Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Azaroak 30

Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren erreforma

Erregelamendu Batzordeak onetsi du. 2022ko azaroaren 30ean 

Erakundeak duen arau-autonomia baliatuta, Erregelamendu Batzordeak gaur Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren erreforma onetsi du.

 

20/2021 Legearen ondorioz 19/2022 Foru Legean gaitu diren egonkortze-prozesuen arabera plaza hutsak betetzea ahalbidetzeko borondateari erantzuten dio lege-mailako arau honek, behin-behinekotasun tasa altuak murrizte aldera.

 

Zehazki, bost aldaketa egin dira Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuan, erakundearen legegintza-autonomia baliatuz eta Gorte Nagusietan Europako Batzordearen eskariz hasitako prozesua burutzeko.

 

Lehengoaren bidez Estatutuaren 4. artikulua aldatzen da, eta horren bidez ezartzen dira aldi baterako langileak administrazio-araubidean kontrataturik egoteko gehienezko epeak, bai eta epe horiek ez betetzeak dakartzan ondorioak ere. EH Bilduk aurkako botoa eman du eta I-Ek abstentzioa.

 

Bigarrenik, 9. artikulua aldatzen da oposizio-lehiaketaren faseen ordena aldatzeko aukera jasotzeko, efizientzia arrazoiek hala justifikatzen dutenean. EH Bilduk eta I-Ek aurkako botoa eman dute.

 

Bestalde, xedapen gehigarri berri bat gehitzen da, hamaikagarrena, zeinean aurreikusten baita merezimendu-lehiaketaren edo oposizio-lehiaketaren bidez aldi baterako enplegua egonkortzeko aparteko deialdiak egiteko aukera, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz, eta, halaber, arautzen baita egonkortze prozesuak ez gainditzearen ondoriozko konpentsazio ekonomikoa. PSNk eta Geroa Baik alde bozkatu dute, Navarra Suma eta I-E abstenitu egin dira eta EH Bilduk aurka bozkatu du.

 

Horretaz gain, beste xedapen gehigarri bat gehitzen da, hamabigarrena, zeinaren bidez behin-behinekotasuna kontrolatzeko neurriak ezartzen baitira. PSNk eta Geroa Baik alde bozkatu dute, Navarra Suma eta I-E abstenitu egin dira eta EH Bilduk aurka bozkatu du.

 

Azkenik, beste xedapen gehigarri bat gehitzen da, hamahirugarrena, legezko estaldura emateko Nafarroako Parlamentuan funtzio publikora sartzeko hautaprozeduretan parte hartzeko eskubideengatiko tasa bat ezartzeari. EH Bilduk aurka bozkatu du eta I-E abstenitu egin da.

 

Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua Ganberaren autonomiaren printzipio orokorraren arabera antolaketa eta pertsonalaren arloan autonormazioaren printzipioa ezarri eta bermatzen duen lehen araua da. Haren maila eta indarra legearena da, Konstituzio Auzitegiak eta Auzitegi Gorenak deklaratu duten bezala.

 

Erregelamenduaren 58. artikuluak jasotzen duenez, honako hauek osatzen dute Erregelamendu Batzordea: Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek (batzordeburua), Parlamentuko Mahaiko gainerako kideek (Yolanda Ibañez, Juan Luis Sánchez de Muniain, biak Navarra Sumakoak, Inma Jurío, PSNkoa, eta Maiorga Ramirez EH Bildukoa), eta Batzordea berariaz osatzen duten hamabost parlamentariek.

 

*Podemos-Ahal Duguk ez du bilkuran parte hartu.