Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Otsailak 23

Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordea bisitan joan da Ribaforadako institutu berrira

2017an proiektatua, urtarrilaren 12tik martxan eta 360 ikaslerentzako edukierarekin, Fustiñana eta Cabanillasko ikasleen premia akademikoei ere erantzuten die

 

Geroa Bai talde parlamentarioak eskatuta, Hezkuntza Batzordeak bisita egin du gaur Ribaforadako DBHIra. Ikastetxe hori eraiki berria da, udalerri horretako eskolatze-beharrizanei eta, hedaduraz, Fustiñana eta Cabanillaskoei erantzuteko. Hilabete honetan jarri da abian El Cierzo institutua, eta bigarren fase batean bere ahalmena handituko badu ere, hirugarren (2022/23) eta laugarren(2023/24) mailetako ikasleak hartzeko, gaur egun 126 ikasle eta 19 irakasle ditu.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Pedro González, Raquel Garbayo eta Javier García (Navarra Suma talde parlamentarioa), Jorge Aguirre (PSN talde parlamentarioa), María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Txomin González (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Parlamentuko ordezkaritzari harrera egin diote institutuko zuzendari Eva Bernadek, ikasketaburu Alberto Fernándezek eta idazkari Gabriel Lópezek.

 

Bisitaren helburua, María Solanak sarrera-hitzaldian azaldu zuenez, izan da in situ ezagutzea El Cierzo institutuaren ezaugarriak, hezkuntza-eskaintza (DBHko 1. mailako 3 lerro eta 2. mailako bi) eta instalazioak, 2017ko apirilean eraikitzea erabaki zen –obren kostua 4.051.310,58 eurokoa izan da– institutuaren aldeko apustua berresteko.

 

Jarraian, parlamentariek bisita gidatua egin dute ikastetxean barrena eta, zuzendaritza taldeak lagunduta, egiaztatu ahal izan dute liburutegiaren eta gainerako ikasgela berariazkoen egokitasuna (musika, informatika, tailerra, laborategia eta abar), bai eta irakasleentzako eremuen eta gune orokorren funtzionaltasuna ere.

 

Ondoren, eta gimnasio berekia ez izatearen eragozpenak nabarmendu ondoren, San Bartolomé ikastetxe publikoarena partekatzen baitute, Eva Bernadek adierazi du pozik daudela proiektu hau abian jarri izanaz, ulertzen baitu bat datorrela Ribaforada, Fustiñana eta Cabanillasko eskoletako guraso elkarteen eskakizunekin. Izan ere, horrela saihesten da beren seme-alabek Tuterara joan behar izatea, kontuan hartu gabe, bestalde, Tuterako institutuak matrikula kopuruaren mugan zeudela.

 

El Cierzok 360 ikaslerentzako edukiera du, eta egungo ikasleen % 60 Ribaforadakoa da. Beste % 30 Fustiñanakoa da eta gainerakoak Cabanillaskoak, baina “epe ertainera, nahiko toki dagoenez, erronkak izan beharko luke Batxilergoa jartzea eta Buñuel, Cortes eta, beharrezkoa balitz, Ablitasko ikasleak ere erakartzea”.

 

Epe laburragoan, helburua da proiektua sendotzea eta matrikula kopurua areagotzea, eta xede horrek egingarria ematen du, gertutasuna, dotazioak eta hezkuntza-programa kontuan hartuta. “Institutua pasa den ikasturtean jarri zen abian, ikastetxe publikoak utzitako tokian. Aldaketa urtarrilean egin da eta, hori eta pandemiaren ondorioak direla-eta, bada atzera egin ahal izan duenik ere. Bere garaian, familien % 85ek hartu zuten beren seme-alabak ElCierzora eramateko konpromisoa.  Badirudi hazten joanen garela”, esan du Alberto Fernándezek.

 

Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Izquierda-Ezkerrako eledunek beren poza agertu dute institutu hori gauzatzea lortu izanagatik, are gehiago gainditu behar izan diren askotariko zailtasunak izanda.

 

Ribaforadako El Cierzo DBHIko obrak, 4.05 milioi euroko aurrekontuarekin, 2019ko urriaren 2an hasi ziren eta 2020ko udazkenean amaitu. Erronkari kalean dago eta 2.779 metro koadroko azalera eraikia du. DBHko 1. mailako 3 lerro eta 2. mailako 2 lerro ditu. Laster zabalduko da 3. eta 4. mailetarako (2022/23 ikasturtean eta 2023/24 ikasturtean, hurrenez hurren). 360 ikaslerentzako edukiera du eta gaur egun 126 ikaslek ikasten du bertan. Lanak Passive House irizpideen arabera egin dira, efizientzia energetiko hobea bilatze aldera.