko dira (Osoko Bilkuran ez da errepikatuko). Kontuen Ganberako lehendakaria aukeratzeari dagokionez, hiru bozketaren ondoren berdinketa gertatuz gero, hautagairen zaharrenaren alde ebaztea arautzen da (gauza bera Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoaren zuzendaria hautatzerakoan).
Erregelamenduaren testu bategina 2011ko irailaren 12an onartu zuen Mahaiak eta 2011ko irailaren 15ean Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Testuak zehatz-mehatz arautzen ditu Ganberaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko gai guztiak.
2011koa izan zen Erregelamenduaren azken aldaketa sakona. Berrikiago, 2020ko irailean, erreforma puntual bat onartu zen, kasu honetan interpelazioak (taldeen txandaketa eta taldeen tamainaren araberako kupoa) antolatzeko alde batetik, eta adierazpen instituzionalak aho batez onesteko beharra ezarriz, bestetik.
Erregelamenduaren erreforma, zehaztuz gero, foru lege proposamenen arauen arabera formulatu eta izapidetutako proposamen bat aurkeztuz gauzatu beharko da (nahiz eta Nafarroako Gobernuaren esku-hartzerik gabe), eta Erregelamenduko Batzordeak izanen du irizpena egiteko eskumena. Osoko Bilkurak onartutako testu osoari buruzko azken bozketan, legebiltzarreko kideen gehiengo osoa beharko da.
Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduak Ganberako barne bizitza sistematizatzen du. Arau- eta funtzio-autonomiaren adierazpena da, eta Parlamentuko lanen garapen ordenatua bermatzeko hainbat arau ditu, bai eta lehendakariak, mahaiak edo osoko bilkurak arau horiek hausten dituztenei ezar diezazkiekeen zehapenak ere.
Batzordean egindako eztabaidan, eztabaidatutako 26 zuzenketetatik 3 onartu dira (2 in voce), 18 Navarra Sumak eskatuta, 7 I-Ek eskatuta, eta 1 PSNk, Geroa Baik eta EH Bilduk eskatuta.
Aintzat hartu eta irizpena eman ondoren, Erregelamendu berriaren proposamena Osoko Bilkurara bidaliko da, ziurrenik martxoaren 16an, behin betiko eztabaidatu eta bozkatzeko. Onartzeko, Legebiltzarreko kideen gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da.
Unai Hualde buru izan duen ponentzia honako parlamentariek osatu dute: Marta Álvarez (titularra), Juan Luis Sánchez de Muniáin (Navarra Suma), Virginia Magdaleno (titularra), Arantza Biurrun (PSN), Blanca Regúlez (titularra), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Adolfo Araiz (titularra), Maiorga Ramírez (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (titularra), Mikel Buil(Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra). Silvia Domenech legelari nagusiak idazkari lanak egin ditu. Erabaki guztiak boto haztatuaren bidez hartu dira.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Proposamena (19. NPAO, 2023-02-06koa)
- Zuzenketak (35. NPAO, 2023-03-03koa)
Archivos adjuntos