Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Urriak 19

Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren aldaketa onetsi da

Erregelamendu Batzordean onetsia. 2021eko urriaren 19an

Erregelamendu Batzordeak gaur Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren aldaketa onetsi du, legegintza-eskumen osoa baitu.  Aldaketaren helburua da administrazio parlamentarioa birmoldatu eta modernizatzeko prozesuari jarraipena ematea. Prozesu hori antolaketa-erregelamenduaren aldaketarekin hasi zen.

 

Langileen Estatutuaren testu berria Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin atera da aurrera. EH Bilduk aurka bozkatu du eta I-E ez da bilkuran egon.

 

Nafarroako Parlamentuaren Langileen Estatutuaren aurreko aldaketa 2019ko abendukoa da, gradu eta antzinatasun osagarrien inguruko aldaketa, hain zuzen, baita familia-laguntzarena ere, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2019ko ekainaren 20ko epaiarekin bat etorriz.

 

Parlamentuko Langileen Estatutua da antolaketaren eta langileen alorrean autoaraugintza-printzipioa ezartzen eta bermatzen duen oinarrizko araua, Parlamentuaren autonomiaren printzipio orokorretik eratorrita. Lege-maila eta -indarra dauzka, Konstituzio Auzitegiak nahiz Auzitegi Gorenak adierazi izan duten bezala.

 

Erregelamenduaren 58. artikuluaren arabera, Erregelamendu Batzordea osatzen dute Legebiltzarreko lehendakariak, Unai Hualdek -hura da batzordeko lehendakaria-, Mahaiko gainerako kideek -haiek osatzen dute batzordeko mahaia- (Yolanda Ibáñez, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Navarra Sumakoak biak, Inma Jurío, PSNkoa eta Maiorga Ramírez, EH Bildukoa), eta parlamentu-taldeek izendatzn dituzten 15 foru parlamentariek.

 

Azken horietatik bertaratu direnak izan dira Marta Álvarez, Carlos Pérez Nievas, José Suárez, Jorge Esparza (Navarra Suma), Virginia Magdaleno, Arantza Biurrun, Carlos Mena (PSN), Blanca Regúlez, Isabel Aranburu (Geroa Bai), Adolfo Araiz (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).