Nafarroako Parlamentuko lehendakari Elena Torres Mirandaren oharra, Gobernuak Nafarroan duen ordezkariaren etxebizitzari egin zaion erasoa gaitzestekoa
Bart eraso egin diote Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Vicente Ripak Miranda-Argan duen etxebizitzari. Eraso horrek, Ripa jaunaren eta bere familiaren segurtasunari eta osotasun pertsonalari zuzendutako indarkeriazko ekintza den aldetik, guztiz arbuiatua eta gaitzetsia behar du izan.
Horregatik, Nafarroako Parlamentuko lehendakari gisa, eta nafar guztiok ordezkatzen gaituen erakunde honen izenean, Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Vicente Riparen etxebizitzari egin zaion erasoaren gaitzespen irmoa adierazi nahi dut, eta nire elkartasun pertsonala helarazi, Nafarroako Parlamentuan diharduten gainerako indar demokratikoena ere badena, berari eta bere familiari.
Berriro ere aldarrikatu beharra dago indarkeriazko ekintzek ezin izanen dutela ahuldu ordezkaritza politikoaren alde ezberdinetatik herritarrak ordezkatzen ditugunon borondatea. Era berean, ekintza horiek ezin izanen dituzte guk dauzkagun uste demokratiko sendoak desbideratu ildo argi batetik; hain zuzen, gure artean sorturiko desadostasunak zuzenbide estatu batean aurreikusita dauden tresnen bitartez ebatzi behar izatetik. Zuzenbide estatu hori guretzat eraiki dugu, eta indarkeriazaleen ekintzen gainetik tinko defendatzen dugu eta defendatuko dugu.
Nafarroako Parlamentu honetatik, non hitza eta askotariko alderdi politikoen arteko elkarrizketa eta eztabaida gure argudiorik onena baitira herritarrek eskatzen dituzten hobekuntza sozialak lortzen laguntzeko, bide demokratikoen aldeko apustua egiten segituko dugu gure gizartearen aurrerabidea bermatu ahal izateko, eta indarkeriazaleen mehatxuek ez digute ukatuko guk bakean bizitzeko eta gure ideiak askatasunez adierazteko daukagun eskubidea.