Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Ekainak 5

Nafarroako Parlamentuko jokabide-kodea aztertzeko eta onesteko ponentzia bat sortzea onetsi da

Ganberaren Erregelamenduaren 26.2 artikuluan jasotako aginduarekin bat etorriz

Erregelamendu Batzordeak “Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 26.2 artikuluan jasotzen den jokabide-kodea aztertzeko eta onesteko” ponentzia bat sortzea onetsi du gaur aho batez.

 

UPNk, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek egindako proposamenaren arabera, ponentziaren formatuak esparru egokia eskaintzen du Ganberaren barne bizitza arautzen duen estatutuaren 26.2 artikuluaren "garapena sakonki jorratzeko".

 

Indarrean dagoen eta 2023ko martxoaren 16an onetsi zen Erregelamenduaren 26.2 artikuluak honela dio:

 

Erregelamendu Batzordearen eginkizuna izanen da jokabide-kode bat onestea. Jokabide-kode horrek arautu beharko ditu, gutxienez, interesak, bateraezintasun araubidetik eta jarduera eta ondasun aitorpen-agirietatik eratorritako eginbeharrak betetzea eta urraketa kasuetarako prozedura eta ondorioak.

 

Erregelamenduaren 64. artikuluaren arabera, Ponentzia agindu zaion lana bukatu arte arituko da lanean, eta lan hori amaituta eta txosten batean jasota egon beharko da ponentzia eratu eta sei hilabeteko epe luzagarrian. Erabaki guztiak boto haztatuaren bidez hartuko dira.

 

Zentzu horretan, talde parlamentarioek eta parlamentarien elkarteek ekainaren 13ko 12:00ak arteko epea dute talde bakoitzeko ordezkari eta ordezko bat izendatzeko.

 

Unai Hualde buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak honakoak izan dira: Javier Esparza, Yolanda Ibañez, Ángel Ansa, Ana Elizalde (UPN), Inma Jurío, Ainhoa Unzu, Ibai Crespo (PSN), Mikel Zabaleta, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Blanca Regúlez, María Solana (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN) Daniel López (Contigo-Zurekin), eta Maite Nosti (Vox).