Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio Nafarroako Kutxa Fundazioaren Patronatu berriari
Patronatuko kide guztiak uztailean berritu ziren, Parlamentuko Osoko Bilkurak aurtengo urtarrilaren 20an onetsitako arauketa berriari jarraikiz
Nafarroako Parlamentuak, Unai Hualde Iglesias lehendakariaren bidez, gaurko egunean harrera egin dio uztailean eratu zen Nafarroako Kutxa Fundazioaren patronatu berriari. Hitz-ordura honako hauek agertu dira: José Ángel Andrés Gutiérrez lehendakaria, Juana García Santamaría lehendakariordea eta patronatukideak, honako hauek: Pilar Aramburo, Mercedes Ferro, Javier Onieva (Nafarroako Parlamentuak izendatuak); Estrella Lamadrid, Isabel Moreno (Nafarroako Gobernuak izendatuak) eta José Luis Martín Nogales (Iruñeko Udalak izendatua).
Patronatu hau da joan den apirilean berritu ziren estatutuetan aurreikusitako eraketa berriaren arabera izendatutako lehena. Estatutuak egokitu dira Fundazioaren arauketa esparru berrira, banku fundazioa izateari utzi eta foru araudiak arautua egotera igaro ondoren.
Patronatua osatzeko hautatutakoen agintaldia sei urtekoa bada ere, lehenbiziko berriketa honetan, salbuespenez, Patronatuko lau kidek, hain zuzen ere entitate sortzaileek (Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala) proposatutakoek, hiru urteko agintaldia izanen dute.
Neurri horrek ekiditen du kide guztiak aldi berean berritu behar izatea eta bermatzen du entitatearen gobernu-organoaren lanen jarraitasuna, hiru urtetan behin Patronatuaren errelebo partziala izatea sustatuz.
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek adierazi du Parlamentua prest dagoela Nafarroako Kutxa Fundazioaren gizarte-lan garrantzitsuarekiko lankidetzan jarraitzeko. Hualdek gogorarazi du Fundaziorako onetsi den berariazko legearekin, orain Patronatuak Parlamentura agertu behar duela bere aurrekontua eta jarduera azaltzeko. “Formalismo horrek erraztuko du Fundazioak egiten dun gizarte-lana hurbilagotik ezagutzea”.
Bere aldetik, Patronatuko lehendakari José Angel Andrések adierazi du gardentasunaren aldeko konpromisoa duela eta prest dagoela Parlamentura agertzeko eta Parlamentuko batzordeak Fundaziora bisitan joateko, bertan garatzen diren proiektuak gertuagotik ezagutzera. “Gure eginkizuna da gizarteari modu aktiboan entzutea, Nafarroa, gizarte anitza eta askotarikoa den heinean, hobetzeko asmoz. Gure gizartearen erronka berriei erantzun behar diegu. Hortik dator gure konpromisoa, gure Erkidegoko herritarrak ordezkatzen dituen organoarekin, Parlamentuarekin alegia, elkarlanean aritzeko".
Parlamentuak eta Patronatuak bi alderdien interesekotzat jo dute aldian behin bilerak egitea, bertako lanen berri edukitzeko.