Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren aldaketa
Erregelamendu Batzordeak aho batez onetsi du gaur Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren aldaketa, gradu- eta antzinatasun-osagarriak eta familia-laguntza aitortze aldera, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2019ko ekainaren 20ko epaiarekin bat eta epai horretan adierazitako zertzeladekin.
Urriaren 23ko 4/2019 Foru Lege-dekretuak –Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloko neurri urgenteak onesten dituenak– jasotzen duen era bertsuan (foru lege-dekretu hori azaroaren 21ean baliozkotu zuen Nafarroako Parlamentuak, aho batez), Legebiltzarrak ofizioz ordainduko die administrazio araubideko langile kontratatuei gradu-ordainsaria (salbu eta beste administrazio publiko batetik jasotzen badute), 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera eta lau urteko atzeraeraginezko efektu ekonomikoekin (2015eko urtarrilaren 1etik aurrera), kasu bakoitzean aitortutako antzinatasunaren arabera.
Horretaz gainera, Nafarroako Parlamentuak prestakuntza-promozioan dauden langile funtzionarioei edo jarduneko egoera berezian daudenei eskubidea aitortzen die, gradu-osagarriaren kontzeptuan kobratzekoa betetzen ari diren lanpostuaren mailako langileek jasotzen duten zenbateko bera. Alegia, osagarria kalkulatuko da pertsona horrek betetzen duen lanpostuaren mailaren oinarrizko soldataren arabera, jabetzan duen lanpostuaren maila baxuagoa denean ere.
Gradu-aitorpenaren efektuak atzeraeraginez hedatzeak berekin dakar legegintza bidez baliozkotzen direla aitorpen hori iraganean Nafarroako Parlamentuko langile kontratatuei ukatu zieten administrazio-ebazpenak.
Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren aldaketak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan hartuko du indarra.
Batzordean izandako eztabaidan zehar indar politiko guztiek sinatutako zuzenketa bat onetsi da, aho batez, zeinak, Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordearekin lortutako akordioari jarraikiz, bigarren xedapen gehigarrirako proposatutako testu berria ezabatzen baitu; azken horretan proposatzen zen Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatuturako igorpena egitea “Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuan aurreikusten ez zen” guztiari dagokionez.
Bilkurak Unai Hualde (Geroa Bai talde parlamentarioa) izan du buru, eta bertara honako hauek ere agertu dira: Marta Álvarez, Jorge Esparza, Yolanda Ibáñez, Carlos Pérez Nievas, Juan Luis Sánchez de Muniáin, José Suárez (Navarra Suma talde parlamentarioa), Inma Jurío, Virginia Magdaleno, Carlos Mena, Arantza Biurrun (PSN talde parlamentarioa), Blanca Regúlez, Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Maiorga Ramírez, Adolfo Araiz, Bakartxo Ruiz, Laura Aznal (EH Bildu talde parlamentarioa ), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa).
-
Mozioa (46. NPAO, 2019-12-10ekoa)
-
Zuzenketa (51. NPAO, 2019-12-17koa)